'Mongongo Dassanza: albaitaritzako idazlanak' liburua webgunean ipini dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2016-06-10 08:49   Euskerea berbagai

Txomin Peillen euskaltzaina izan da liburuaren paratzailea, baina 1692an Mongongo Dassanzak lapurteraz idatzitako lanean oinarritu da. Euskaltzaindiaren webgunean osorik irakurteko moduan ipini dabe (hemen).

Bagilaren 4an Maule-Lextarren azalpenak emon zituan Peillenek, Andres Urrutia euskaltzainburuak lagunduta | Ikusi handiago | Argazki originala

Donibane Lohizuneko kimikari bat izan zan Mongongo Dassanza eta abereak osatzeko jarraibideen liburua idatzi eban 1690 inguruan, Euskaltzaindiak azaldu dauenez. Lan hori Lapurdiko euskeraz idatzi eban. Adituek uste dabe, Dassanzaren liburua 1583ko L´Agriculture et la maison rustique obran oinarrituta dagoala, sasoi haretan erreferentziazko lana zan eta.

Dassanzak idatzitako lan originala galduta dago, zati batzuk baino ezin izan dira berreskuratu. Baina 17. mendeko liburu horretan oinarritutako lau idazlan gorde dira eta horreen bidez Dassanzak idatzitakoaren inguruko datu asko jakin leitekez. Txomin Peillen euskaltzainak horreek lau liburuak aztertu ditu eta animaliak osatzeko emoten diran bideak antolatu ditu. Holan sortu da Mongongo Dassanza: albaitaritzako idazlanak (1692-1892).

Abereak osatzeko errezeta bakotxari jagokon azalpena ipini deutso Peillenek eta, ondoren, hurrenkera logiko baten ipini ditu. Holan, Dassanzaren lanean oinarritutako lau liburu, bakar baten batu ditu. Izenburuak dinoan legez, horreek testuak 1692 eta 1892 bitartean idatzi ziran, gitxi gorabehera.

Lauretatik zaharrena, Baigorrin 17. mendearen amaieran idatzia, Dassanzaren lanaren garaikidea da. Hori bai, Donibane Lohizunekoan oinarrituta egon arren, Baigorrikoa behe-nafarreraz idatzita dago. Peillen-Barkoxeren eskuizkribua, 18. mendekoa, da hurrengo idazlana, hori lapurteraz egina. Barriagoak dira liburuaren beste iturri biak. Batetik, Garaziko Bertrand Goyenetchek 1830-31n idatzitakoa. Bestetik, 1891 aldean Amikuzeko Jauregiberryk argitaratutakoa.

Euskaltzainak bildumearen barruan argitaratu dau Txomin Peillenek Mongongo Dassanza: albaitaritzako idazlanak (1692-1892), Euskerearen Erakunde Publikoaren laguntzinoagaz. Aurrerantzean, papelean ez eze, interneten be irakurri ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu