‘Zinema kantxara’ zikloa bagileko eguenetan, Tabakalerako zinema-aretoan
2016-06-01 10:28 ZinemeaZikloa bagilaren 2an abiatuko da eta Xabier Euzkitze kazetari eta euskal pelotan adituak aurkeztuko dau lehen saioa.
Euskal pelotea izango da Euskadiko Filmategiak bagilerako antolatu dauen Zinema kantxara zikloaren protagonista. Zikloa bagilaren 2an abiatuko da eta Xabier Euzkitze kazetari eta euskal pelotan adituak aurkeztuko dau lehen saioa. Bertan, honako filmak proiektauko dira: 1948ko buruz buruko txapelketearen finala: Gallastegi-Atano III (Antonio Sarasua, 1948), 1948ko zemendiaren 28an, Miguel Gallastegik eta Atano III.-ak jokatu eben finalaren irudiak (Gallastegik irabazi eutson Atano III.-ari 22-6); Around the world with Orson Welles: Pays Basque I-II (Orson Welles, 1955), errealizadore estadubatuarrak telebista britainiarrarentzat 1955ean zuzendutako telesaileko (Around the world with Orson Welles) lehen bi kapituluak (Pays Basque I eta II), lehenak euskal gizartea eta bere ohiturak islatzen ditu, eta bigarrenak, barriz, euskal pelotan sakontzen dau; Pelotari (Néstor Basterretxea-Fernando Larruquert, 1964), euskal pelotearen modalidade desbardinak erakusten ditu eta garaiko pelotari ezagunek parte hartzen dabe, eta El pelotari (Eugenio Monesma, 1998), Ramiro Viguera pelotari logroñoarrak pelotea egiteko prozesua azaltzen dau.
Bigarren emonaldian, bagilaren 9an, ondorengo filmen txandea izango da: Pelota (Jørgen Leth, 1983), Jørgen Leth zuzendari danimarkarrak euskal peloteagazko egindako gerturatze kultural eta historikoa; Beti-Jai: la Capilla Sixtina de la pelota (Richard Zubelzu, 2015), Madrilgo Beti-Jai frontoiaren gainbeherea azaltzen dau, eta Las pelotaris (Daniel Burgui-Andrés Salaberri, 2015), emakumeek kirol honen barruan daben presentzia aztertzen dau.
Bagilaren 16an, Jai Alai Blues (Gorka Bilbao, 2015) proiektauko da, hau da, zesta puntearen (Jai Alai) ospea eta gainbeherea erakusten dituan film luzea. Gorka Bilbao pelikulearen zuzendariak aurkeztuko dau emonaldia.
Bagilaren 23an, La noche avanza (Roberto Gavaldón, 1951) erakutsiko da. Melodrama noir mexikar honek partidu bat galtzea onartzen dauen Jai Alaiko pelotari harroputz baten istorioa kontetan dau. Kopia Cineteca Nacional de Méxicok laga dau, eta eskubideak Fundación Televisak emon ditu.
Azkenik, bagilaren 30ean, Abel Barriola pilotariak bere film gustukoena aurkeztuko du: Dersu Uzala (Akira Kurosawa, 1975). Pelikula gogoangarri honek bi personen artean sortutako harreman berezia kontetan dau; batetik, Vladimir Arseniev bere destakamenduagaz taiga siberiarrean prospekzino geologikoak egiten dagoan kapitaina, eta bestetik, Dersu Uzala kapitainari natureagazko maitasuna eta errespetua erakutsi deutsozan kazeru nomadea. Mosfilmek zaharbarritutako bersinoa proiektauko da.
Proiekzinoak bagileko eguenetan izango dira, 19:00etan, Tabakalerako zinema-aretoan (Andre Zigarrogileen plaza, 1. 20012 Donostia). Sarrerak (3,5 euro) salgai dagoz dagoeneko Tabakalerako informazino puntuan. 18:30etik aurrera leihatilara agertzen diran 25 urtetik beherako lehenengo 25 gazteek dobako sarrerea izango dabe euren NANagaz ziurtatzen badabe ez dituela oraindino 25 urteak bete.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!