Urriaren 16an egingo da 'Piarres Larzabal sortzearen mendeurrena (1915-2015)' jardunaldia Baionan

Bizkaie! 2015-10-05 13:35   Kulturea

Jardunaldia Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak antolatu dau eta Larzabalek kulturgintzan eginiko ekarpenaz gogoetea egitea dau helburu.

Datorren martitzenean, urriaren 6an, Euskaltzaindiak Piarres Larzabal sortzearen mendeurrena (1915-2015) jardunaldia aurkeztuko dau. Jardunaldia Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak antolatu dau eta Larzabalek kulturgintzan eginiko ekarpenaz gogoetea egitea dau helburu. Aurkezpena Akademiaren Baionako ordezkaritzan egin da.

Piarres Larzabal idazlea 1915. urtean sortu zan Azkainen. Oso gazte hasi zan idazten eta hainbat aldizkaritan idatzi eta kolaborau eban: Eskualduna, Herria, Gure Herria, Enbata, Othoizlari, Aintzina. Edozelan be, batik bat antzezlanak idatzi zituan (ehunen bat) eta antzerki-lan horreei esker, antzerkigile lez lortu eban osperik handiena. Larzabalen antzerkigintzeak eragin handia izan eban 60ko hamarkadan, baita hurrengo hamarkadatan be.

Enbata mobimentu abertzaleko kide izan zan, eta duda barik, euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren suspertzeak eragina izan eban haren antzerkigintzan, eta horregaitik, antzezlan askotan euskaltzaletasuna edo herritartasuna izan zituan berbagai.

Euskaltzain oso izan zan, 1963an izentaua.

Baionan egindako aurkezpenean ondokoek egin dabe berba: Xarles Videgain Euskaltzaindiaren buruorde eta Iparraldeko ordezkaria eta Jon Casenave Literatura Ikerketa batzordeko kidea. Adierazo dabenez, Larzabalek kulturgintzan eginiko ekarpenaz hausnarketea egin nahi izan da jardunaldian, eta batez be bi ildo nagusiri buruz egin nahi da gogoetea: Larzabal Iparraldeko ondare literarioan dauen tokiaz eta Larzabalen pedagogiaz, euskal literaturan izan dauen eragin handiaz.

Emonkor, erabarritzaile, bultzatzaile, aitzindaria. Casenavek azaldu legez, antzerkia, genero moduan, oso gitxi landua zan ordura arte. Gai eta formetan, unibersoetan, generoetan, guztietan egin zituan ekarpenak. Euskal mundutik gai asko landu dau. Ganera, antzerki landutik ezaugarri anitz hartu eta euskeratu ditu, baina herri antzerkitik be gauza asko ekarri dau bere obrara. Horrezaz gan, dohain berezia eban alkarrizketak eratzeko bere obretan, horretan bere oso landua zan.

Irakasle eta pedagogo legez be sano garrantzitsua izan da. Hizkuntzearen aldetik be, ahozkotasuna eta orduko euskerea landu eban bere obran eta hori idatzita gelditzen da. Horregaitik, irakaskuntzan be, euskerearen bilakaerea aztertzeko, haren obrak balio handikoak dira.

Piarres Larzabal sortzearen mendeurrena (1915-2015) jardunaldia urriaren 16an egingo da Baionan, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibersidadean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu