Kepa Tamames: 'zorionez, askatasun mota batzuen kontra egitea bidezkoa da'

Koldo Isusi Zuazo 2010-09-03 15:43   Barriketan
ATEAko bozeroailea

1.- Bilboko Aste Nagusiaren barruan, ATEA, Animaliakazko Tratu Etikoaren aldeko Alkarteak tauromakiaren gaineko informazino eta salaketa kanpainea egin dau WSPA [World Society for the Protection of Animals], munduko erakunde animalista garrantzitsuenagaz batera. Zelakoa izan da erantzuna? Zenbat lagunek egin dabe zezenketen kontra?

Kanpaineak gure aurrikuspen guztiak gainditu ditu. Egunero ia 600 sinadura jaso doguz eta, beraz, Aste Nagusiko bederatzi egunetan, bost mila lagunetik gora izan dira zezenketen kontrako agiria sinatu dabenak. Gizarteari aukerea emon deutsagu zezenketen aurrean jarrerea hartzeko eta erantzuna argia izan da. Pozik gagoz ze urteetan zezenketen gaiaran aurrean, ardurabakokeria edo nagikeria erakutsi izan daben lagun askok orain ezezko argia adierazo dabelako. Cataluinian zezenketak galarazoteko oraintsu parlamentuan hartutako erabagia sano garrantzitsua izan da eta gurean be atzera bueltarik bako gaiak dirala pentsetan dogu, oro har, animalien eskubideen gaia eta, jakina, tauromakia, azken hau animaliak torturatzeko modurik baldarrena baita.


2. Edozelan be, ez dira gitxi tauromakiaren kontrako jarrerea Euskadin gizartearen zati txiki baten jarrerea dala dinoenak...

Nik ezetz uste dot. Jakina, pertzepzino kontuan bakotxak berea dauka eta guk jarrera zabala atzemoten dogu. Hori bai, gauzak argitze aldera, eskabide zehatza egin deutsegu erakundeei eta Eusko Jaurlaritzeari herritarren eretxia jakin ahal izateko kontsultea deitu daien. Harrigarria bada be, EAE da estadu espainolean autonomia erkidego bakarrenetakoa holako kontsultea egin ez dauena. Kontuak kontu, jakin badakigu Eusko Jaurlaritzeak ondo gogoan hartu dauela gure sinadura batzearena.


3.- Jasotako sinadura guztiak Eusko Legebiltzarreko buruari aurkeztuko deutsazuez irailaren azken aldera baina, jakina, pausu gehiago emon beharko dira Euskadin tauromakia galarazotea lortzeko...

Jakina. Sinadura batzea sinbolikoa izan da baina sano esanguratsua dala pentsetan dogu; hau bidea urratzea izan da, prozesua ez da erraza izango baina itxaropentsu gagoz. Atara kontuak, zezena torturau eta hilten dan ikuskizuna publikoa da eta askotan diruz lagundutakoa eta hori bateraezina da gizarte aurrerakoi batean, onartezina. Ganera, 1993ko Legearen arabera, gurean debekatuta dago etxe-abereak abandonetea eta orduan zelan da posible zezenketak legezkoak izatea?


4.- Lehen aitatutako kanpainearen barruan, irailaren 22an, Donostian zezenketei buruzko jardunaldia izango da CAMA, Udalaren menpeko Ingurumen Aholku Batzordearen ekinbidez. Sano adierazgarria...

Bai. Honezkero badakigu Donostiako jardunaldi horretan Anna Mulá izango dala gure artean, abokatua eta Kataluinian zezenketak galarazoteko ekimenaren sustatzailea izan dan Prou! Plataformako bozeroailea. Hango esperientziaren barri emongo deusku eta gure kasuan zelan jokatu zehazteko jarraibideak eskainiko deuskuz.


5.- Aurrerago, udagoinean edo ATEAk euskal legebiltzarkideakaz batzartzeko amesa dauka proposamenak eta ardurak alkartrukatzeko. Oraingoz ze jarrera atzemon dozue?

Bai, Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideakaz egongo gara, baita Patxi Lopez lehendakariagaz be eta asmoa horixe da, batetik, guk geure jarrera eta sentsazinoen barri emotea eurei eta, bestetik, herritarron ordezkariak diranen eretxia jasotea. Gero, jakina, batzarrotako ondorioak gizarteari helarazotea da asmoa.

Egunotan entzun izan doguz gauza batzuk alderdi politikoetako ordezkari batzuen aldetik eta beste kasu batzuetan isilik geratu dira, besteak beste, agenda politikoetatik kanpo dagoala zezenketen gaia edota debekua beste barik ez dala konponbidea. Nik uste dot politikoen agendea ez dagoala hasieran betea, hau da, gaiak, beharrizanak sortu ahala joan behar da osotzen eta tauromakiaren gaia mahai gainean dago gai serioa dalako, kasu honetan, zezenari mina, sufrimendua, torturea eta heriotzea eragiten jakozalako eta hori onartezina da gizarte aurreratu batean. Herritarren ekinbidea ondo dago, jakina, baina gizarte zibilak ez dauka astirik, ezta baliabide ekonomikorik be holako gai bat aurrera eroateko eta, beraz, herritarron ordezkari diran politikoek zeresan handia dabe gai honetan. Hasteko politikoei jarrera argia hartzeko eskatuko deutsegu animalien sufrimenduari buruz eta antzeko gaietan.

Dana dala, galdereari zehatz erantzunez, oraingoz komunikabideetan entzundakoak baino ez daukaguz; esan gura dot aurrez aurreko hartu-emonik ez dogula izan eta beraz, oraindino ez dago jakiterik jarrera ofizialak zeintzuk izango diran ze nik esango neuke tauromakiaren aldeko eta kontrako lagunak topau geinkezala ia alderdi guztietan.


6.- Animalien sufrimentua lako gaiak nahikoa korapilatsuak izan daitekez, izan be, hiltegien gaia eta gure herrian hain zabaldua dagoan ehiza be hor dagoz...

Bai. Guk 24 urte daroaguz burruka horretan. Hiltegiak, animaliakaz egiten diran esperimentuak, zezenketak zein beste pizti batzuekaz egiten diran ikuskizunak ikuspuntu moraletik onartzen badoguz, gure ustez gizakion arteko beste biolentzia mota batzuk kritiketako autoridade morala indarrik barik geratzen da. Horixe da eztabaidearen oinarria. Jentea harritu egiten da gure jarrera eta adierazpenakaz baina animalia arrazionalak gara eta horrek, besteak beste, esan gura dau gure inguruan jazoten dan guztiaren aurrean galderak eta planteamenduak egin behar dirala, gero ondorio batera ala bestera heltzeko. Galderei ez jake bildurrik euki behar.


7.- Zezenak ikuskizunetan erabili izana erromatarren inperioaren azken aldian dago dokumentauta eta aurrerago, barriz, 1567an Pio V Aita Santuak De Salutatis Gregis Domicia buldaren bidez debekatu zituan zezenketak. Antxinatik datorren gaia izanik, sano gatxa izango da jarrerak aldatzea, ezta?

Bai, jakina. Belaunaldiz belaunaldi elikatutako egitura mentalaren aurrean gagoz baina bidebako gauzen kontra burrukatu behar dala pentsetan dot. Animaliei buruz, zezenei eragiten jaken sufrimenduari buruz gagoz berbetan baina giza eskubideak be aitatu geinkez; gaur egun munduko leku batzuetan, dozenaka herrialdetan harrikatu egiten ditue emakumeak hil arte. Beraz, giza eskubideen arloan be asko dago egiteko.


8.- 'Debekua debekatzea' aldarrikatzen dabenei zer esango zeunskie?

Debekua debekatzea ergeltasun galanta da ze oihanera, legerik bako egoerara, paleolitikora bueltauko ginatekelako. Lapidazinoa, mutilazino genitala, terrorismoa bere horretan itxi behar al doguz? Tristea da baina debekua debekatzearena politikoei entzun izan deutsegu.

Horrezaz gan, zezenketen harian, 'bakotxak egin daiala gura dauena' be entzun izan dogu eta horren ondorioa debekua debekatzearena lakoa izango litzateke, hau da, anarkia hutsa.

Kataluinian zezenketak debekatzea askatasunaren murrizketea dala be esan dabe batzuk eta egia da; zorionez, askatasun mota batzuen kontra egitea bidezkoa da ze askatasuna kolesterolaren parean jarrita, dana ez da ona, kolesterol ona eta txarra dagoz. Beraz, ondorio txarrak, kaltegarriak dituan askatasunen kontra egingo ez bageunke atzera egingo geunke nabarmen. 'Askatasun txarren' kontra egitea betebehar morala da. Oinarri-oinarrizko gogoetea da hau. Herrialde guztietan dagozan legeek be zenbait askatasunen kontrakoak dirala esan daiteke baina hori behar-beharrezkoa da gizarte demokratiko eta aurreratuetan.


9.- Joandako garagarrilaren 28an Kataluiniako parlamentuak zezenketak debekatu zituan eta deigarria da Bartzelona izatea munduko uri bakarra aldi berean hiru zezen plaza aktibo izan dituana...

Bitxia da baina itxaropentsu egoteko motibo gehiago dagoz egoera horren aurrean. Kataluiniako eredua sano mesedegarria izango da alde batean edo bestean zezenketak debekatzeko prozesuan.


10.- Manuel Vicent-ek esandakoa da: 'zezenketak kultura badira, kanibalismoa gastronomia da'. Tradizinoa, kulturea al da tauromakia?

Zezenketak tradizino handikoak dira eta kulturatzat eta artetzat har daitekez, bai. Eta zer? Ba al dago jakiterik artea non hasi eta non amaitzen dan? Gu horretan ez gara sartuko. Holako kontuak onartuta, lehengora joko dot, zezenak sufridu egiten dau plazan eta hori nahikoa arrazoi da horren kontra egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa