Homofobia erakustea da horren kontra burruka eraginkorra egin ahal izateko era bakarra

Bizkaie! 2016-05-17 09:09   Kulturea

Maiatzaren 17a, les-homo-trans-bi-inter-fobiaren kontrako Nazinoarteko eguna dan honetan, Bizkaiko E28ko Koordinakundea osotzen dogun taldeok gure alkartasuna helarazo nahi deutsegu, lehenengo eta behin, indarkeria sufriduten daben persona guztiei.

Maiatzaren 17a, les-homo-trans-bi-inter-fobiaren kontrako Nazinoarteko eguna dan honetan, Bizkaiko E28ko Koordinakundea osotzen dogun taldeok gure alkartasuna helarazo nahi deutsegu, lehenengo eta behin, indarkeria jsufriduten daben persona guztiei. Azken egunotan Madrilen izandako hainbat erasoren barri izan dogu, Bartzelonako mutil gay baten heriotzako arduradunak libre geratu dira, Marokon bi mutil gay atxilotu ditue erasotuak izan ondoren, eleiza katolikoa azkenaldian transexualen kontra agertu da modu berezian... eta hau ez da salbuespena, persona askoren egunerokoa baino. Zenbat eta askatasun espazio gehiago konkistau, handiagoa da batzuek gure existentzia hutsaren kontra adierazoten daben gorrotoa. Hau homofobia sozialaren isla da, baita egin barik geratzen jakun bidearena be.

Indarkeria horreek guztiak, gehienbat gure ingurunean jazoten diranean,  gogor salatu behar doguz. Gure ustez, oinarrizkoa da erasoak, diskriminazinoa edo-eta euren orientazino sexualagaitik edo genero-identidadeagaitik indarkeria jsufriduten daben personentzako tratu egokia bermatzen dauen protokoloa garatzea. Erne egon behar dogu indarkeria homofoboaren edozein kasu atzemoteko, eta horren kontra azkar eta gogor egiteko gai izan. Horregaitik, eraso homoforen bat sufridu dozuen guztiei, edo bateren batek jasan dauela dakizuen guztiei, eskatu nahi deutsuegu ez isiltzeko eta salatzeko. Homofobia erakustea da horren kontra burruka eraginkorra egin ahal izateko era bakarra. Eta bide honetan zuen aldean izango gaituzue beti.

Erakunde publikoek Bilbo eta Euskal Herria homofobiarik bako lurraldeak izan daitezan gogor lan egin behar dabela uste dogu. Gu beti egongo gara euren aldean lan honetan. Berbarako, Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daroaz homofobiaren kontrako egunean kanpainak (Aurten Guk ere / Nosotros/as también lemapean) egiten eta horreetan parte hartu izan dau koordinakundeak. Bilboko Udalak, bere aldetik, azken urte honeetan Bilbao gay-friendly ekitaldia bultzatu dau. Udalaren gu guztiontzako Bilbo libreagoa eregitearen aldeko interes barri hau positiboki hartzen dogun arren, Udaleko turismo arloak egindako kanpainearen aniztasun ezak kezkatzen gaitu. Urte askotan zehar persona disidente sexualek gainditu behar izan dogu arazo handiena ikusezintasuna izan da; edo beste era batean esanda, estereotipo erreduktore eta iraingarrien bidez ikustea. Horrek ezkutatzen gintuan eta ahultzen gintuan. Gizartearen aurrerapen handiena gure aniztasun osoan nabaritu gaituenean gertatu da. Gure aniztasuna gure armarik handiena da, eta hau gure banderetan adieraozten dogun idea nagusia da. Estereotipo bakarrera txikiagotzen gaituenean, gure taldearen parte handiena kanpoan ixten dabenenean, uniformatu egiten gaitue, banatzen gaitue, ahultzen gaitue. Gaur honetaz kontziente izan behar dogu, gure gorputz guztiakaz, gure desio guztiakaz, gure bizi-historia guztiakaz ikus gaiezan. Azken finean, gure kolore guztiakaz.

Horregaitik, gaur eta hemen Ekainaren 28ko Koordinakundeak dei egin nahi deutse erakunde horreei, guztiok batera benetako Bilbo eta Bizkaia gay-friendly, les-friendly, trans-friendly, inter-friendly... eregiteko: gizarte askotariko eta guztiontzakoa, inor kanpoan ixten ez dauena. Lortzen dogun eguna helduko da, eta egun horretan benetan erakutsi ahal izango dogu harro gure uria. Ordura arte, guztiok alkarrekin burrukatu beharko dogu gogor.

Bizkaiko Ekainaren 28ko koordinakundea (Aldarte, Bizigay, Ehgam, Guztiok, Hegoak, Liga LGTB, Ortzadar, Zaharrok)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu