DJ Tennis, Dj Voz eta Ocariz eta DJV Sound denporaldi honetako Art After Dark saioei amaierea emoteko

Bizkaie! 2016-06-03 10:48   Musikea

Bagilaren 3an, barikuan, izango da denporaldi honetako azken Art After Dark saioa, udan eten egiten baita.

Bagilaren 3an, barikuan, Dj Tennis-ek, Dj Voz-ek eta Ocariz-ek eta DJV Sound-ek jarriko ditue jantzan bertaratzen diran guztiak.

Dj Tennis Manfredi Romano da. 1970eko hamarkadan jaio zan eta New Jersey, Sizilia eta Parma artean hazi zan. Sorkuntzarako eta arterako dauen sena, beti, musikarantz bideratu dau. Bere pasinoa kantetea eta musika-instrumentu bitxiak eta zaratatsuak jaso eta jotea da. Jolasten eban tenis klubean hasi zan musika jarten; horregaitik ezizena. DJ bihurtu zan bere herrialdeko underground musikea bultzatzen eban bitartean: Italiako musika-ekitaldi alternatibo garrantzitsuenetako batzuk sortu eta garatu zituan, Milango Elita jaialdia eta Erromako Dissonanze jaialdia, besteren artean. Azken bi hamarkadetan Manfredi antzerkirako musikea, pelikuletako soinu-bandak eta telebistako iragarkietarako musikea egiten hasi zan. Bere lanak 1960ko hamarkadako soinu psikodeliko, ilun eta malenkoniatsuetan oinarritzen dira. Musikearen arloan talde askoren eragina dauka, besteak beste, Beach Boys, The Who, Talk Talk, Ultravox, XTC, Fugazi, June of 44, Suicide, Radiohead, Godspeed You Black Emperor!, Aphex Twin, Boards of Canada edo Plastikman taldeena. 2010ean, garai haretako musika estiloakaz nekatuta, Greg Oreck-egaz batera, Life and Death izeneko tekno eta pop diskoetxea sortu eban.

Dj Tennisen aurretik, 23:00etan, Dj Vozen eta Ocarizen txandea izango da. Gaur egun Dj Voz Bilboko Fever klubeko egoiliarra da. Bertan, hilero EnD Room jaia antolatzen dau. Deep house, tech house, minimal eta techno ditu estilo nagusi, erritmoak jai- eta saio-muetara egokitzen ditu, bai egunez bai gauez. Musika elektronikoaren munduan DJ egoiliar legez 13 urte luzeko ibilbideagaz, DJ Voz ikusleakaz berehala bat egiten dauen artistea da. Bere emonaldiak, kantu guztiei berotasun bikaina emonez, groove handiko underground elektronikoagaitik nabarmentzen dira. Nahaste eraginkor honek Espainiako areto ospetsuenetan (Bartzelonan, Madrilen, Eivissan eta Mallorcan, besteak beste) eta Ingalaterra, Frantzia eta beste herrialde batzuetan diskoak ipinteko aukerea emon deutso.   

Ocariz, barriz, musika-estilo desbardinakaz gozetan dauen DJa da, leku bakotxera egokitzen daki. Bere saioetan deep house, tech house, minimal eta techno estiloak nabarmentzen dira; beti ukitu personal bategaz. Zazpi urte igaro ditu musikea jarten The One (Bartzelona) eta Studio76 (Madril) aretotan, besteak beste, Loco Dice, The Martinez Brothers eta Tania Vulcano lako artistakaz alkarlanean; holan eskuratu eban, gaur egun EnD Room (Fever Bilbao) bere elektronikako klub propioa kudeatzera heltzeko beharrezko esperientzia. Ganera, soinu-teknikari lez dituan ezagutzak erabilten ditu ahalik eta musika-esperientzia onena eskaintzeko.

Gaueko 22:00etatik aurrera, DJV Sound-ek (Fever) ipiniko dau musikea, gauari hasierea emoteko. DJV Sound Bilboko underground eszena elektronikoaren aitzindari izan zan eta bi hamarkadaz Europako klub ospetsuenetan musikea jarri dau. 1990eko hamarkadan, NoData kolektiboa sortu eban eta 2005etik Fever klubaren zuzendarikide da. Bere saioetan, paisaje trinkoak eta dinamikoak marrazten ditu, eta baita eszena aztoragarriak, hipnotikoak eta karga emozional handikoak be.

Bagileko Art After Dark saiora hurreratzen diranek Andy Warhol: Itzalak, Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak, Hiriko ikuspegiak: Parisko Eskola, 19000–1945 eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak erakusketaz gozetako aukerea izango dabe.

Guggenheim Bilbao Museoan musikea eta artea buztartzen dituan gaueko programea da Art After Dark, Fever klubaren laguntzinoagaz antolatua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu