'Azaletatik sustraietara', euskal musikagintzearen 50 urteko ibilbidea azalez azal

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-11-30 14:01   Musikea

Azaletatik sustraietara. Euskal musikaren azalak 1960-2010 liburuak 60ko hamarkadan hasi eta gaur egunera arteko bidaia musikala eskaintzen deusku, urteotan euskal musikagintzeak sortu dituen diskoen azalez azale. 600 bat azaletan laburtu ditue azkenengo 50 urteak, Xabier Letegaz edo Mikel Laboagaz abiatu, eta Zea Mays edo Gosegaz amaitu.

Azaletatik sustraietara. Euskal musikaren azalak 1960-2010 liburuak 60ko hamarkadan hasi eta gaur egunera arteko bidaia musikala eskaintzen deusku, urteotan euskal musikagintzeak sortu dituen diskoen azalez azale. 600 bat azaletan laburtu ditue azkenengo 50 urteak, Xabier Letegaz edo Mikel Laboagaz abiatu, eta Zea Mays edo Gosegaz amaitu. Lanaren aurkezpena Bilboko Rekalde aretoan izan da, eta bertan Edorta Jimenez idazlea, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Amets Rodriguez Emankor Sareakoa eta Roberto Bocas proiektuaren koordinatzailea izan dira.

Bost atal nagusi ditu Azaletatik sustraietara liburuak, hamarkadako bana. Bost idazlek idatzi ditue hamarkada bakotxeko gorabeherak: Jose Angel Irigaraik 60ko hamarkadaz jardun dau; Edorta Jimenezek, 70koaz; Itxaro Bordak, 80koaz; Harkaitz Canok, 90koaz; eta, Kirmen Uribe, 2000. urtetik aurrerakoaz. Xabier Montoiak, ganera, epe bakotxeko bere disko kuttunak aukeratu ditu. Idazleek diskoen sarrera sentimentalak egin ditue, Edorta Jimenezek berak adierazo dabenez, ez dira kronika zehatzak.

Zentsura bako liburua izan da, Jimenezen esanetan. Izan be danetariko diskoak batu ditue: Delorean, Luis Mariano, La Oreja de Van Gogh, Eskorbuto, Irune eta Andoni Argoitia, Fito, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, La Polla, Oskorri, Anari, Cicatriz, Berri Txarrak eta abar. Burruka garaietako diskoak, popa, Iparraldekoak, Hegoaldekoak... azal guztiak sartu doguz, ganeratu dau.

Protagonista askoren aitamen bizi-biziak topauko doguz liburuan: Fermin Muguruza, Iñigito eta Auo (Etsaiak), Francis (Doctor Deseo), Alex Ubago, Diego Vasallo, Mikel Erentxun, Mursego, Benito Lertxundi, Kepa Junkera eta beste makina bat. Euskeraz, gaztelaniaz zein ingelesez kantau, musikariek alkarren barri dauke. Harritu egin nau, onerako, azaldu dau Jimenezek. Datuak batu baino emozinoak jasotea izan da Roberto Bocas eta Amets Rodriguezen helburua, ez da katalogo bat, ez da datu-base bat, autortu dabe.

Azaletatik sustraietara. Euskal musikaren azalak 1960-2010 proiektuaren lehenengo emoitzea besterik ez da aurkeztu barri dan liburua, ostean etorriko dira erakusketea eta kontzertu-birea. Erakusketa datorren urteko martia-apirilean ipiniko dabe martxan, Amets Rodriguezek azaldu dauenez; zuzenekoak, ostera, uda partean antolatuko ditue. Musikariak ilusino handiz dabilz kontzertuak prestetan.

Erakusketa parte-hartzailea eta ikus-entzunezko eduki askogaz atonduko dabe, Bocasen arabera. Umeak eta gazteak erakarri gura doguz, jakin daien zer musika eta zer giro egoan orain hiru-lau hamarkada, horregaitik ikus-entzunezko elementuek-eta leku berezia eukiko dabe. Erakusketea ibiltaria izango da, lehenengo Bizkaian zehar ibiliko da, eta ondoren, Euskal Herriko hainbat herritan.

Bilboko aurkezpenaz gan, beste hiru hitzordu izango dira egunotan: abenduaren 1ean, 19:00etan , Gasteizeko Elkar megadendan; abenduaren 5ean, 19:00etan, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean; eta, abenduaren 14an, 11:00etan, Donostiako Elkar aretoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu