III. Alhondigakomik jardunaldiek zabalduko dabe komikiaren inguruan antolatutako jarduera zikloa

Bizkaie! 2010-05-03 18:47   jardunaldiak

Maiatzaren 25etik aurrera, eta egoitzea estreinau barritan, AlhóndigaBilbao komikiaren inguruan antolatutako jarduera-ziklo baten gune neuralgikoa izango da. Jarduerak edade eta gustu guztietako jenteari egongo dira zuzenduta.

Maiatzaren 25etik aurrera, eta egoitzea estreinau barritan, AlhóndigaBilbao komikiaren inguruan antolatutako jarduera-ziklo baten gune neuralgikoa izango da. Jarduerak edade eta gustu guztietako jenteari egongo dira zuzenduta. Egitarau honek egun berean abiarazoko dan erakusketa garrantzitsua hartuko dau eta munduko komikiaren historiako egile onenen 100 orri ekarriko ditu Bilbora. Nazinoarteko komikiaren topaketa handi honetan (III. AlhóndigaKomik Jardunaldiak —'Abentura, manga eta superheroiak') gertatzen dan guztia sakon bizi nahi dabenek lehenengo hitzordurako izena emon leikie honezkero. Izena emoteko epea maiatzaren 3ean hasiko da eta, beraz, lekua erreserbau ahal izango da tailerrean, 944014014 telefono-zenbakira deituta; era berean, behin zentro barria inauguratuta, matrikulea ordainduko da AlhóndigaBilbaoren 'Infobox' dalakoan.

Jardunaldiak orain dala hiru urtetik egiten dira eta izaera praktikoa dabe, izan be, berbaldiak eta autoedizinoko tailerrak buztartzen ditu, ikasleek beren sormena gara daien, ikasitako ezagutzak oinarri hartuta.

Aurtengo tailerrak 120 euroko prezioa izango dau, eta 32 orduko iraupena (goiz eta arratsaldez). Ikastaroan, hiru produkzino-gune handiak aztertuko dira, bertako genero enblematikoen bitartez: Europa (abenturak), Asia (manga) eta AEB (superheroiak). 26 urte baino beheragoko gazteei % 25eko deskontua egingo jake prezioan.

Hurreratzen diranek aukerea izango dabe genero bakotxaren desbardintasunak ezagutzeko, bai gaiei jagokenez, baita estilo grafikoei jagokenez be; era berean, industriaren egoereari buruzko informazinoa be jasoko dabe, bai eta industria horretan sartzeko aukerez be, zuzen-zuzenean, profesionaletik eskutik.

Tailerra osotzeko, komikiaren merkatuko egile-eskubideei buruzko saio bat izango da, eta, bertan, herrialde desbardinetako legeria bereziak birpasauko dira.


Abenturak, manga eta superheroiak

Capitán Trueno, Superman, Tintin, Dragon Ball… guztiek ditue ezaugarri eta estilo desbardinak; horreetako bakotxaren sekretuak argitzeko, horreen sorkuntza-esparruagaz oso erlazionauta dagozan hiru komiki-marrazkilari ospetsu izango dira gurean:

• Pasqual Ferry, industria estadubatuarrarentzat lan egiten dauen egile espainiarra. Industria horretako ikono ezagunenetako batzuk marraztu ditu, arrakasta handia lortuz (Superman, X-Men, Batman edo Ironman).

• Ana Miralles, Bartzelonako Aretoko Sari Bereziaren irabazlea eta merkatu frankofonoan lan egiten dauena. Europako sail arrakastatsuenetako batzuen egilea da, besteak beste, Eva Medusa edo Djinn.

• Ken Niimura, mangagaz edo komiki japoniarragaz lotutako egile espainiarra. Izan be, manga da azken urteotan nazinoartean nagusi dan jokerea.

Kontuak kontu, jarduerak AlhóndigaBilbaoren Mediateka barrian izango dira, Jardunaldiak izan ezik (Rekalde Aretoa); espazioa berariaz diseinauko da hitzordu honetarako, eta 'Komikteka' izena emongo jako. Jarduera guztiek arrazoizko prezioak izango ditue, eta aurretiaz izena emon beharko da, maiatzaren 20tik aurrera, AlhóndigaBilbaoren 'Infobox' dalakoan.

Adierazpen-baliabidea izateaz gan, komikiak oso komunikazino-baliabide zuzenak dira; hori dala eta, jentearen parte-hartze aktiboa nahitaezko baldintza izango da, programautako jarduerak arrakastatsuak izan daitezan.


100 x 100 erakusketea, maiatzaren 25etik abuztuaren 20ra

La Cité Internationale de la Bande Dessinée de Angoulême (Frantzia) dalakoagaz izandako lankidetzatik sortua, orain arteko 100 komiki-orri onenak izango dira ikusgai; kultur ondare unibersala osotzen daben eta balio kalkulaezina daben bitxiak dira.

100 x 100 erakusketeagaz bat etorriz, lehen aldiz jarriko da jentaurrean AlhóndigaKomik-en lehenengo edizinoko irabazle Clara-Tanit Arquék eta bere lankide Lola Lorentek La Maison des Auteurs-en egindako lana.


Azken buruan, Autoeditatuak - 'Do it yourself' topaketea (Bagilaren 12an); aleen trukea, sorkuntzarako espazioak, Komikizketak (maiatzaren 25etik 28ra); tailerrak (maiatzaren 29tik bagilaren 30era); 'Komiki egun bat' saioa; eta AlhondigaKomik Bekearen 3. edizinoa dira azpimarra daitekezan bestelako ekitaldi batzuk.

www.alhondigabilbao.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu