Un cuento chino

Karolina Almagia 2011-06-27 13:53   Zinema kritikak

Originala, dibertigarria, sakona eta soila aldi berean, Un cuento chino oso film gomendagarria da. Barriro be argentinarrek zelan egiten dan zinea erakutsi deuskue.

- Zuzendaria eta gidoigilea: Sebastián Borensztein.
- Interpreteak: Ricardo Darín, Huang Sheng Huang, Muriel Santa Ana.
- Produktoreak: Gerardo Herrero, Juan Bablo Buscarini, Pablo Bossi eta Isabel García.
- Musikea: Lucio Godoy.
- Generoa: Komedia.
- Iraupena: 90 minutu.
- Herrialdeak: Argentina eta Espainia.


Originala, dibertigarria, sakona eta soila aldi berean, Un cuento chino oso film gomendagarria da. Barriro be argentinarrek zelan egiten dan zinea erakutsi deuskue. Ez da behar kristolako aurrekonturik, ez da behar akzino ikusgarririk, ezta aktore guaporik be. Gidoi on bat, interprete onak eta zuzendaritza zehatza. Ezer gehiago, eta ezer gitxiago. Kasu honetan, Sebastián Borensztein-ek (La suerte está echada) baeukan kontetako istorio bat. Bere aurreko filman legez, zoria eta bizitzaren gorabeherak izan ditu ardatz. Sinistezina baina erreala dan anekdota batetik abiatuta, Un cuento chino filmak burdindegiko saltzaile baten bizitza aurkezten deusku. Obsesiboa, tristea, bakartia, umore txarrekoa, baina bihotz onekoa. Ricardo Darinek bikain emoten deutso bizitza, ohikoa dan legez. Bere mundu zarratuan gaztelerazko berba bat ez dakien gazte txinatar bat sartzen danean, saltzaileari bere mikromundua desitxuratzen jako. Egoera absurdoak sortzen dira eta horreekaz batera ikuslearen barreak.

Muriel Santa Anak hirugarren personaia egiten dau. Kontrapuntu moduan oso ondo funzionatzen dau emakumezko personaia honek eta istorioan itxaropena ordezkatzen dau. Izan be, nahiz eta komedia itxurea hartu, film honek tragediak kontetan ditu, txikiak batzuk, besteak handiagoak. Baina odola eta malkoak erakutsi baino, umorea hartu dau bide zuzendariak, gure mesederako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu