Caostica, film laburren eta bideoklipen jaialdia egingo dabe hileon Bizkaian

Bizkaie! 2016-06-01 09:08   Zinemea

Errutinarako eta asperdurarako tarterik ez dala egongo agindu dabe Caostica nazinoarteko jaialdiko arduradunek. Lehiaketan parte hartuko daben 45 filmak ikusteko aukereaz gan, proiekzino bereziak, autozinea eta abar egongo dira, gaur hasita.

Leone Artworks arduratu da jaialdiko kartela egiteaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 1ean, eguaztena, hasiko da Caosticaren 14. edizinoa. Gurutzetako ospitaleko Ganekogorta aretoan, 18:00etan, Caostica Kids proiekzino berezia eginogo dabe, ospitaleko pediatria sailagaz alkarlanean. Biharamunean, hilak 2, Bilborocken, Mexikoko Macabro jaialdiko film laburrik onenak ikusi ahal izango dira. Proiekzino horreek dobakoak izango da, baita egitarauko ganerakoak be.

Lehiaketako 45 film laburrak ikusteko aukera bat baino gehiago egongo da. Bagilaren 6an, Bilboko Bizkaia Aretoan batetik; eta hilaren 9an eta 10ean Yimbi Ercillan bestetik. Aurtengo lehiaketara, 50 herrialdetako 851 lan aurkeztu dira eta antolatzaileek 45 aukeratu ditue. Hiru sail nagusi dagoz: Animazinoa, bideoklipa eta bideozinemea. Epaimahaian honeek egongo dira: Iratxe Fresneda EHUko doktore eta irakaslea, Aritz Moreno zinema-zuzendaria eta Javier Ikaz idazlea.

Bagilaren 11n emongo dabe sarituen barri, Artxandan egingo dan saio berezian. Egun horretan, funikularra erabiltea doban izango da iluntzeko 20:00etatik goizaldeko 5:00ak arte. Izan be, Artxandako irristatze-pistan, funikularraren goiko geltokitik hurre, Artxandaggedon Bi-Zarre Party jaia egingo dabe. Caosticaren amaierako jai horretan, sari banaketaz gan, makina bat ekitaldi egongo dira: Bizarra ataleko filmen proiekzinoa, DJ-ak, The Borbons taldearen kontzertua eta abar.

Film laburren eta bideoklipen jaialdiko sarituak barriro ikusteko aukerea egongo da bagilaren 13an, Bilboko Erriberako merkaduan egingo daben proiekzino berezian. Era berean, Getxoko autozinean, Caosticaren aurreko edizinoetan parte hartu daben filmak emoten dabilz egunero, hilaren 12ra arte.

Caosticaren 14. edizino honetako egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu