Kontseiluak salatu dau hizkuntza-politiketan aurrerapausuak emon ez eta hainbat arlotan atzerapausuak be izan dirala

Bizkaie! 2013-02-07 17:49   Euskerea berbagai

Kontseiluak euskeraz biziteko nahia kokatu nahi izan dau 2012an egungo egoera soziopolitiko barrian, eta, esangura horretan, euskerearen auzia agenda guztietan garai barriari begira egoki kokatzeko proposamena egin dau.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntza-politiken urtekaria osotu dau beste urte batez, eta Donostian egindako aurkezpen agerraldian Paul Bilbao idazkari nagusiak salatu dau azken urteetan ez dala hizkuntza-politiketan euskalgintzeak aldarrikatzen dauen sakoneko aldaketarik izan, eta igaz esandakoa berretsi dau, hau da, aurrerapausuak emon ez eta hainbat alorretan atzerapausuak be izan dirala.

Hizkuntza-politikeagaz lotutako jazoera garrantzitsuenak batzen dituan idazkiak azken 12 hileotan gertatutakoak eta esandakoak jasoten ditu. Urteari begiradea emotea dau helburu urtekariak eta besteak beste, administrazino desbardinak garatzen dabilzan politiken norabidea argiago ikustea ahalbidetzen dau. Beti be, aurrera begira jarteko orduan, etorkizuneko jarduerak zehazteko orduan asmetako baliogarri izan daitekeena, esan dau aurkezpenean Saioa Rodriguez Kontseiluko komunikazino-buruak.

Lana egiteko prozedureari jagokonez, hilebetez hilebete hizkuntza-politikeari lotutako jazoerarik esanguratsuenak batu dira, eta horregaz batera, plazaratutako irakurketa edota interpretazinoak. Urtekariak, beraz, informazinoa eta eretxia batzen ditu.

Euskarri digitalean jaso da aurten urtekaria, eta hizkuntza-politikeari buruz Kontseiluak dauen blogean eskuratu ahal izango da. Horregaz batera, Euskal Herriko eragile sozial eta politikoei be ale bana helarazoko jake.

Paul Bilbaok, urtearen errepasoa egin ondoren, hainbat gai nabarmendu beharrekoak dirala esan dau. Holan, hizkuntza-politiken balorazinoa egiteko urte bakarreko perspektibea mugatua izan badaiteke be, aurtengoa hirugarren alea danez, administrazino desbardinek hartzen dituen erabagiak aztertuz, zein hizkuntza-politika darabilten ezagutzeko aukerea emoten dauela azaldu dau.

Bilbaok gogoratu dau 2012a hauteskunde urtea izan dala eta hauteskunde-prozesuek aukerea emoten dabela, alde batetik, alderdiei hizkuntza-politikeari berari emoten deutsien garrantzia zein dan ezagutzeko eta, bestetik, edukiari jagokona, hau da, zein hizkuntza-politika egiteko asmoa daben.

Holan, Estadu frantsesean eta, ondorioz, Ipar Euskal Herrian eragina izan daben hauteskunde prozesu bi izan dira 2012an. Hizkuntzearen arloan, oro har, proposamen oso lausoak eta zehaztubakoak egin dituela ia hautagai guztiek azaldu dau. Euroituna berrestearen aldeko diskurtso ugari entzun da kanpaina honetan, baina, oso gogoan izan behar dogu Ituna zer dan. Azken finean, berba politak bai, baina ekimen eraginkorrik ez dogu ikusi, gaineratu dau.

Euskal Autonomia Erkidegoan be hauteskundeak izan dira, eta kasu honetan be, orokorrean ez dabe hizkuntza-politika eraginkorrerako pausu sendorik emon. Halan da be, Bilbaok adierazo dau ikusteke dagoala eratu barri dan Legebiltzarrak zein neurri hartzen dauen hizkuntza-politikeari jagokonean.

Era berean, gogoratu dau administrazino desbardinek murrizketak egiteko krisiaren atxakia be erabili dabela aurten, eta Nafarroako Gobernuaren jardunean igarri dala hori. Nafarroako Gobernuak murrizketak krisialdi egoera orokorraren ondorio dirala sinistarazo nahi badeusku be, hori ez da holan. Krisi egoereak ez ditu alor estrategikoetan egin diran murrizketak justifiketan. Euskerearen normalizazinoaren kontrako hizkuntza-politikaren ondorioa dira aurrekontuak, azaldu dau.

Kontseiluak euskeraz biziteko nahia kokatu nahi izan dau 2012an egungo egoera soziopolitiko barrian, eta, esangura horretan, euskerearen auzia agenda guztietan garai barriari begira egoki kokatzeko proposamena egin dau. Bilbaok azaldu dau bi ardatz nagusi bete beharko litzatekezala. Batetik, euskerearen hizkuntza-komunidadeari kanpo esku-hartzerik bako hizkuntza-politikarako eskubidea autortu beharko litxakiola adierazo dau, gaur egun, hizkuntza-politika eragingarria abian jarteko oztopoak dagozalako.

Bestalde, Euskal Herriaren normalizazinora heltzeko bake-bidean euskereak estatus egokia behar dauela nabarmendu dau, eta estatus hori lau ezaugarrik ardaztuko lueukiela: berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa. Gitxieneko horreek lortzeko Bilbaok azaldu dauenez, gai izan beharko geunke euskerearen lehentasunak ezarri eta eragile politikoek nahitaez onartzeko moduan jarteko. Halan da be, horretarako lehen pausua euskeraz biziteko nahiari sendo eustea izango da. Uste dogu, azken garaiotan herritarrek sendotasun hori erakutsi dabela eta horri erantzun positiboa emon behar jakola.

Azkenik, 2013ari begira be jarri da Kontseiluko idazkari nagusia eta hizkuntza-politikearen alorrean mahai gainean hainbat gai garrantzitsu egongo dirala esan dau. Gai bat aitatu dau Bilbaok, hau da, Espainiako zein Frantziako gobernuek dituen hezkuntza-erreformak. Momentu ezin aproposagoa da hizkuntza-politika barri eragingarriak indarrean jarri eta hezkuntza sistema propioan pausuak emoteko. Euskalduntzea bermatuko dauen hezkuntza sistema indarrean jarteko, hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu