Antzerkirako pentsautako zazpi testu batu ditu Oier Guillanek 'Mr. Señora' liburuan

Bizkaie! 2016-05-20 08:23   Kulturea

Gaiaren eta idazteko erearen aldetik independenteak diran zazpi idazlan dakarz Mr. Señora liburuak (Txalaparta). Galderak sortzen dituen istorioak dira, Oier Guillanen esanetan, eta egokitu jakenagaz konforme ez dagozan personaiak dira ardatza. Oholtza ganerako pentsautako testuak diran ezkero, Zarauzko Literaturian antzeztuko dabe Mr. Señora, hilaren 21ean.

Izatez, Mr. Señora, liburuko lehenengo testua baino ez da, ganerako seirakaz loturarik ez daukana. Libururako beren-beregi sortutako piezea danez, berau aukeratu dabe izenbururako. Norbere gorputzaren inguruko gogoetea da eta armairutik urteteko erabagia hartu dabenei maitasun deklarazinoa egiten jake. Zapatuan, maiatzak 21, Zarauzko Modelo aretoan ikusi ahal izango da, Literaturia jaialdiaren barruan.

Metrokoadroka kolektiboko Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Joseba Roldan eta Oier Guillan izango dira Mr. Señorako aktoreak. Zarauzko estreinaldiaren ostean, maiatzaren 22an, Donostian, poesia jardunaldi baten parte izango da antzezlana eta bagilaren 18an, Zumaian, Zurrunbilo jaialdian eskainiko dabe. Urriaren 30ean Ondarroan izango dirala be aurreratu dabe Metrokoadrokakoek.

Liburuko ganerako sei istorioak be, Mr. Señora legez, antzerkirako testuak dira. Gaiak, pertsonaiak eta giroa aldatzen da, istorio independenteak diralako, baina danak batzen dituen ezaugarri batzuk badagoz: Galderak egiten ditue honeek testuek, dino Guillanek, zalantza eta kontraesana erabilten ditue. Egia biribiletatik ihesean, desadostasunak agiri dira, gogoeta deserosoak. Elementu batzuk istorio batetik bestera errepetiduten dira: Ispiluak, adibidez.

Joan diran urteotan Guillanek idatzitako testuak dira Mr. Señorakoak. Batzuk antzezlan formatuan be emon izan ditue, beste batzuk euren txandearen zain dagoz. Ainara Gurrutxagak Gorputz deserosoak izeneko hitzaurrea idatzi deutso liburuari eta Idoia Beratarbideren ilustrazinoak be topauko ditu irakurleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu