Bizkaia, Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz bat

Bizkaie! 2013-11-29 14:42   Euskerea berbagai

Datozen asteotan berrehun kultur eta aisialdirako ekintza baino gehiago eskainiko dira, eta horren guztiaren helburu nagusia da euskerea kalera atara eta daukan aberastasuna ikusarazotea.

Azken urteotan, Bizkaiko udalerri gehienetan makina bat ekintza antolatu dira Euskerearen egunari lotuta; hori dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde mailako ikuspegia emon gura izan deutso egunari eta, aurten be, ekitaldi horreek guztiak josteko asmoz, Euskerearen Eguna iragarteko kartela jarri dau Bizkaiko euskera zerbitzu guztien esku eta ekimenon agendea bizkaia.net atarian argitaratuko dau, baita udal parte-hartzaileen webguneetan be. Egitaraua egunik egun gaurkotzen joango da, herrietatik etenbarik jasoten baitira proposamenak.

Kontuak kontu, datozen asteotan berrehun kultur eta aisialdirako ekintza baino gehiago eskainiko dira, eta horren guztiaren helburu nagusia da euskerea kalera atara eta daukan aberastasuna ikusarazotea.

2013ko Euskerearen egunaren jentaurreko aurkezpenean, ondoko honeek izan dira: Ana de Castro, BFAko euskera zuzendaria, eta Andoni Busquet, Basauriko Udaleko alkatea, EUDELen eta Bizkaiko udalen ordezkari. Egun honen inguruan ospatuko diran ekintzak Bizkaiko Foru Aldundiak, Eudelek eta Bizkaiko euskera zerbitzuek ahalbidetu ditue.

Andoni Busquetek, EUDELeko ordezkariak aspimarratu dau udalek euskereagaz daben konpromisoa handia dala, eta urterik urte handiagoa. Ahalegina egiten dogu bai euskerearen erabilerea indartzeko eta bai herritarrek euskerazko zerbitzua bermatuta izan deien. Basauriko alkateak herritar guztiak animau ditu jardueretan parte hartu deien: Euskerearen Eguna momentu egokia da geure hizkuntzearen alde egiten dogun lana ikusarazoteko.


Sustatzaileak eta hartzaileak

BFA eta EUDELegaz batera, ekimen honen sustatzaile dira Alkarbide bilgunea (Bizkaiko euskera zerbitzuen bilgunea) osotzen daben udaletako euskera zerbitzuak. Hartzaileak, barriz, udalerri horreetako biztanleak, 1.000.000 herritar inguru.


Zabalkunde-euskarriak

- Kartela: Euskerearen Egunari lotutako ekintzak iragarteko, kartel eredu bi egin dira, diseinuz antzekoak, bata Euskerearen Eguna bera iragarteko eta bestea ekintzen barri emoteko.

- e-agendea: herritarrek udalerrian bertan zein Bizkaiko beste udalerri batzuetan egingo diran ekintzen barri izateko agendea argitaratu da bizkaia.net atarian.


2013ko Euskerearen Egunaren harian Bizkaiko herrietan antolatuko ekintzak

Ume-gazteentzako jarduerak: 70
Helduentzako jarduerak: 91
Guztientzako jarduerak: 42
Musika-emonaldiak: 23
Ekitaldi ofizialak, aurkezpenak: 20
Hitzaldiak: 21
Bertso-saioak 9
Berbaguneak 8


Danetara, 213 kultur ekintza batu dira. 35 euskara zerbitzutatik hartutako informazinoa, 2013ko zemendiaren 27ra arte.


Euskerearen Eguna

Lehenengo Euskerearen Eguna orain 60 urte baino gehiago ospatu zan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Ipar Euskal Herrian ez eze, Parisen, Mexikon, Caracasen, New Yorken eta beste leku batzuetan be ospatu zan Euskerearen Eguna. Ordutik, urtero egin da egunaren ospakizuna Xabierko Frantziskoren egunean beti be. Data horren jatorria Eusko Ikaskuntza erakundeari estu lotzen jako.

1995ean, kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzeak eguna berrindartzeko proposamena egin eban. Diasporako euskaldunek egun handitzat ebena Euskerearen Egun Ofiziala izentetako eskatu eben. Eusko Jaurlaritzeak eta Euskaltzaindiak ontzat emon eben proposamena eta abenduaren 3a, Xabierko Frantzisko eguna, Euskerearen Eguna izentetea erabagi eben.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu