Euskal Hedabideen Behategia sortu dabe

Bizkaie! 2016-06-09 08:57   Euskerea berbagai

Euskerazko komunikabideen eragina neurtzeko eta sektorearen arazoak zein aukerak aztertzeko sortu dabe Behategia. Webgunean txosten, mapa eta datu piloa ipini ditue, euskal hedabideen gaur egungo egoerea zehatz-mehatz erakusteko.

Behategiaren webguneko atal bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Hekimen, Euskal Hedabideen Alkartea, da proiektuaren bultzatzailea, EHUgaz, Deustuko Unibersidadeagaz eta Mondragon Unibersidadeagaz batera. Behategia antena bat izatea nahi dabe, hedabideen mundura zuzendutako antenea eta baita euskeraz lan egiten daben komunikabideen eragin kualitatiboa eta kuantitatiboa neurtzeko antenea be, euren esanetan.

Dozenaka hedabide kontuan hartzen ditu Behategiak, Euskal Herri guztikoak. Hedabide ezagun eta handienetatik hasi (ETB, Berria, Argia...) eta herrietako aldizkari txikietaraino, danak batu ditue euren azterlanetan. Ganera, paperezko aldizkari eta egunkariak, fanzineak, irratiak, telebistak, interneteko atariak... formatu guztiak aintzat hartzen ditue.

Adituen zerrenda luzea be badabil Behategiaren inguruan. Unibersidadearen arlokoak dira eta euskerazko hedabideakaz zein euskalgintzeagaz lotura estua daukie gehienek.

Hedabideen audientziak eta eragina neurtzen dituen azterketak, adituen gogoetak eta abar batu ditue webgunean. Era berean, mapen bidez, hedabide bakotxaren kokagunea eta beste ezaugarri batzuk kolpe bakarrean ikusi leitekez. Amaitzeko, gaiagaz lotuta dagozan albisteak batzen ditue, Euskal Herrikoak zein beste leku batzuetakoak.

Heburu ugari daukaz Behategiak, proiektuaren bultzatzaileek azaldu dabenez: Alde batetik, hedabideek euskaldunen komunidadea trinkotzeko daukien gaitasuna azpimarratu nahi dabe. Bestetik, jenteagana heltzeko daukien gaitasuna neurtzea be bada asmoa. Horrezaz gan, gaur egungo egoeran euskal hedabideek daukiezan aukerak eta arazoak aztertuko ditu Behategiak eta alternatibak bilatuko ditu. Hedabide eraginkorragoak lortzeko proposamenak egitea be bada zereginetako bat.

Beraz, Behategia tresna bat dala dinoe bultzatzaileek, baita espazio bat be, administrazinoen eta arlo akademikoaren parte-hartzea errazteko. Hekimenek eta hiru unibersidadeek hitzarmena sinatu dabe eta, horren arabera, webgunea sortu ez eze, hainbat erronkari aurre egingo deutsie. Adibidez, datutegi bat osotutea eta audientziak modu zehatzagoan neurtzeko tresnak sortzea dagoz erronken artean. Ganera, euskerazko komunikabideei bultzadea emoteko bide barrien bila, gogoetea egingo dabe eta erakundeen arteko zubilana be bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu