Martiak 27: Antzerki Eguna gaur mundu osoan
2013-03-27 09:35 KultureaKrisiarentzako konponbide bakarra sorgin-ehiza handi bat antolatzea da, horretan dabe jarria itxaropena, sorgin-ehiza bat gure kontra, eta batez be antzerkiaren artea ikasi nahi dauen gazte-jentearen kontra: laster dator komedianteen diaspora barri bat, bortxaz derrigortua; baina, duda barik, onura imajinauezinak ekarriko ditu horrek antzezpen barri baten alde.
Dario Fo aktore eta antzerkigileak idatzi dau aurtengo Antzerki Eguneko mezua:
Aspaldi batean, botereak erabagi intolerante bat hartu eban komedianteen kontra, eta herrialdetik kanporatu zituen.
Gaur egun, aktoreek eta antzerki-konpainiek, krisia dala-eta, zailtasunak ditue agertoki publikoak, antzokiak eta ikus-entzuleak topetako.
Ondorioz, orain agintariak ez dagoz kezkatuta, ironiaz eta sarkasmoz barre egiten eutsienak kontrolau behar dituela-eta, dagoeneko ez baita lekurik aktoreentzat, ez baita ikus-entzulerik be.
Italiako Berpizkundean, barriz, agintzen ebenek ahalegin handia egin behar izan eben komedianteak arrastoan sartzeko, ikus-entzule ugari batzen baitzituen.
Gauza jakina da Commedia dell’Arteko aktoreen exodo handia Kotrarreformearen menpean jazo zala, Kontrarreformeak antzoki guztiak desegitea agindu ebalako, batez be Erroman, non salaketa larria egin eutsien: uri santua iraintzen ebela.
1697an, Inozentzio XII.a Aita Santuak, burgesiaren adar kontserbadoreenaren eta eleiz gizon nagusien eskari aterbakoei men eginez, Tordinona Antzokia desegiteko agindu eban; moralisten arabera, han emoten ei ziran antzezpen lizunik gehienak.
Kotrarreformearen garaian, Karlos Borromeo kardinalak, Italiako iparraldean ziharduala, Milango umeak erredimiduteari ekin eutson bete-betean, eta argi eta garbi bereizi zituan artea, hau da, hezkuntza espiritualaren adierazpide gorena, eta antzerkia, profanotasunaren eta hantukeriaren agerbide zana. Laguntzaileei zuzendutako gutun batean –buruz nabil–, holan mintzo da gitxi gorabehera: 'Belar gaiztoak erauzteko asmo sendoa dogunok ahalegin guztiak egin doguz diskurso lotsagarriak dituen testuak erreteko, gizakien oroimenetik erauzteko, eta aldi berean testu inprimatu horreek zabaltzen dituen guztiei jazartzeko. Bistan danez, ostera, gu lotan ginan bitartean deabruak maltzurkeria barrien bidez jardun dau. Zenbat zorrotzago sartzen dan ariman begiek ikus leikiena, halako liburuetan irakur leikiena baino! Zenbat galgarriagoa dan nerabe eta umeen gogoentzat ahozko berbea eta keinu egokia, liburu batean inprimidutako berba hila baino! Beraz, nahitaezkoa da antzerki-jentea gure urietatik kanporatzea, jendaila eta gizatxarrakaz egiten dogun legez'.
Holan, bada, krisiarentzako konponbide bakarra sorgin-ehiza handi bat antolatzea da, horretan dabe jarria itxaropena, sorgin-ehiza bat gure kontra, eta batez be antzerkiaren artea ikasi nahi dauen gazte-jentearen kontra: laster dator komedianteen diaspora barri bat, bortxaz derrigortua; baina, duda barik, onura imajinauezinak ekarriko ditu horrek antzezpen barri baten alde.
- Dario Foren jatorrizko mezua italieraz hemen.
- Ingelesez, barriz, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!