Paulina (La Patota)

Karolina Almagia 2015-12-09 13:40   Zinema kritikak

Dolores Fonzi oso aktore ona da eta Santiago Mitrek badaki primeran zuzentzen. Baina ez da nahikoa eta istorio honek zorroztasun gehiago beharko leuke. Film probokatzailea dala esan dabe; baina osotubakoa eta faltsua begitantzen jat niri.

- Zuzendaria: Santiago Mitre.
- Gidoia: Mariano Llinás, Santiago Mitre (Eduardo Borrásen istorio batean oinarritua).
- Aktoreak: Dolores Fonzi, Oscar Martínez, Esteban Lamothe, Cristian Salguero, Verónica Llinás eta Laura López Moyano.
- Produktoreak: La Unión de los Ríos / Lita Stantic Producciones / Telefónica Studios / Story Lab / Full House / - VideoFilmes.
- Iraupena: 103 min.
- Herrialdea: Argentina, Frantzia, Brasil.
- Generoa: dramea.


Hiru sari irabazi zituan Paulina filmak Donostiako Zinemaldian: Horizontes, Gazteriaren HEZAE eta TVE-Beste Begirada. Eta Canessen FIPRESCI kritikarien saria be irabazi eban. Ezin da gehiago eskatu planteetan deuskun istorioak sortarazoten dauen enpatia eza kontuan hartuta. Paulina kontzientzia sozial handia dauen gazte abokatu bat da. Bere aitaren eretxiaren kontra, lana eta doktoretzea bertan behera ixtea erabagiten dau landa-maistra lana egiteko zonalde pobre batean. Baina hango errealidadearen krudeltasunak berehala eragingo deutso, izan be, gazte talde batek bortxatu egiten dau.

Ezustea dator Paulinak hartzen dauen jarrereagaz. Errua gizartearena dala eta ez bortzatzaileena uste dau protagonisteak (edo hori imajinetan dogu, azalpen handirik ez dauelako emoten). Arazoa da gidoiak ez deuskuzala argitzen emakume horren arrazoiak eta haren erabagi personalak ulertezinak egiten dirala ikuslearentzat.
 
Niretzako, filmak sinisgarritasun guztia galtzen dau eszena batean: biktimak erasotzaileari hitzordu bat eskatzen deutsonean jazotakoaz berba egiteko. Esan beharrik ez dago holako eraso eta trauma gogorra bizi izan dauen emakume bat ez dala bera bakarrik erasoa izan zan lekura bueltauko haren bortxatzaileagaz aurrez aurre egoteko, ameseta txar batean ez bada.

Dolores Fonzi oso aktore ona da eta Santiago Mitrek badaki primeran zuzentzen. Baina ez da nahikoa eta istorio honek zorroztasun gehiago beharko leuke. Film probokatzailea dala esan dabe; baina osotubakoa eta faltsua begitantzen jat niri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu