Zortzi film luze izango dira lehian Fant 19 jaialdian maiatzaren 3tik aurrera

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-04-09 15:50   Barriak

Zortzi pelikula lehiatuko dira Fant Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdian, eta hiru berton estreinauko dira ganera, tartean Park Chan-Wooken Stoker. Maiatzaren 3tik 10era bitartean zinema fantastikoa eta bildurrezkoa ikusteko makina bat aukera izango dira, bai film luzeak bai laburrak, Alondigako Golen zinema-aretoetan

Zortzi pelikula lehiatuko dira Fant Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdian, eta hiru berton estreinauko dira ganera, tartean Park Chan-Wooken Stoker. Maiatzaren 3tik 10era bitartean zinema fantastikoa eta bildurrezkoa ikusteko makina bat aukera izango dira, bai film luzeak bai laburrak, Alondigako Golen zinema-aretoetan. Hamar euskal film labur proiektauko ditue aurtengo Fanten.

Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Justo Ezenarrok Kultur Programazino zuzendariak eta Eugenio Puerto Fant-eko programatzaileak aurkeztu dabe festibala prentsaurrekoan. Maiatzaren 3an jaialdia edegiko dauen Stoker pelikulea nabarmendu dau Bengoetexeak. Park Chan-Wook zinemagile korearra erreferentzia da zinema fantastikoaren arloan, esan dau. Zinema-aretoera heldu orduko ikusiko dogu Bilbon.

Nazinoarteko zortzi film luzek parte hartuko dabe Sail Ofizialean. Gabriel Carrerren In the house of flies, Jorge ArenillasenOtro verano, David Morleyren Home sweet home, Brandon Cronenbergen Antiviral, Franck Khalfounen Maniac, Ryan Smithen After, Paul Hyettek The seasoning house eta Yeung San-horen The king of pigs. Lehenengo hirurak Fanten ikusiko dira lehenengon aldiz, eta hiru zuzendariak Bilbon izango dira euren lanak aurkezten. Film onenari eta gidoi onenari sariak lortzeko lehiatuko dira lanok.

Fanten 19. edizinoko epaimahaia Koldo Serra zinemagile bilbotarrak, David Martos kazetari eta zinema-kritikariak eta Maru Valdivieso aktoreak osotzen dabe.

Film laburrei jagokenez, hiru sari banatuko dira, epaimahaiaren saria, ikusleena eta euskal film labur onena. Aurten 400 lan jaso ditue, eta horreetatik 22 aukeratu. Eugenio Puerto Fant-eko programatzaileak lan handia izan dala gogoratu dau, igaz baino behar gehiago jaso ditue. Nontzeberri atariak antolatutako Nontzefilmak sariketako pelikularik onenak be sail honetan izango dira ikusgai.

Euskal Herrian egindako film laburrak maiatzaren 3an proiektauko ditue, inaugurazino egunean, 22:00etan. Ondoko lanak izango dira ikusgai: Ander Mendiaren Beerbug, Koldo Almandozen Deus et machina, Jon Mendizabalen La tercera guerra, Kepa Sojoren Loco con ballesta, Paul Urkijoren Monster do not exist Lander Otaolaren eta Iñaki Reynaren Preguntador, Neftalí Velaren Remanecer, Alberto Vázquezen Sangre de unicornio, Jokin Urruticoechearen Susana se está muriendo eta Pablo Isidroren The night stalker. Lanok jatorrizko bersinoan emongo ditue.

Aurtengo barritasuna da Campos antzokia Fanten eszenatoki bihurtzea. Campos Antzokiak ziklo bi hartuko ditu, Asia Fant eta USA Fant, bakotxean hiruna lan proiektauko ditue. Fant-en bigarren egoitzea izango da Campos lehenengo aldiz.

Fant Erreskatean izeneko sailean oraintsu hildako Bigas Lunaren Angustia eta Peter Jacksonen Mal gusto ikusi ahal izango dira. Bigas Lunas Bilbora etorteko aukerarik baegoan, Bengoetxea eta Puertok adierazo dabenez. Orain hilabete batzuk egin genduan berba beragaz -gogoratu dau Puertok- baimena eskatzeko, eta ia etorriko zan galdetzeko.

Amaiera-ekitaldia eta sari-emotea apirilaren 10ean izango dira, BBK salan, 19:45ean. Ostean, Kristina Buoztyek zuzendutako Vanishing waves proiektauko dabe.

Egitarau osoa, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu