Euskereak azken 200 urteetan Donostian izan dauen presentzia eta bilakaerea batu ditue liburuxka eta webgune batean

Bizkaie! 2013-10-29 11:46   Euskerea berbagai

Liburuxkeak alde literario eta artistikoa be badauka. Alde batetik, egungo hamar idazle donostiarren testuak jaso dira (Joan Mari Irigoien, Arantxa Urretabizkaia, Ramon Saizarbitoria, Itsaso Araque) eta, bestetik, argitalpen honetarako beren-beregi Arkaitz Barriolak egindako hainbat ilustrazino agiri dira.

Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzuak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) euskereak azken 200 urteetan urian izan dauen presentzia, garrantzia eta bilakaerea jasoten dituen Su haietatik hitz hauek liburuxkea eta www.suhaietatik.com webgunea sortu ditue, Donostia erre, suntsitu eta berreregiteko ebazpenaren bigarren mendeurrenaren harian.

Liburuxka atzera begirako bat dan arren, webgunean eta abenduaren 3ra bitartean antolatuko diran jardueretan aurrera be begiratu nahi da, jenteari parte hartzeko aukerea emonez euskerea sustatzeko asmoagaz.

Aritz Gorrotxategi idazlea izan da liburuxkearen egilea. Lanean, euskerea eta Donostia eskutik joan dirala eta doazela adierazoteko hamaika datu, pasarte eta jazoera batu ditu: bisitari ospetsuek euskereari buruz idatzitakoak, donostiar idazleek aitatutakoak, bertsolaritzea edo euskal antzerkigintzearen presentzia eta garrantzia Donostian, euskerazko publizidadea, prentsa edo kantagintzea, ikastolen sorrerea eta abar. Horrezaz gan, euskerearen normalizazinoagaz zerikusia daben jazoerak be batu ditu: euskerearen beharra hainbat lanpostutan, euskerearen kontrako zentsurea, kale izenak euskeraz.

Era berean, liburuxkeak alde literario eta artistikoa be badauka. Alde batetik, egungo hamar idazle donostiarren testuak jaso dira (Joan Mari Irigoien, Arantxa Urretabizkaia, Ramon Saizarbitoria, Itsaso Araque) eta, bestetik, argitalpen honetarako beren-beregi Arkaitz Barriolak egindako hainbat ilustrazino agiri dira.

Liburuxkearen 4.600 ale banatuko dira doban Donostiako ikastetxe, euskaltegi eta leku publikoetan. Liburuxkea euskaraz argitaratu dan arren, azken orrialdeetan gaztelaniazko laburpena dauka, eta webgunean argitalpena euskeraz zein gaztelaniaz dago.

Argitalpenaren edukia jasota egoteaz gan, webgunean beste bi atal barri sortu ditue jentearen ekarpenak jasoteko. Hitzen mapa atalean, euskereagaz loturea izan daben Donostiako jazoera garrantzitsuak jasoko dira, eta horretarako jentearen parte-hartzea eta ekarpena garrantzitsua izango da, aurkezpenean azaldu dabenez.

Webgunea aurrera begira be jarriko da, eta herritarrei euskerea sustatzeko aukerea emongo deutse. Atarian sartzen dan edonor euskerearen aldeko pausu bat emotera animau dabe, ekintza zehatz eta egingarria aurrera eroango dauela adierazoz. Ekimen sinplea izanik be, euskerea sustatzeko oso eraginkorra izan daiteke, egunero hartzen eta aurrera eroaten diran erabagiak baitira hizkuntzea indartzeko garrantzitsuenak.

Bestalde, gaurtik aurrera, Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian eta EHUko Gipuzkoako campusean (Carlos Santamaria zentroan) egongo dira webgunea, liburuxkea eta liburuxkarako egindako ilustrazinoak abenduaren amaierara arte. Era berean, bertan jarritako ordenagailuan, jenteak bere konpromisoak grabauta ixteko aukerea izango dau. Ekimen hau kultur etxeetan be izango da, baina modu ibiltarian (astero kultur etxe batean egongo da).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu