Igazkoa bardintzea dau helburu El Sol publizidade jaialdiak

Bizkaie! 2013-03-13 10:20

El Sol publizidade jaialdia bigarrenez izango da aurton, Bilbon, maiatzaren 30tik bagilaren 1era. Igaz 2.550 aurkeztu ziran, 28. edizino honetan parte-hartzea bardintzea espero dabe antolatzaileek.

El Sol publizidade jaialdia bigarrenez izango da aurton, Bilbon, maiatzaren 30tik bagilaren 1era. Igaz 2.550 aurkeztu ziran, 28. edizino honetan parte-hartzea bardintzea espero dabe antolatzaileek.

Komunikazinoaren jaialdi iberoamerikarra da El Sol, gaztelaniaz berba egiten dan Hego Amerikako herrialdeekaz batera, Brasilek, Espainiak eta Portugalek be parte hartzen dabe. Danetara, hamahiru sail ditu jaialdiak: egunkariak eta aldizkariak; marketin zuzena; marketin promozionala; irratia; digitala; komunikabideak; branding eta diseinua; osasuna; hartu-emon publikoak; telebisinoa eta zinemea; kanpaina integratuak eta barrikuntzea; kanpokoa; eta gazte sortzaileak. Azkenengo sail horretan, publizidade ikasleek bakarrik parte hartu ahalko dabe. Epaimahaia publizidade agentzietako adituek eta profesionalek osotuko dabe.

Jaialdia Euskalduna jauregian egingo da, baina Guggenheim museoak eta Alondigeak be hartuko dabe El Sol. Izan be, maiatzaren 31n, gauean, museoan egingo jake ondo etorria parte-hartzaileei. Sari-banaketea bagilaren 1ean egingo dabe, Euskalduna bertan.

Alondigan bagilaren 2ko ekitaldi edegiak antolatuko ditue, profesionalei bakarrik zuzendutako hiru egunen ostean, herritarrek iragarki onenak, irabazleen zerrendea eta jaialdiaren barri izango dabe. Egun berean, igaz egin eben lez, spot irabazleak proiektauko ditue.

Aurreko urtean, 1.800 lagun batu zituan El Solek, eta danetara 2.550 lan jaso zituan. Egoera ekonomikoa dala-eta, antolatzaileek ez dabe uste gora egiterik dagoanik, baina igazkoa bardintzea gura dabe behintzat, Enric Pujadas jaialdiko zuzendariak aurkezpenean nabarmendu ebanez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu