Mikel Laboaren inguruko webgune bat martxan ipini dabe

Bizkaie! 2016-05-24 08:32   Musikea

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUren Laboa Katedreak ipini dabe martxan webgune barria, kantari donostiarraren ibilbidea eta ekarpenak erakusteko. Mikel Laboaren diskografia eta biografia zabal bat ipini ditue publikoaren eskura, baita hedabideetan agertutako artikuluak be.

Donostian egindako aurkezpen ekitaldian, Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari nagusia, Juan Kruz Igerabide katedrako zuzendaria, Laboaren alargun Marisol Bastida eta Itziar Zubizarreta webgunearen koordinatzailea egon dira.

Bertan azaldu dabenez, Mikel Laboari eskainitako webgune barrian batu nahi izan dabe haren kanten inguruko informazinoa, musikeari jagokonez eta baita testuen ingurukoa be. Era berean, kantariaren biografia eta hemeroteka zabal bat topauko ditue erabiltzaileek. Jose Luis Zumetak egindako irudiak ipini ditue webgunean.

Bibliografia eta diskografia batu eta antolatzeko orduan, Elkar argitaletxearen eta Eresbil artxiboaren laguntzinoa ezinbestekoa izan dala azaldu dabe webgunearen bultzatzaileek. Ganera, Marisol Bastida alargunak emondako datu asko erabili ditue eta Itxaso Mezzacasa diseinatzaile eta informatikariaren diseinua aukeratu dabe webgunea egituratzeko.

Mikel Laboa (1934-2008 euskal musika garaikideko kantari ezagunenetako eta barritzaileenetako bat izan zan. Tradiziotik abiatuta, esperimentazinoaren bidea aukeratu eban. Kantu tradizionalak berreskuratu zituan eta bere sasoiko poeten testuak be musikatu zituan. Ganera, Lekeitioak izeneko sailean, euskerearen doinuakaz esperimentau eban. Ez Dok Amairu mobimentuko kidea izan zan. Haren osteko sortzaileen artean, eragin handia dauka Laboak.

Beste alde batetik, Mikel Laboa Katedreak ekitaldia aprobetxau dau, aurtengo ikerketa eta sormen bekearen barri emoteko. Tesiak egiteko kontratu bat, ikerketa monografikoetarako hiru beka eta sormenerako dirulaguntzino bi emoteko deialdia zabaldu dau katedreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu