Jose Guerreroren 'Intervalos negros', Bilboko Arte Eder Museoaren obra gonbidatua

Bizkaie! 2016-06-02 08:55   Kulturea

Irailaren 18ra arte, Obra gonbidatua programearen barruan, Bilboko Arte Eder Museoko 32. aretoan ikusi ahal izango da Jose Guerrero artista andaluziarraren Intervalos negros. Mihise ganeko olio hori 1971n marraztu eban Guerrerok, pospoloak haren obrearen ardatzetako bat ziran sasoian.

'Intervalos negros', Jose Guerrero (1971). Jose Guerrero Zentroaren bildumea | Ikusi handiago | Argazki originala

Guerreroren ibilbideko obra asko koloretsuak diran arren, Intervalos negros salbuepenetako bat da, zuri-baltza dalako koadroan nagusi. 1970eko hamarkadaren hasikerako urte hareetan, pospoloak sarri margoztu zituan artisteak eta Bilbora ekarri daben lanean be, pospoloak dira erdigunea.

Intervalos negros koadroa, Fosforescencia izeneko sail baten parte da. Sail horretan, pospoloak oinarri, koloreakaz eta objektuen eskaleagaz esperimentau eban. Saileko koadro batzuk argitsuak eta koloretsuak dira, beste batzuek kromatismo mugatua daukie, adibidez Bilbon aurkeztu danak.

Jose Guerrero 1914an jaio zan, Granadan, eta uri haretan egin zituan arteagaz lotutako lehenengo ikasketak. Ondoren, Madrilen, Parisen eta New Yorken ibili zan eta, Ameriketan egoala, koadro abstraktuak egiteari ekin eutsan. Ipar Amerikako espresionismo abstraktua eta Action Painting dalakoa ezagutu zituan. Espainian eta New Yorken ibili zan hurrengo urteetan, estilo ugari jorratuaz, eta haren lanak nazinoartean ospea lortu eban. 1991n hil zan, Bartzelonan.

Museoak Obra gonbidatua zikloaren bidez beste bilduma bateko koadro bat ekarten dauen 53. aldia da hau. Irailaren 18ra arte egongo da Jose Guerreroren artelana Bilbon ikusgai. Ganera, Arte Eder Museoak badauka Guerreroren beste koadro bat bere bilduman, 1975eko Centro negro hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu