Zineuskadik eta EZAEk hitzarmena sinatu dabe, aretoetan euskal film gehiago emoteko

Bizkaie! 2016-05-19 15:34   Zinemea

Hitzarmena sinatu dabe Zineuskadi erakundeak eta EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Alkarteak. Alkarlanean sakonduta, Europako eta Euskal Herriko pelikula gehiago erakustea adostu dabe eta, holan, bertoko zinemeak azkenaldion euki dauen gorakadeari eutsi nahi deutsie.

Coro Odriozola, Joxean Muñoz eta Clara Montero | Ikusi handiago | Argazki originala

Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak azaldu dauenez, joan diran urte biotan Europako eta Euskal Herriko zinemearen konsumoak izandako igoerea, ikusleen eta erakundeen jarrerearen ondorio izan da. Urte bian, esaterako, % 27tik % 40ra igon dau Europako zinemearen kuoteak. Bestetik, igaz, euskal jatorriko hamabi film estreinau ziran pantaila handian eta 100.000 ikusle euki zituen erkidegoan. Horri, Zinema Euskaraz programako 17 filmak (25.000 ikusle) gehitu behar jakoz.

Euskeraz emoten diran bertoko pelikulen kopuruak be gora egin dau azkenaldion. Europako eta Euskal Herriko hazkunde horri eustea izango da, horrenbestez, Zineuskadiren eta EZAEren arteko hitzarmenaren helburu nagusia. Europako filmak bultzatuko ditue eta Zinema Euskaraz programea indartuko dabe. Clara Montero Zineuskadiko presidentearen esanetan, bertoko zinemagintzea indartzeaz gan, ikus-entzuleak aretoetara erakartea be bada asmoetako bat.

Zineuskadik, ikus-entzunezkoak bultzatzeko plataforma publikoak, hitzarmen horren bidez, honako konpromisoak hartuko ditu: Alkarlana bideratu, Euskal Herriko produkzinoak bultzatzeko; eta euskerara filmak bikoizteko eta Europan produzidutako filmak sustatzeko lan egitea.

Bere partetik, EZAEk honako konpromiso moltsoa hartuko dau: Zinema Euskeraz programea martxan ipintea; banatzaileen eta Zineuskadiren arteko hartu-emonean laguntzea; aretoetan euskal filmei eta Europakoei lekua egitea; ikus-entzuleak erakarteko jarduerak antolatzea; eta publiko barriak erakarteko lan egitea.

Coro Odriozola EZAEko idazkaria eta Joxean Muñoz sailburuordea baikor agertu dira hitzarmena sinatzeko ekitaldian. Aurrerapausu kualitatibo eta kuantitatibotzat jo dabe, euskal produkzinoei aretoetara heltzea errazten jakelako. Euskal kulturearen sareari eusteko, zinema areto komertzialek bizirautea beharrezkoa dala adierazo dau Odriozolak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu