Jare talde bilbotarrak 'Iaze' hamabi kantako disko barria aurkeztu dau

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-11-28 14:06   Musikea

Gitarra rockero eta orkestra moldaketakaz dator Jare taldea bere bigarren diskoan. Aurreko lanaren bilakaera naturala da Iaze (Gaztelupeko Hotsak). Hamabi kantako lana atondu dabe, tartean Iñigo Cabacaren omenezko abesti bat, eta Urtz taldearen Oh Lur-en bersinoa.

Gitarra rockero eta orkestra moldaketakaz dator Jare taldea bere bigarren diskoan. Aurreko lanaren bilakaera naturala da Iaze (Gaztelupeko Hotsak). Hamabi kantako lana atondu dabe, tartean Iñigo Cabacaren omenezko abesti bat, eta Urtz taldearen Oh Lur-en bersinoa.

Gizartearen benetako egoera ostentzen dauen metaforea da Iaze, ilunabarra Massai herriaren hizkuntzan. Gainbehera dator mundua -azaldu dabe taldekideek prentsaurrekoan - gaueko iluntasuna heltzear dago, eta gure esku dago ilargiaren argia aprobetxetea edo ilunpean geratzea. Dana dala, Iaze lehenengo lana baino positiboagoa da.

Hamar abestik osotzen dabe Jareren lan barria, baina bonus track bi gehitu ditue, Hor izango nauzu balada akustikoa eta Xalbadorren heriotzean kanta ezagunaren nahasketea.

Iñigo Cabacasi omenaldia egin gura izan deutso Jare taldeak Zu lagun abestiagaz. Iñigo Cabacas eta bera hil eben egunean bizitakoak gogoan izateko abesti oso berezia sortu dogu, azaldu dabe. Kantea idazteko Cabacasen lagunen laguntzinoa izan dabe, eta Aiora Renteriak be parte hartu dau grabazinoan.

Euskal musikearen klasiko bat berreskuratu dabe, Urtz taldearen Oh Lur kanta ezaguna, hain zuzen be. Gure gaztaroko talde gustukoenetako bati omenaldia egin gura izan deutsagu, nabarmendu dabe aurkezpenean. Xabier Camarerori abestia bialdu eutsen, baimen eske, guretzat ohorea izan da haren oneretxia.

Neure Edurnezuri abestian edo Udazkena izenekoak rock hutsa topauko dogu, baina pieza sinfoniko eta epikoak be atondu ditue, Zeru goienetan, berbarako. Iraultza naiz abestiak, barriz, funk estiloa dauka oinarri; eta, Mila esker-en balada sentikorrera jo dabe.

Hiru kolaborazino izan ditue Mikel eta Gorka Bizar, Jagoba Ormaetxea, Iñigo Benito eta Kepa de Miguel Jareko kideek: Ibon Jordan (The Groovies), bateria, eta Zuriñe Hidalgo (Hesian) eta Aiora Renteria (Zea Mays) ahotsetan. Jagoba Ormaetxea gitarristeak eta taldeak berak produzidu, nahastau eta masterizau dabe diskoa, Basauriko J. O. Studiosen.

Diskoa prentsaurrekoan aurkeztuta, neguko bireari ekingo deutso boskote bilbotarrak. Emonaldiak ondo aukeratuko dituela aurreratu dabe: Antzoki ez oso handietan eta auditoriumetan joteko asmoa daukagu, udan taldea ondo prestauta egon daiten. Zuzenekoekaz gozetako, eta gozarazoteko gogoz dago Jare, horretarako kalidadezko kontzertuak emotea da euren eretxiz modurik egokiena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu