Alaia Martinek ipiniko deutso txapela Eskolarteko Bertsolari Txapelketako irabazleari

Bizkaie! 2016-05-24 09:52   Bertsolaritzea

Asteburuon Arabako, Bizkaiko eta Iparraldeko finalak jokatuta, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finaleko parte-hartzaileen zerrendea osotu da. Bagilaren 4an Ereñotzun jokatuko dan azken saio horretan, Alaia Martin Gipuzkoako finalisteak jantziko deutso txapela irabazleari, Bertsozale Alkarteak jakin eragin dauenez.

Igazko finaleko irudi bat, Maialen Lujanbio gai-emole dala | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Manuel Lujanbio, Txirrita, bertsolari ospetsua hil zala 80 urte beteko diran asteburuan bertan jokatuko da Eskolarteko finala aurten. Horregaitik, Txirritaren jaioterrian, Ereñotzun, jokatuko da finaleko saioa. Figura zahar bat izango da, beraz, protagonistetako bat, baina etorkizuneko bertsolariak izango dira ardatza: Hamabi gazte lehian eta, irabazleari txapela janzten, Alaia Martin oiartzuarra, azken urteetan goi mailan nabarmentzen hasi dana.

Arabatik Aroa Arrizubieta eta Peru Amorrortu izango dira finalean; Bizkaitik, Txaber Altube eta Unai Mendiburu; Gipuzkoatik Beñat Mujika eta Aizpea Garmendia; Lapurditik Kerman Diaz eta Nahia Sasco; Nafarroa Beheretik Elixabet Etxandi eta Oier Urreizti; eta Goi Nafarroatik Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi.

Maite Berriozabal izango da gai-jartzailea eta herrialde bakotxeko epaile bana egongo da. Alaia Martinek jantziko deutso txapela puntu gehien batzen dituanari eta, ganera, sari nagusia emongo deutsie irabazleari: Gabonetako Ahots baten ekimenean parte hartzeko txartela.

Egun guztiko egitaraua antolatu dabe bagilaren 4an Ereñotzun. Goizeko 11:00etan hasiko da finala eta 14:00etan bazkaria egingo dabe, Larre-gain sagardotegian. Bazkalostean Eli Pagola eta Agin Laburu bertsolariek kantauko dabe. 18:00ak arte, erromeria izango da.

Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak antolatzen dabe Eskolarteko Txapelketea. Gazteei jentaurrean bat-batean kantetako aukerea emotea da helburu nagusia, baita zaletasuna zabaltzea be. Aurten, 15 eta 18 urte bitarteko 88 gaztek parte hartu dabe. Lehenengo herrialde bakotxeko txapelketak jokatu dira. Euskal Herriko finalera hamabi onenak heldu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu