Xabier Leteren artxiboa eskuratu dau Gipuzkoako Foru Aldundiak

Bizkaie! 2016-06-15 08:38   Kulturea

Idazle eta kantari ezagunaren memoria jagon eta zabaltzeko asmoa dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako, Leteren idatziak, kuadernoak, diskoak, liburuak, gutunak eta abar lortu ditu.

Denis Itxaso eta Anjel Lertxundi idazlea, Leteren artxiboaren ganeko azalpenak entzuten (argazkia: GFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Xabier Lete oiartzuarra (1944-2010), eragin handiko artistea izan zan bere sasoian: Euskal kantagintzea modernizau eban Ez Dok Amairu taldeko kidea izan zan eta, horren ostean, idazten eta kantetan segidu eban. Haren ondare dokumentala jaube pribaduen esku egon da orain arte eta osorik jaso dau Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Besteak beste, 3.000 disko eta liburu baino gehiago, 80 karpeta, 23 kuaderno, 500 kartel eta foileto eta 400 bat gutun dagoz artxiboan. Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputaduak funts horren garrantzia azpimarratu dau: Lete poeta unibersala izan zan eta, ganera, artxiboa bere osotasunean heldu jaku. Esku pribaduetan segidu ezkero, jaube ugariren artean zatitzeko edo gordeta geratzeko arriskua egon dala ganeratu dau Itxasok.

Leteren ondarea ez eze, neurri baten Lourdes Iriondorena be badala zehaztu dau Itxasok eta, hortaz, artxiboari izen hori gehitzea be aztertu behar dala. Iriondo be kantaria, idazlea, kultur eragilea eta Ez Dok Amairuko kidea izan zan eta Leteren emaztea izan zanez, haren idatzi batzuk be badagoz artxiboan. Kulturea eta baloreak buztartzen jakin eben persona bi izan ziran, dino Kultura diputaduak.

Balio literrio handiko funtsa da Xabier Leterena. Besteak beste, gerora ezagun egin diran kanten zirriborroak dagoz, baita argitaratu bako poema eta ipuinak be. Horren guztiaren katalogazinoa egiteaz arduratuko da Alex Gurrutxaga, Xabier Leteren lan poetikoaren inguruko tesia idazten dabilelako. Bestetik, urte bian behin, beka bat emoteko asmoa dauka Foru Aldundiak, funtsak aztertu nahi dituenentzat.

Jasotako ondare dokumental zabala ikertzea eta gizarteari erakustea izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren zeregina. Ganera, foru erakundearen historia eta garapena ulertzeko ezinbestekoa izango da artxiboa, Itxasok nabarmendu dauenez. Izan be, Gipuzkoako Kultura zuzendari, eta gero diputadu, izan zan Xabier Lete 1980ko hamarkadan. Kulturea bultzatzeko moduak asko garatu ziran Lete karguan egon zan artean eta azpiegitura kultural garrantzitsuak sortu ziran, Itxasok gogora ekarri dauenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu