'Gogoa kirolean' Mendebalde Kultura Alkartearen XVII. jardunaldiak Bilbon maiatzaren 3an eta 4an

Bizkaie! 2013-04-30 18:36   Euskerea berbagai

Gogoa kirolean izenburupean, urteroko hitzordua antolatu dau Mendebalde Kultura Alkarteak maiatzaren 3 eta 4rako. Berbaldiok Bilboko Plaza Barria 15ean, Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira.

Gogoa kirolean izenburupean, urteroko hitzordua antolatu dau Mendebalde Kultura Alkarteak maiatzaren 3 eta 4rako. Berbaldiok Bilboko Plaza Barria 15ean, Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira.

Danetara, hamar berbaldi eta hamabi hizlari izango dira. Barikuan, Eneko Barrutiak gidatuko dauen Kirola bizitzan lehenengo ekitaldian, ondoko hizlari eta gaiak izango dira: Juan Ramon Fernández-López, Aritz Urdampilleta eta Iker Lópezek Jarduera fisiko egokitua eta elikadura: osasunaren bidean gaia jorratuko dabe; Abel Barriola pelotari leitzarrak Kirola euskaldunaren izaeraren ezaugarrietakoa da berbaldia eskainiko dau; Iratxe Ibarra bertsolariak, barriz, Kirolak lagundutako bizitza gaia aukeratu dau. Horreek guztiak barikuan izango dira arratsaldeko lau eta erdietan hasita.

Euskerea kirolaren bidez lemapeko bigarren ekitaldian: Koikili Lertxundi Athletickeo jokalari ohiak Kirolaren oinarriak gaia aztertuko dau; Jose Joakin Gallastegik Gure artalde letraduna izenburuko berbaldia eskainiko dau. Bi horreek barikuan izango dira arratsaldeko 18:30ean hasita. Moderatzailea: Karmele Perez izango da.

Zapatuan, barriz, Pedro Mari Goikoetxeak gidatuta, Kirol-istorioak izenburuko hirugarren ekitaldian: Maider Undak Kiroleko gorabeherak niregan berbaldia eskainiko dau: Ibon Gaztañazpik Euskara mintzagai. Tostetatik telebistara gaia jorratuko dau. Bi horreek zapatuan izango dira goizeko 09:30ean hasita.

Euskara, kirola eta komunikabideak laugarren ekitaldian: Pedro M. Goikoetxeak Euskara, kirola eta komunikabideak gaiaren ganean berba egingo dau; Jose Ramon Uriarte Katxinek Euskaldunak munduan geure kirol baten bidez berbaldia emongo dau; eta Dabi Piedrak, barriz, Euskerazko kirol kazetaritzea Bizkaian gaur egun: Argi-ilunak gaia jorratuko dau. Azken hiru horreek zapatuan izango dira goizeko 11:00etan hasita. Moderatzailea Udane Goikoetxea izango da.

Mendebalde Kultura Alkartearen jardunaldiei amaierea emateko, omenaldia egingo jako Jose Angel Iribar Athleticeko atezain historikoari bere ibilbide luze eta emonkorragaitik kirolaren eta euskerearen zabalkuntzan.

Matrikulea jardunaldietan be egin daiteke baina aurretiaz egitea eskertzen da. Edonor hurreratu daiteke eta edonorentzat da interesgarria. Ikasleek 5 euro eta ganerakoek 20 euro ordaindu behar ditue BBKren 2095 0000 70 9022707760 kontu zenbakian. Argibide gehiago www.mendebalde.com webgunean, mendebaldekultur@gmail.com helbide elektronikoan eta 944028084 telefonoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu