'The Tree' diskoa plazaratu dau Xu Jun eta Beñat Fuentes bikoteak

Bizkaie! 2011-12-23 11:22   Musikea

Zortzi pistako grabagailuan grabau eban bikoteak; Xujun da kantaria eta perkusino jotzailea, eta Fuentesek gitarrak, baxua, sintetizadorea, mandolinea eta ukelelea jo ditu, musika eta berbak sortzeaz gan. Kantuak ingelesez abesten ditu bikoteak, baina diskoan bada euskeraz abesturiko kantu bat (Venus dago ederren) eta txinerazko esaldiak tartekatzen ditue beste zenbaitetan.

Gero eta ohituago gagoz euskal musikariak nazinoartekoakaz lan egiten eta diskoak grabetan ikustera, baina orain arte ez genduan Euskal Herriko eta Txinako musikarien arteko kolaborazinoen barri. Hori da lehen arrazoietako bat The Tree taldearen diskoari erreparetako, Beñat Fuentes bizkaitarrak eta Xujun kantari txinatarrak osoturiko taldea baita; atentzinoa piztuteko arrazoi nagusia, ostera, hain jatorri desbardineko bi musikarien arteko alkarlanaren emoitza bikaina da, eta horren lekuko da joandako bagilean Txinan argitaratu zanean diskoak izan eban oihartzuna. Xiami.com Txinako musika ataririk handienean zerrendako lehen postura heldu zan diskoa eta kantuak milaka alditan entzun zituen atariko erabiltzaileek. Horrek aukerea emon eutson taldeari hilebeteko bira bat egiteko Txinako uri handienetan.

Beñat Fuentes mungiarra orain hiru urte joan zan Txinara, hango hizkuntzea ikastera. Hainbat estilotako taldeetan ibilitakoa zan Fuentes, Pog Mo Thon-en (rock), Akustika-n (esperimentala) edota Big Fingers and the Love Seeds-en (country-rock, pop), eta Txinarako ekipajean gitarrea eta zortzi pistako grabagailua eroan zituan. Lehen hilebeteetan, bizmodua atarateko, ezkontzetan, unibersidadean eta aretoetan ibili zan kontzretuak eskaintzen eta horreetako batean Xujun topau eban. Bi adarreko arbolea sortu eben, The Tree. Talde konbentzional lez funtzionetako bape asmo barik, arte galerietan artista lagunen erakusketetan joten, soinu bandak sortzen eta bestelako kolaborazinoak egiten hasi ziran. Baina azkenean, kantuak sortzen joan ahala, disko bat grabetako modua egoala konturatu eta erabagia hartu eben.

Zortzi pistako grabagailuan grabau eban bikoteak; Xujun da kantaria eta perkusino jotzailea, eta Fuentesek gitarrak, baxua, sintetizadorea, mandolinea eta ukelelea jo ditu, musika eta berbak sortzeaz gan. Kantuak ingelesez abesten ditu bikoteak, baina diskoan bada euskeraz abesturiko kantu bat (Venus dago ederren) eta txinerazko esaldiak tartekatzen ditue beste zenbaitetan. Ekologia, globalizazinoak eta garapenak dakarren noraeza lako gaiak jorratzen ditu bikoteak.

Estilo zehatzik ez dauka The Tree taldeak, baina esan daiteke zeozelako loturea daukala AEBetako folk independente edo alternatiboagaz -Xujunen ahotsak Bon Iver kantariarena dakar gogora, eta zenbait kantuk be (Letter to Myself, The song for Su) harengana eroaten gaitue-, garapen instrumental luzeetako post-rockagaz (Bye, Bye, Bye, Venus dago ederren, Outro) eta pop akustikoagaz (City of Perfect Melodies, Don’t Quiet, Cure all-son). Halan da be, erreferentzia horreen guztien gainetik, kantuen sorkuntzan sarri ibilitako bideetatik urtetako eta bestelako batzuk zabaldu eta arakatzeko bikoteak erakusten dauen ahalmena eta heldutasuna da azpimarragarriena.

The Tree diskoa joandako bagilean argitarau eben Txinan eta Europa mailan, barriz, abenduaren hasieratik dago eskuragarri Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu