Ipar Euskal Herriko herriko etxeetako hizkuntza politiken neurketea amaitu barri dau Kontseiluak

Bizkaie! 2014-01-31 11:07   Euskerea berbagai

Hemeretzi herriko etxetako hizkuntza politiken neurketea egin barri dau Euskarearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, hauxe dau hirugarrena. Udaletxeotan hizkuntza politika ausartagoak egin daitekezela nabarmendu dabe txostenaren ondorioetan.

Hemeretzi herriko etxetako hizkuntza politiken neurketea egin barri dau Euskarearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, hauxe dau hirugarrena. Udaletxeotan hizkuntza politika ausartagoak egin daitekezela nabarmendu dabe txostenaren ondorioetan.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Baionan emondako prentsaurrekoan azaldu zituan neurketearen emoitzak. 2006an abiatu zan egitasmoa, eta ziklo politiko osoa pasau ostean, 2010ean egin eben bigarrena. Euskal Herri osoko ziklo politikoak ez diranez aldi berean amaitzen, aurten Ipar Euskal Herrikoak besterik ez ditue neurtu.

Neurketeak agirian itzi dau, Kontseiluaren arabera, udaletxeek neurri egokiak bateratu ezkero, hizkuntza politika egokia egitetik hur egongo litzatekez. Herriko etxe desbardinetan hartu diran neurri egoki guztiak herri bakar batean bateratuta, 5eko puntuazinoa lortu dogu, azaldu eban Bilbaok.

Honeek dira aztertutako19 udaletxeak: Angelu, Atharratze, Azkaine, Baiona, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Ezpeleta, Hazparne, Hendaia, Itsasu, Kanbo, Maule, Mugerre, Sara, Senpere, Urruña eta Ziburu. Danetara,190.287 herritarrengan eragiten daben hizkuntza politikak dira, ia Ipar Euskal Herriko biztanleen %70.

Euskereak gaur egun bizi dauen egoera diglosikoa gainditu eta normalizazinoa bideratzeko beharrezkoa dan hizkuntza politika egokia 10 punturen ganean 7ko notak definitzen dau. Izan be, hizkuntza bat normalizatuo bada, lehentasunezko tratua behar dau eta tratu hori 7ko notak adierazoten dau, adierazo eban Kontseiluko buruak. Aztertutako herrietatik bakar batek be ez dau 7ko notea lortu. Hendaiak eskuratu dau barriz notarik onena: 3,08. Sara eta Hazparne dira bigarrenak 2,9 puntugaz, eta notarik txarrena, barriz, aurreko neurketan lez, Angeluk dauka, 0,3 puntu.

Bilbaok azaldu eban hizkuntza politika egokia egitera heltzeko bide luzea daukiela egiteko neurtutako herriek, baina, orokorrean, aurreko neurketa bietan jasotako emoitzak kontuan hartuz, ia herri guztietan aurrerapenak emon dirala.

Hizkuntza paisajeari jagokionean, Bilbaok Ezpeletako kasua aitatu eban. Han kaleen izenak euskera hutsean edo euskera nabarmenduz agiri dira. Trafikoari lotutako seinaleetan euskereari emoten hakon lekua anekdotikoa dala kritikau eban, nahiz eta herri batzuetan, hizkuntza paisajea euskeratzeko erabagia hartu daben, hain zuzen be, Donibane Garazin, Maulen, Donibane Lohizunen, Baionan eta Miarritzen.

Beharginen kontratazinoa neurri traktorea da, hasieratik euskalduna kontratau ezkero, dirua aurreztu eta denporea irabazten dalako. Herriko etxeen komunikazinoari jagokionean, oso egoera desbardinak ikusi ahal izan ditu Kontseiluak, eta aurrerapausu bat aiatzearren, komunikazino ofizialetan euskereari lekua eskaintzea erabagi izana nabarmendu eban

Merkataritza eta lan munduari lotuta, Maule eta Atharratze eredu dirala azaldu eban, euskerearen normalizazinoa bultzatzeko egitasmoak bidean dituelako eta erabagiak hartu diralako, izan be Xiberoko Herri Elkargoak teknikari lanpostu erdia sortu dau horretarako. Kirolaren eta aisiaren atalean herri guztietan hutsune nabaria dagoala salatu dabe, helduei zuzendutako eskaintzearen artean herri bakar batek ez dauelako euskerazkorik eskaintzen.


Aurrekontuen garrantzia

Edozein politika egiteko baliabideak behar dira, hizkuntza politika egiteko bere bai. Kontseiluak egindako neurketearen arabera, Donapaleuk izan ezik, herri guztiek daukie euskerearentzat aurrekontua. Kontseiluak aurrekontuaren %2 esleitzea joten dau neurri egokitzat, eta inongo herrik ez dau kopuru hori bideratzen, baina Urruñak, Hendaiak eta Ezpeletak gaur egun %1 inguru zuzentzen dabe euskerara.

Kontseiluaren eritxiz, hizkuntza politika sendo eta eragingarri batek hiru zutabe hartu behar ditu oinarritzat: corpus juridikoa, plangintzak eta baliabideak.

Corpus juridikoak hizkuntza eskubideen bermea izan behar dau ardatz, eta hori artikuletako plangintzak eta baliabideak behar dira, Kontseiluaren esanetan. Plangintzarik ezean euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketeak ez dau amaierarrik izango denporan eta herriko etxeetako langileen borondatearen eta motibazinoaren pentzu geldituko da.

Bilbaok gogorararazo dau euskereak ez dauela estatus ofizialik ez eta lege babesik be, eta ondorioz, Euskal Herriko herrietan bideratzen diran hizkuntza politikak hautetsien borondatean oinarritzen diral-ako. Ezinbestekoa dogu lege babesa, euskerea normalizau nahi badogu eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatu nahi badoguz. Ezin da bestela izan, adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu