Ganbera musikako kontzertuak Amorebieta-Etxanon, XII. Eleizetan egitarauaren barruan

Bizkaie! 2011-05-05 12:41   Musikea

Datorren zapatuan, maiatzak 7, hasierea emongo jako Amorebieta-Etxanon Eleizetan egitaratuaren XII. edizinoari. Programa honen bidez ganbera musikako kontzertuak eskaintzen dira udalerriko eleizetan eta baseleizetan.

Datorren zapatuan, maiatzak 7, hasierea emongo jako Amorebieta-Etxanon Eleizetan egitaratuaren XII. edizinoari. Programa honen bidez ganbera musikako kontzertuak eskaintzen dira udalerriko eleizetan eta baseleizetan. Hamabi urte dira ekimen hau egiten dala Zornotzan, eta esperientzia handiko eta kalidade bikaineko musika taldeen lana ezagutzeko aukerea eskainiz, arrakasta handia lortu dau.

Kontuak kontu, maiatzaren 7an emongo jako hasierea egitarauari, iluntzeko 20:00etan, Boroako San Pedro baseleizan, Khantoria taldearen eskutik. Antxinako musikea ardatz hartuta, barrokoko errepertorioa eskaintzen dau talde honek eta garaiko jatorrizko musika tresnak eta orduko interpretazinorako teknikak erabilten ditue. Hiru euskal musikari dira taldekide: Ander Berrojalbiz, biolin barrokoa; Maider López, viola braccio; eta Virginia Gonzalez, klabea. Oraingo honetarako glosen bildumea aukeratu dabe Khantoria taldekoek, berpizkundearen eta hasierako barrokoaren arteko transizino musikearen edertasunaren erakusgarri.

Astebete geroago, hilak 15, eguerdiko 12:00etan, Viola Damore Ensemble taldearen kontzertua izango da Bernagoitiko San Migel eleizan. Talde honek viola d’amore izeneko musika tresna berreskuratu dau. Gaur egun ahaztua dogun arren, oso zabal ebilen XVII. eta XVIII. mendeetan. Sinpatiaz soinu egiten daben zazpi hari melodiko eta zazpi hari harmonikodun tresna honek doinu ahaztezina eta ganerakoei egokitzeko modukoa dauka, hain da ederra eta goxoa.

Honako honeek dira taldekideak: Francesca Croccolino, klabea, nazino eta nazinoarte mailako hainbat sariren irabazlea, bai piano sailean (Osimo1974 eta 1975, Capri 1987) bai eta ganbera musikan be (Ama Calabria 1990, Locorotondo 1990, Roma Castel S. Angelo 1990). Robert Pajewski, biola, ibilbide luzeko profesionala, Varsovia Operan, K. Teutsch Ganbera Orkestran, Poloniako Ganbera Orkestran eta Poloniako Filarmonia Nazionalean ibili da lanean. Dorota Pukownik, biolontxeloa, Nafarroako Ensemble Orkestra Sinfonikoan dago.

Domekan, maiatzak 22, eguerdiko 12:00etan, Etxanoko Andra Mari eleizan, Bios Orkestra eta Vocalia taldeen txandea izango da. Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa 2004an sortu eben musikari bizkaitar gazteek, Ana Uriarteren zuzendaritzapean. Gazteotako askok Europako eskola eta kontserbatorio ospetsuenetan jarraitu dabe ikasten, eta beste formazino batzuetan be jo izan dabe. Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoen ohiko kolaboratzaile izaten dira.

Emakumez osotutako Vocalia Ahots-Taldea, barriz, Euskal Herriko 25 abeslarik osotzen dabe, Basilio Astúlezen zuzendaritzapean. Exijentzia-maila altuko errepertorio zabala daukie. A capella musikea lantzen dau gehienbat Vocaliak, barrokotik hasi eta musika garaikideraino, bai euskal musikea eta bai nazinoartekoa.

Barikuan, maiatzak 27, iluntzeko 20:00etan, Tanar laukotearen emonaldia izango da Dudeako San Migel baseleizan. Astor Piazzola konposatzaile eta bandoneon-jole argentinar handiaren musikeagazko maitasunak eraginda sortu zan Tanar laukotea 2003an. Konpositore harek bere lanetarako erabilten zituan tresna berberak dakarrez eurek be: bandoneona, biolina, kontrabaxua eta pianoa.

Azken kontzertua garagarrilaren 17an izango da, Karmengo jaietan, arratsaldeko 20:00etan, Larreako San Juan Bataiatzailearen eleizan, Aerodynamic hirukotearen eskutik. Erdi Aroko musikearen eta musika garaikidearen bildumea aurkeztuko dau hirukoteak, hainbat jatorri eta gai jorratuz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu