Blas de Oteroren omenezko poesia jardunaldiak egingo ditue Bilbon

Bizkaie! 2016-05-25 08:26   Kulturea

Ehun urte bete dira aurten, Blas de Otero idazle bilbotarraren jaiotzatik. Ekitaldi ugari antolatu ditue mendeurrenaren harira. Esaterako, maiatzaren 30etik bagilaren 4ra, literatura topaketea egingo dabe Bizkaiko uriburuko Bidebarrieta liburutegian.

Idazle entzutetsuen sormenaz disfrutetako aukerea emongo dau topaketeak eta Blas de Oteroren ondarea gogoratuko da. Maiatzaren 30ean izango da zabaltze-ekitaldia, Bidebarrietan, Blas de Otero Fundazinoko presidente eta idazlearen alargun Sabina de la Cruz bertan dala. Caballero Bonald, recuerdo de un poeta film laburra emongo dabe ekitaldi horretan, Jose Fernandez de la Sota idazlearen azalpen eta guzti.

Hilaren 31n, arratsaldean, Pere Gimferrer eta Antonio Martinez Sarrion poeten solasaldia eratu dabe. Bagilaren 1ean, ostera, Antonio Carvajal eta Antonio Colinas idazleen topaketea egongo da, Iñaki Esteban moderatzaile dala.

Euskeraz idazten dauen idazle bakarra agiri da sei eguneko egitarauan, Felipe Juaristi azkoitiarra hain zuzen. Marta Sanz madrildarragaz eta Manuel Rivas galiziarragaz parte hartuko dau Juaristik, bagilaren 2an, poeten arteko alkarrizketa baten. Barikuan, bagilak 3, poesia errezitaldia antolatu dabe, honeek idazleak parte-hartzaile dirala: Xuan Bello, Amalia Iglesias, Elena Medel eta Andres Neuman. Iñaki Salvadorren piano doinuek lagunduko deutsie olerkiei. Blas de Oterok atsegin zituan kantak joko ditu Salvadorrek.

Egitaraua biribiltzeko, zapatuan, bagilak 4, Paco Ibañezen kontzertua entzun ahal izango da, Me queda la palabra izenburupean, Bidebarrietan bertan. Jardunaldietako saio guztiak dobakoak dira, Ibañezen kontzertua izan ezik, 10 euro pagau beharko dira. Sarrerak salgai dagoz liburutegian bertan, Power Records dendan eta Bilbao Kulturaren webgunean.

2016/05/31 - 2016/06/04

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu