Jose Antonio Agirre in Berlin 1941-2016

Bizkaie! 2016-05-26 09:39   Euskaldunak munduan

2016an, 75 urte beteko dira Jose Antonio Agirre lehendakaria Europa okupatutik igesi Berlinen egon zala. Urteurrena gogoratu eta Agirre lehendakaria, Euskal Herriko historia eta erbesteko Eusko Jaurlaritzearen lana Alemanian ezagutzera emoteko Berlingo Euskal Etxeak www.AgirreInBerlin.eus webgunea osotu eta makinatxu bat ekitaldi antolatu ditu Berlinen.

Agirre in Berlin 1941-2016 egitasmoak iragana eta oraina buztartzen ditu: Euskadiren eta Alemaniaren historiaren zati bat erakutsi nahi dau, egungo Europan erabilgarri izan daitekezan ondorio eta irakaspenak eskuratzeko.

2016an, 75 urte beteko dira Jose Antonio Agirre lehendakaria Europa okupatutik igesi Berlinen egon zala. Urteurrena gogoratu eta Agirre lehendakaria, Euskal Herriko historia eta erbesteko Eusko Jaurlaritzearen lana Alemanian ezagutzera emoteko Berlingo Euskal Etxea - Gernika Deutsch- Baskische Kulturverein e.V.-ek www.AgirreInBerlin.eus webgunea osotu eta makinatxu bat ekitaldi antolatu ditu Berlinen.

Aitatu webgunean ekitaldien aurkezpen eta azalpenaz gan, Euskal Etxeak sortu eta Agirreren Berlingo egonaldia islatzen dauen mapea dago eskuragarri, hori atontzeko erabilitako testuen alemanierazko itzulpenakaz batera.

Jose Antonio Agirre era demokratikoan hautatutako lehen lehendakaria izateaz gan, II. Mundu Gerratik Europa demokratiko baten sorreran eginkizun garrantzitsua jokatu eban figura politikoa be izan zan. Euskal Herrian zein kanpoan adostasunez onartutako figura politikoa. Berak gidatutako Erbesteko Eusko Jaurlaritzeak era aktiboan lan egin eban Bigarren Mundu Gerra ondoko Europa barri eta batu baten alde, garai haretan sortutako erakundeetan parte hartuz.

1936tik nazinoarteko faxismoaren kontrako burrukalari sendoa izan zan, lehenengo Euskadin eta aurrerago Katalunian, Frantzian eta Belgikan, erbestean. 1940an, Alemania naziak Europako mendebaldea okupau ebanean, Agirre klandestinidadera pasau zan. Berlinetik igaro zan pasaporte faltsu bategaz, eta Inperio Naziaren uriburutik, Göteborgetik barrena, Hego Amerikara iges egitea lortu eban, handik AEBetara heltzeko. Behin New Yorken biziten jarrita, faxismoaren kontrako burrukearen buru izaten jarraitu eban, eta 1945etik, kontinente zaharra demokratizatzearen alde lan egin eban. Bigarren Mundu Gerraren amaierearen ondoren Europara itzuli zan kristau-demokrazia europarraren sorrerea sustatzeko, eta 1960an Parisen hil zan.

Agirre in Berlin egitasmoak ez dau Agirre Lehendakariaren testuinguru historikoan sakontzen bakarrik, egungo Europar Batasunaren sorreran be kokatzen baita. Agirre eta erbesteko Eusko Jaurlaritzearen inguruan ibili ziran pertsona guztien lana goraipatzea da asmoa. Agirre ez zan bere arerio politikoek be errespetetan eben politikari nabarmena bakarrik, galdutako gerra batetik nortasun faltsu bategaz erregimen totalitario baten bihotza gurutzatuz iges egin eban erbesteratua be izan zan.

Kontuak kontu, maiatzaren 31tik bagilaren 3ra egingo diran ekitaldiak hiru esparrutan izango dira: Batetik, Agirreren idatzien itzulpena eta Euskal Etxeak osotutako mapearen aurkezpena, berbaldi bategaz osotuko dana. Bestetik, alderdi akademikoa: Etxepare Institutua, Leipzigeko Unibersidadea eta Renoko William Douglas Center for Basque Studiesak antolatu eta bagilaren 1ean Humboldt Unibersidadean egingo dan The International Legacy of Lehendakari José A. Agirre’s Government kongresua. Erbesteko Eusko Jaurlaritza eta Agirreren ekarpena aztertuko dauen jardunaldia da honakoa, bagilaren 9an New Yorken amaituko dan nazinoarteko kongresuaren bigarren saioa. Amaitzeko, esparru kulturala: Berlingo Euskal Etxeak antolatu eta Etxepare Institutua eta Leipzig eta Humboldt unibersidadeen laguntzaz osotutako Agirre in the Arts: Thed Spanish Civil War and the Basque Exile in the Arts kongresua, bagilaren 2an, Humboldt Unibersidadean lekua hartuko dauena. Espainiako Gerra Zibila, erbesteko Eusko Jaurlaritzearen lana eta beste hainbat gai diziplina artistiko desbardinen ikuspuntutik aztertuko ditue egun horretan.

Ekitaldi, mapa, itzulpen eta azalpen guztiak euskeraz, alemanez eta gazteleraz dagoz
eskuragarri www.AgirreInBerlin.eus webgunean.


Kongresu bi horreez gan, Berlingo Euskal Etxeak ondoko ekitaldiak atondu ditu:

- Maiatzak 31 (19:00) Instituto Cervantes Berlinen, Iñaki Goioganaren (Sabino Arana Fundazinoa) berbaldia: La aportación vasca a la democracia cristiana europea y la creación de la unión europea tras la II Guerra Mundial: José Antonio Agirre y Alberto Onaindia (berbaldia gaztelaniaz).

- Bagilak 1 (9:00) Humboldt-Universität zu Berlin, Fritz-Reuter-Saal Nazinoarteko kongresua ingelesez: The International Legacy of Lehendakari José A. Agirre’s Government.

- Bagilak 2 (9:00) Humboldt-Universität zu Berlin, Senatssaal Kongresua ingelesez: Agirre in the Arts: The Spanish Civil War and the Basque Exile in the Arts.

- Bagilak 2 (20:30) Studio Я, Maxim Gorki Theater aretoan, Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek Zaldiak eta beren itzalak – Die Pferde und ihre Schatien: Poesia eta kantu emonaldia euskeraz alemanezko azpitituluakaz.

- Bagilak 3 (19:00) Mediengalerie ver.di aretoan, Xabier Irujoren (Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno) berbaldia: Memoirs of a Basque Secret Agent: Nazi Concentration Camps and the Mechanics of Death, Nazien Frantziako okupazino garaian kontzentrazino-esparruetara deportau zituen iparraldeko juduen historia aztertzen dauena.


Ekitaldietan parte-hartu edota babestuko daben personen zerrendea:

Mikel Antón (Europa Gaietarako zuzendaria, Eusko Jaurlaritzea).
Prof. Dr. Mari Jose Olaziregi (Etxepare Euskal Institutua, MHLI - EHU).
Prof. Dr. Xabier Irujo (Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno).
Prof. Dr. Carsten Sinner (Universität Leipzig).
Prof. Dr. Joan Villarroya Font (Universitat de Barcelona).
Nicholas Rankin (Kazetaria BBC World).
Miren Arzalluz (Deustuko Unibersidadea, London School of Economics; erakusketa-komisarioa).
Dr. Carlos Collado Seidel (Philipps-Universität Marburg).
Dr. Benjamin Inal (Philipps-Universität Marburg).
Hilari Raguer i Suñer (Historialaria, Montserrat Abadia).
Kirmen Uribe (Idazlea).
Mikel Urdangarin (Musikaria).
Iker Sánchez Silva (Orkestra zuzendaria).
Iñaki Goiogana (Historialaria, Sabino Arana Fundazinoa).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu