'K2. Zerua ikutzen' filma Bilbon ikusgai Hileko Dokumentala zikloaren barruan

Bizkaie! 2016-05-24 12:45   Zinemea

Proiekzinoa Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, bihar, hilak 25, euskerazko azpi-tituluak izango dituan jatorrizko bersinoan eta eguenean, barriz, gaztelaniazko azpi-tituluak izango dituan jatorrizko bersinoan. Sarrereak 3,70 euroko prezioa izango dau.

Hileko Dokumentala, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Zinebik, urte osoan zehar bere programazinoari jarraipena emoteko antolatu dauen estreinaldien zikloak, Eliza Kubarska mendizale eta zinemagileak zuzendutako K2. Zerua ikutzen (Polonia, Erresuma Batua, Alemania, 2015. 72) filma eskainiko dau bihar eta etzi. Film horretan mendizaleen lau seme-alabek K2 mendiaren oinarrizko kanpamentura egiten daben bidaia emozionala kontetan da.



1986ko udan, mundu osoko ia hamar bat espedizino batu ziran K2 mendiaren oinarrizko kanpamentuan, mendia biderik gatxenetik igoteko, ordura arte oso persona gitxik tontorrera heltzea lortu eben lekutik. Bederatzi espedizinok aldi berean egin eben tontorrerako ahalegina, eta, akaso, hori ez jakon larregi gustau mendiari... Izan be, 13 mendizalek galdu eben bizia ordutik mendizaleek uda baltza izenez ezagutzen daben haretan.

Hogeita hamar urte geroago, Eliza Kubarskak, K2 mendian hil ziran mendizale horreen 4 seme-alaba batuko ditu. Haniak, Lukaszek, Lindseyk eta Chrisek, emozioen aldetik sano gatxa izango dan bidaiari ekin eutsien euren senideak lurperatuta dagozan K2 mendiaren oinarrizko kanpamentura. Euren iraganari aurre egin eta euren gurasoek dana itxi eta holako espedizino bati ekiteko izan zituen arrazoiak ulertzea zan asmoa. Protagonista horreetako batzuk umeak ziran, eta beste batzuk jaio barik egozan tragedia jazo zanean.

Uda baltz haretatik bizirik urten eban Kurt Diembergerren testigantzeari eta espedizino haretan bizia galdu eben mendizaleen gutunei, artxiboko irudiei eta egunkari personalei esker, protagonistek ahalegina egingo dabe euren gurasoen azken egunak zelakoak izan ziran ulertzeko, ames bat eben gizonen eta emakumeen azken egunak: zerua euren eskuekaz ukututea.

Eliza Kubarska dokumentalgile eta mendizale poloniarra da. Bere lanen artean, sari asko irabazi dituen Groenlandian errodautako What Happened on Pam Island eta Badjao tribuari, Asia hego-ekialdeko uretan bizi dan eta desagertzeko arriskuan dagoan herri nomadeari buruzko Walking Under Water dagoz. Azken lan horregaz, Epaimahaiaren Aitamen Berezia irabazi eban Hot Dogs izeneko Kanadako zinemaldi ospetsuan.

Hileko Dokumentakala zikloaren bidez, generoaren zaleek nazinoarteko beste jaialdi batzuetan sariak jaso edo aukeratuak izan diran arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik izan ez daben lanez gozetako aukerea izaten dabe. Esangura horretan, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoetan, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko gaurkotasuneko filmak estreinetan ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu