350 erabiltzaile ditu Mintzanet plataformeak, % 20 atzerrian

Bizkaie! 2016-05-20 08:33   Euskerea berbagai

Mintzalagun edo berbalagunaren Internet bidezko bersinoa da Mintzanet. Egitasmoaren helburua, euskeraz jarduteko aukerarik ez daben lagunei etxetik urten barik, euskerea praktiketako modua emotea da.

Mintzanet egitasmoa aurkeztu barri dabe Bilbon. Bilbo eta inguruko eragile, alkarte, euskaltegi eta, azken finean, interesa izan leiken edozeini zuzendutako saioak antolatu ditue euskerea online eta doban praktiketako aukera hau ezagutzera emoteko. Euskerea on line ikasteko eta erabilteko Mintzanet plataformeak lau urte daroaz martxan, eta erabiltzaile kopuruak gora egin dau nabarmen. Mintzalagun edo berbalagunaren Internet bidezko bersinoa da Mintzanet. Egitasmoaren helburua, euskeraz jarduteko aukerarik ez daben lagunei etxetik urten barik, euskerea praktiketako modua emotea da. Hori bermatzeko, euskeraz jardun nahi daben guztiek, edonon dagozala be, euskeraz nahi beste berba egiteko aukerea dabe www.mintzanet.net webgunearen bidez. Egitasmoa guztiz dobakoa da eta ezinbesteko bi oinarri ditu: bidelaguna eta bidelaria. Bidelaguna euskerea praktikau nahi dauenari horretarako aukerea emoten deutson euskalduna da, eta, bidelaria, barriz, euskerea hobetu nahi dauen ikaslea.
 
Dagoeneko 350 lagun baino gehiagok hartzen dabe parte Mintzanet egitasmoan. Gehienak (% 80) Euskal Herrian berton dagoz, baina izena emon daben asko atzerrian bizi dira (% 20): Ameriketako Estadu Batuetan, Argentinan, Txilen, Ingalaterran, Kolonbian, Brasilen, Uruguain, Kaledonia Berrian edota Polonian.
 
 
Nori zuzenduta dago eta zelan funtzionetan dau?

Mintzanet proiektuak munduan zehar dagozan euskaldunei zein Euskal Herrian bertan dagozanei euskeraz jardun ahal izateko dobako aukerea emotea dau helburu. Normala dan legez, alkarren arteko komunikazinoa bermatzeko gitxieneko euskera maila bat izatea lehenesten da (B1).
 
Euskeraz berba egiteko aukerea eskaintzeaz aparte, bestelako ondorio positiboak be baditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan leikiezan arazo fisikoak edo denpora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko alkar ezagutzea sendotzea, eta, azken batean, euskaldunen kopurua handitzea.
 
Maramara taldeak kudeatzen dau proiektua 2012tik, eta Eusko Jaurlaritzearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa jasoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu