Goi mailako lau emonaldi bagilean, Ziortzako Kontzertuak zikloan

Bizkaie! 2016-05-31 13:04   Musikea

Bertoko zein kanpoko artistek parte hartuko dabe Ziortzako Kontzertuak zikloaren 28. edizinoan. Bagilaren 4an, 5ean, 11n eta 12an izango dira emonaldiak, Ziortzako kolegiatan. 

Antxinako musikea, eleiz-musikea eta barrokoa dira Ziortzako Kontzertuen ardatza. Aurten be, goi mailako musikariak egongo dira Kolegiatan, sasoi bateko doinuak joten. Emonaldi guztiak 18:00etan hasiko dira.

Bagilaren 4an, zikloari ekiteko, Passamezzo Antico estiloko emonaldia eskainiko dabe hiru musikarik eta soprano batek. 16. mendean ohikoa zan estilo hori ezagutzeko aukerea emongo dabe Pedro Gandiak (biolin barrokoa), Itziar Atutxak (biolea), Juan Manuel Ibarrak (klabea) eta Maria Espada sopranoak. Biharamunean, hilak 5, tronpeta eta organo kontzertua egongo da Ziortzan. Laurent Dupere arduratuko da tronpeteaz eta Thomas Ospital organoaz.

Hurrengo astean, beste emonaldi bigaz biribilduko dabe zikloa. Bagilaren 11n, Music for a while izeneko ikuskizuna preparau dabe. Carlos Mena zuzendari eta kontratenorearen alboan, Daniel Zapico (tiorba) eta Carlos Garcia-Bernalt (organoa eta zenbaloa) egongo dira. Hilaren 12an, Haendelen Mesias joko dabe Bizkaiko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Alkarteak. Jon Malaxetxebarria izango da zuzendaria eta honeek bakarlariak: Beñat Egiarte (tenorea), Sebastia Periz (baxua), Celia Alcedo (sopranoa) eta Marife Nogales (mezzosopranoa).

Herritarrei kalidadezko musikea eskaintzea eta Errenazimenduko, Barrokoko eta Klasizismoko lanak hurreratzea dira zikloaren helburu nagusiak. Horretarako, eleiz musikea eta antxinako estiloak lantzen dituen interprete ezagunak ekarten ditue urtero.

Ziortzako Kontzertuak zikloa bultzatu eta babesteko, lankidetza hitzarmena sinatu dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gondra Barandiaran Fundazinoak zikloa bultzatzeko. Babesle nagusietako bat izango da fundazinoa eta, horretarako, 20.000 euro emongo ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu