Badator Augustin Zubikarai XVI. Saria

Bizkaie! 2016-06-10 09:00   Kulturea

Proiektuak irailaren 30era arte bialdu daitekez mrey@ondarroakoudala.net helbide elektronikora. Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta horreen arteko bat izentauko dau irabazle urriaren 31 baino lehen.

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak euskal kulturea aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko Augustin Zubikarai sariaren 16. deialdia egin dabe. Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketea izan zana 2010ean formatua aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zan.

Ordutik, antolatzaileek gogorarazo dabenez, ondokoak izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituen lanak: Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume); Itxaso Araque, Damutzen ez direnak; Garbiñe Ubeda, Hobe isilik; Garazi Kamio, Orube abandonatuak; Jasone Osoro, 12etan bermuta; eta Miren Gorrotxategi, 33 ezkil (udagoien honetan argitaratzekoa).

Deialdira eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu daitekez, jatorrizkoak eta euskeraz sortuak, beste inondik moldatu bakoak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez diranak, eta beka hau behin irabazten dauenak ezingo dau barriro parte hartu.

Parte-hartzaile bakotxak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuetan: landu nahi dauen kontakizunaren azalpena, 2.000-6.000 karaktere bitartekoa, egoki eretxitako ezaugarriak zehaztuz; idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osotzen dauena; eta egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneauta.

Proiektuak irailaren 30era arte bialdu daitekez mrey@ondarroakoudala.net helbide elektronikora. Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta horreen arteko bat izentauko dau irabazle urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar besteko kalidaderik ez dabela eretxi ezkero, bekea emon barik itxi leike epaimahaiak.

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak pagauko deutso irabazleari era honetara: bekearen diru kopuruaren erdia, irabazle izentau ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan.

Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazoteko. Luzera aldez aurretik zehazten gatxa izan erren, liburua osotzeko beste izan beharko dau: 150.000 karaktere gitxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango baleu, epaimahaikoei jakinarazo beharko deutse aldaketearen barri eta euren onespena jaso. Horrezaz gan, lanaren martxaz jakinaren gainean izango ditu antolatzaileak.

Azken buruan, idazleak bere lana entregauko ez baleu, edo idazlanaren nortasuna eta kalidadea, epaimahaikoen eretxiz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen eskasagoak balira, idazleak itzuli egin beharko leuke jasotako dirua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu