'American Hustle'

Karolina Almagia 2014-02-04 17:30   Zinema kritikak

Metrajea luzeegia da eta, ganera, tarteka galdu egiten gara istorioan. Amaierea heltzen danean, ez hotz ez bero geratzen gara. Asko espero genduan. Eta huts egin deusku.

- Zuzendaria: David O. Russell
- Interpreteak: Jennifer Lawrence, Christian Bale, Amy Adams, Bradley Cooper, Jeremy Renner, Robert De Niro, Michael Peña
- Herrialdea: Ameriketako Estadu Batuak
- Generoa: komedia
- Gidoia: David O. Russell, Eric Singer
- Iraupena: 138 minutu


Kritika onak, Oscar sarietako faboritoa… asko eskaintzekotan heldu da American Hustle (La gran estafa americana, hemen) David O. Russell zuzendariaren -El lado bueno de las cosas beharraren arduraduna- lan barria aretoetara. Asko espero genduan. Eta huts egin deusku.

Film honen onena lehenengo eszenea da. Christian Bale aktorea uleordea ipinten dabil, kontu handiz, lekedea erabiliz. Irudi dibertigarriak dira, pelikulearen erea zelango dan erakutsi gura dabenak. Personaien aurkezpenagaz segiduten dau pelikuleak, eta gozetako momentuak dira horrek be. 70 hamarkadako girotzea oso ona da, musika egokia lagun (abesti mitikoak tartean). Irribarre egitera bultzatzen gaitu. Baina, tamalez, ez da holan luzaroan, pelikulak ez dau abiadurarik hartzen.

Amy Adamsen personaiak ez gaitu konbenziduten. Hasieran indarra badauka be, gero desagertu egiten da. Bularrak agirian ixten dituen jantziaz ipinteaz gan, ez dau asko gehiagorik egiten. Alderantziz, hasieran jakin-min oso gitxi daukan emaztearen papelak (Jennifer Lawrence) interesa hartzen dau amaieran. Bradley Cooper-en personaia be nahiko ganorabakoa da.

Metrajea luzeegia da (barriro be, Oscar sarietan zeozer lortzeko ordu bi baino gehiagoko pelikulea izan bahar dauela emoten dau) eta, ganera, tarteka galdu egiten gara istorioan. Nahikoa ahula dan gidoiak dauka errua. Amaierea heltzen danean, ez hotz ez bero geratzen gara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu