Berbaldiak eta bisitaldi gidatuak egongo dira hilaren 9an Euskadiko Artxibo Historikoan

Bizkaie! 2016-06-07 08:40   Kulturea

Artxiboen Nazinoarteko Eguna da bagilaren 9a eta ospakizun horregaz bat egingo dau Euskadiko Artxibo Historikoak. Herritarrek Bilboko eraikinaren funtzionamendua ezagutu ahal izango dabe, dobako bisitaldi gidatuetan.

Artxibo Historikoaren fatxadea | Ikusi handiago | Argazki originala

Bisitaldietan parte hartzeko, aurretik izena emon behar da, helbide honetan: eah-ahe@euskadi.eus. Hilaren 8ra arteko epea dago izena emoteko. Eguenean, Artxiboen Nazinoarteko Egunean, txandatan banatuko ditue izena emondakoak, eskariaren arabera: Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 16:00ak bitartean taldeka sartuko dira bisitariak, gehienez hamar laguneko moltsoetan.

Euskeraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dira bisitaldiak. Izena emoterakoan esan ahal izango da bakotxak ze hizkuntza nahi dauen eta horren arabera antolatuko ditue hizkuntza bateko eta besteko txandak.

Bilboko Maria Diaz Harokoaren kalean dago Euskadiko Artxibo Historikoa. Bisitaldietan, bertako gordailuak eta lan-eremuak erakutsiko ditue, artxiboak zelan funtzionetan dauen eta zelako agiriak gordeten diran jakin ahal izateko. Normalean publikoari itxita egoten diran eremuak bisitau ahal izango dira.

Egun horretan bertan, hilaren 9an, berbaldi bat emongo dau Martin Abrisketa idazleak. La lengua de los secretos izeneko liburua idatzi dau eta berbaldian izango da lan horretako protagonista Matilde Abrisketa. Emakume hori gerrako umea izan zan. 19:00etan hasiko da ekitaldia eta sartzea libre da, leku guztiak bete arte.

Eusko Jaurlaritzeak azaldu dauenez, artxiboei jagoken garrantzia emotea eta honeek babestea aldarrikatzen da Artxiboen Nazinoarteko Egunean. 2007an erabagi zan egun hori ospatzea, urtero bagilaren 9an. Herritar askok artxiboak eta liburutegiak nahasten dituela eta askotan ez dakiela ze zeregin daukien uste dau Jaurlaritzeak eta, horregaitik, beharrezkoa dala artxiboen garrantzia gizarteratzea. Ondasun kulturala dirala dino Jaurlaritzeak, gizartearen garapen sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalaren lekukoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu