Euskerearen Erakunde Publikoak eta Jaurlaritzeak 1,6 miloe euro banatu ditue Ipar Euskal Herriko eragileen artean

Bizkaie! 2013-07-18 10:57   Euskerea berbagai

Aurten 83 egitasmo aurkeztu dira deialdira, 55 eskatzaileren eskutik, eta horreetatik 65 egitasmo diruz lagundu dira, zortzi hitzarmen bidez eta 57 proiektu deialdiaren bidez.

Euskerearen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzeak 1.600.000 euro banatu ditue aurten Ipar Euskal Herriko eragileen artean, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren barruan. Jaurlaritzeak 400.000 euroko ekarpena egin dau.

François Maitia Euskerearen Erakunde Publikoko presidenteak eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenean aurreikusitako diru laguntzen ebazpena aurkeztu dabe Baionan. Bi ordezkariek adierazo dabenez, aurten 83 egitasmo aurkeztu dira deialdira, 55 eskatzaileren eskutik, eta horreetatik 65 egitasmo diruz lagundu dira, zortzi hitzarmen bidez eta 57 proiektu deialdiaren bidez. Hitzarmen bidez, irakaskuntza alorreko hainbat erakunderen jarduna lagundu da: Seaska (Iparraldeko ikastolak), Ikas-bi eta Biga Bai (eskola publikoko eredu elebidunaren aldeko guraso alkarteak), eta Euskal Hazia (kristau eskoletan eredu elebiduna sustatzeko guraso alkartea).

Alor horreez gan, eta hitzarmen bidezko laguntzen multzoan beti be, beste erakunde batzuen jarduerea be lagundu da: AEK, Euskal Irratiak, Bertsularien Lagunak eta Uda Leku (azken biak, gazteentzako aisialdirako euskerazko egitasmoak kudeatzen dituen alkarteak).

Proiektu deialdian, barriz, bi multzo nagusitan sailkatzen dira egitasmoak: transmisinoa eta erabilerea, eta, erabilerearen multzoan, aisialdia, bizitza soziala, hedabideak eta argitalpenak bereizten dira. Atal honetan, eta diru-laguntzinoaren garrantziaren arabera, hedabideen multzoa da lehenetsia.

Baztarrikak bi herri erakundeen arteko lankidetzearen ibilbidea eta helburu nagusiak gogorarazo ditu: 2007ko zezeilaren 7an sinatu zan Baionan Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzearen arteko lehen hitzarmen markoa. Akordio hori erakundeok euskerearen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetzea garatzeko borondatea praktikan gorpuzteko eta, era berean, erakunde mailako harreman iraunkorrak ezartzeko eta garatzeko bideak finkatzeko asmoz jaio zan, betibe herri erakunde bakotxaren erabagi-autonomia, funtzionamendu-arauak eta jarduera-esparrua errespetauta.

Aurrerago, 2011n izenpetu zan Eusko Jaurlaritzearen eta Euskerearen Erakunde Publikoaren arteko bigarren hitzarmen markoa, 2011-2016 epealdirako orduan, eta aurtengo apirilaren 17an sinatu zan Baionan bertan, 2013ko jardunaldiari jagokon hitzarmena. Esan bezela, Eusko Jaurlaritzeak 400.000 euro jarri ditu 2013ko hitzarmenean adosturiko 1.600.000 euroko fondoan.


Egoera baltza

Azken datuen arabera, euskereak Iparraldean bizi dauen egoera gogorra gogorarazo dau Baztarrikak; euskereak hiztunak galtzen jarraitzen dau Ipar Euskal Herrian, eta ahuldu egin da, era berean, euskerearen aldeko jarrerea herritarrakan. Zorionez, gazte elebidunen kopurua hasi da gora egiten. Horregaitik, euskereak ondoan izan dau, dau eta izango dau Eusko Jaurlaritzea Iparraldean, danon beharra dauelako, esan dau.

Errealidade horretan lan egiten daben gizarte eragile eta herri erakundeen arteko osogarritasuna berbagai hartuta, diru-laguntzinoak jasoko dituen alkarte eta gizarte eragile guztiak beren lanean eraginkortasuna eta bikaintasuna bilatzera animau ditu, hori izango dalako arrakastearen bermerik seguruena eta gure herri erakundeen arteko lankidetzearen justifikazinorik garbiena.

Era berean, Iparraldean euskerearen sustapenean lanean dabilzan gizarte eragileen aniztasuna goraipatu dau, danok baikara beharrezkoak euskerea bizibarritzeko ahaleginean, nor bere planteamendutik, baina lankidetza leialean eta alkarren errespetuan oinarrituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu