Musika talde bi Italiara joango dira Bilboko Udalak taldeak trukatzeko egindako hitzarmenaren barruan

Bizkaie! 2011-05-10 14:02   Musikea

Gazteen musika-banden trukea egiten dan bigarren urtea da. Taldekideek 18 eta 30 urte bitartekoak izaten dira. Aurten, Incursed eta Yellow Big Machine taldeak izan dira aukeratuak.

Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak Torino eta Vareseko udalakaz egindako lankidetza-hitzarmenaren bidez Italiara joango dira musika-talde batzuk. Maiatzaren 6an, Incursed taldeak jo eban Varesen, Va Sul Palco lehiaketan, talde konbidatu legez. Maiatzaren 13an eta 14an, barriz, Yellow Big Machine taldea izango da Torinoko Pagella Non Solo Rock lehiaketako kontzertuetan joko dauena. Gazteen musika-banden trukea egiten dan bigarren urtea da. Taldekideek 18 eta 30 urte bitartekoak izaten dira.

Proiektu honen bidez gure banda barrien sustapena egin nahi da atzerrian eta euren lanaren zabalkundea egin. Trukeei esker, hemengo musikari gazteek aukerea dabe nazinoarte-mailako musikearen mundua eta musikea egiteko beste modu batzuk bertatik bertara ezagutzeko, Europako beste herrialde batzuetako gazteek egiten dituen eta protagonista diran jarduera batzuetan parte hartuz.

Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkaria dan Jon Sustatxak nabarmendu dau truke honeen bidez gazteek osotutako musika-taldeek aukerea dabela atzerriko kontzertuetan joteko eta hemengo ikusleenak ez diran exijentziak dituen beste entzule gazteen aurrean euren lanak aurkezteko. Gainera, euren lanaren zabalkundea egin leikie beste musika-zirkuitu batzuetan eta hemengoak ez diran beste kanal batzuetan.

2010ean, Bilboko talde bi, Wild Thing eta Último Día, joan ziran Torinora eta Maderacore lo taldea Varesera. Bilbora Italiako talde bi heldu ziran trukean: Brain Pollution eta The Wyns. Bilborock-en jo eben urrian.


INCURSED

2007an sortu eben Incursed taldea. EP bat grabau eben eta zuzeneko kontzertuak eskaintzen hasi ziran orduan. Joan zan udan autoprodukzinora jo eta LP bat grabau eben: Morituri, hain zuzen be.


YELLOW BIG MACHINE

2003an emon zituen talde moduan lehen pausuak. 2007an grabau eben bost kantuz osotutako lehenengo lana. 2008an autoedizinora jo eta Paco León-egaz egin eben lehenengo diskoa. Ordutik, kontzertuak emoteari eta euren kanten, diskoen eta bideoklipen sustapenari ekin deutsie.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu