Dohaintza-denporea, etxeko lana eta zaintza aztertzeko tresnatzat

Bizkaie! 2013-03-08 11:36

Denpora-banaketea aztertzeko metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa buztartzen ditu Matxalen Legarreta UPV/EHUko ikertzailearen proposamenak. Generoaren arabera, denpora-banaketan dagoan bereizketea aztertu dau Matxalen Legarreta UPV/EHUko soziologoak.

Denpora-banaketea aztertzeko metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa buztartzen ditu Matxalen Legarreta UPV/EHUko ikertzailearen proposamenak. Generoaren arabera, denpora-banaketan dagoan bereizketea aztertu dau Matxalen Legarreta UPV/EHUko soziologoak. Orain arte erabilten diran tresnek ikuspegi zehaztubakoa emoten dabelakoan, dohaintza-denporea erabiltea proposatzen dau etxeko lana eta zaintza aztertzeko, metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa buztartzen baititu, eta, beraz, ikuspegi osoagoa izateko aukerea emoten dau.

Matxalen Legarreta soziologoak urteak daroaz etxeko lanaren eta zaintzaren ingurukoak aztertzen. Izan be, kezkagarria iruditzen jako denpora-aurrekontuen inkestek oraindino be holako aldea erakustea merkatuko lanaren, eta, batez be, etxeko lanaren eta zaintzaren denpora-banaketan, gizonezkoa ala emakumezkoa izan. Hain zuzen, biak kontuan hartuta, emakumeek ordubete gehiago egiten dabe lan gizonek baino, eta ordubete gitxiago dabe aisialdirako eta gizarte bizitzarako, zehaztu dau Legarretak.

Denpora-banaketa horren atzean dagozan faktoreak eta arrazoiak aztertzera bideratu ditu bere ikerketak eta doktore-tesia, eta garbi ikusi dau etxeko lanek eta zaintzak ezaugarri bereziak dituela. Batez be emakumeek egiten ditue, autortza sozial zein akademiko eskasa dabe, harremanetan oinarritzen dira, kutsu afektiboa eta morala dabe (sakrifizioa, erruduntasuna, betebeharra, maitasuna...), alkarregazko-printzipioan oinarritzen dira, genero-ikasketa berezituaren arabera banatzen dira eta botere-harreman asimetrikoek zeharkatzen ditue, azaldu dau.

Alabaina, denpora-aurrekontuen inkestek egiten daben lez denporea ordutan eta minututan bakarrik neurtu ezkero, alderdi kualitatibo horreek guztiak baztertu egiten dira. Horregaitik, irakurketa kritikoa egin behar dala dino Legarretak. Denpora-aurrekontuen inkestek alderdi batzuk azaleratzeko balio badabe be, oso mugatuak dira. Adibidez, EUSTATek egiten dituan inkestetan aldiberekotasuna neurtzen dabe, baina gero ez dabe aintzat hartzen. Izan be, askotan, etxeko lana eta zaintza aldi berean egiten dira, eta hor faktore askok parte hartzen dabe (zeri emoten jakon lehentasuna, zer joten da garrantzitsutzat eta zer ez...), baina, berez, bi lan dira. Bada, aldi berean egiten dan lan hori behar bezela neurtu ezkero, hirukoiztu egiten da etxeko lanei eta zaintzari eskainitako denporea.

Edpzelan be, Legarreta ez da hor geratu, eta pausu bat harago joan da. Holan, denporearen dimensino guztiak hartu nahi izan ditu aintzat Legarretak: Nire tesi-zuzendariak, Ramón Ramosek dinoanez, denporea lau eratara har daiteke: baliabidetzat, hau da, agortzen dan zepzer balitz lez; eszenatoki moduan, non denporea emona datorren, ordutegiek eta egutegiek markatuta; zerumuga lez, zeinetan denporea ez dan eskuragarria eta aldakorra dan; eta, azkenik dago denpora gorpuztua. Azken horretan gizakia denporea da, eta bere barruan batzen ditu bizi-aroak, emakumearen ugaltze-zikloak....


Dohaintza-denporea azterketarako tresnatzat

Denporearen dimensino horreek eta zeharkatzen dituen faktore materialak, moralak eta politikoak kontuan hartuta, denpora-banaketea aztertzeko tresna bat proposatu dau Legarretak: dohaintza denporea. Horretara heltzeko, Marcel Mauss antropologoaren lana be izan dau kontuan Legarretak. Maussentzat, dohaintzeak esan nahi dau emon, jaso eta itzuli egiten dala. Auzolana litzateke dohaintzaren hurreko adibide bat.

Holan ulertuta, denporearen ikuskerea ez da lineala, zirkularra baino. Adibidez, persona batek, txikitan, bere gurasoakandik jaso leike; gero, heldutan, berak emongo deutse gurasoei eta seme-alabei, eta adinean aurrera egindakoan seme-alabakandik jasoko dauen itxaropena izango dau, nahiz eta gaur egun hori ez dagoan hain garbi. Kezka hori zabalduta dago gizartean eta horrek agirian ixten dau dohaintza-denporea berez badagoala eta bere arauak dituala. Hain zuzen, arauak beteten ez diranean sortzen dira hutsunea eta kezka.

Horrenbestez, dohaintza-denporea etxeko lana eta zaintza aztertzeko tresna egokia dalakoan dago Legarreta: Dohaintza-denporea dimensino anitzekoa, plurala, ez-hierarkikoa eta gorpuztua da, eta uste dot baliogarria dala mitoak deseregiteko eta etxeko esparruaren dinamiken konplexutasuna azaleratzeko. Izan be, mitoak kontrakoa dinoan arren, etxeko lana eta zaintza ez dira beti maitasunez egiten, ez dira emakumeentzako aproposak, eta ez dabe zertan hurrekoei eskainitako lana izan.


Matxalen Legarreta

Matxalen Legarreta (Igorre, 1977), irakasle atxikia da UPV/EHUko Soziologia 2. Sailean. El tiempo donado en el ámbito doméstico-familiar. Estudio sobre el trabajo doméstico y los cuidados izeneko tesia egin dau, Cristina Garcia Sainz, Madrilgo Unibersidade Autonomoko irakasle titularraren eta Ramón Ramos Torre, Madrilgo Unibersidade Konplutentseko katedradunaren zuzendaritzapean, eta gaiagaz lotutako hainbat liburu eta artikuluren egilea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu