batBIRAlau, euskal kulturearen Nafarroako zirkuitua zemendiaren 22an hasiko da

Bizkaie! 2009-11-17 13:40   jardunaldiak

Zirkuitua zemendiaren 22an hasi eta abenduaren 11n amaituko da, eta formatu zein kalidade handiko bost ikuskizun eroango ditu Uharte, Etxarri Aranatz, Berriozar, Auritz eta Artika herrietara. Ruper Ordorika musikaria eta Euskarazetamol antzerki obrea izango dira, besteak beste, jentaurrean.

Topagunea Euskera Alkarteen Federazioak batBIRAlau, euskal kulturearen Nafarroako zirkuituaren hirugarren edizinoa aurkeztu dau Iruñean. Zirkuitua zemendiaren 22an hasi eta abenduaren 11n amaituko da, eta formatu zein kalidade handiko bost ikuskizun eroango ditu Uharte, Etxarri Aranatz, Berriozar, Auritz eta Artika herrietara. Federazinoaren zein bere kide diran euskera alkarteen helburu nagusia euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, besteak beste, kulturgintzea lantzen dabe, kultur sormena eta haren kontsumo aktibo eta gozagarria bultzatuz. Zeregin horretan, ganera, zirkuitua edo batera jardutea hobesten dabe bakarkako eskaintzen aurrean. Izan be, euskera alkarteen izaerea zein kopurua kontuan izanda (Nafarroan 14 alkarte dira Topagunearen bazkide), zirkuituek aukera parebakoa eskaintzen dabe ekimenen eremu geografikoa zabaldu eta jente gehiagorengana ailegetako. Horren adibide dira Topaguneak antolatzen dituan Film Laburren Zirkuitua, Irakurri, Gozatu eta Oparitu, Kultur Errota eta formatu txikiko eskualde zirkuituak.

Nafarroan kalidade handiko euskerazko kultur programazino koordinatua egiteko proposamena da batBIRAlau, aurten hirugarrenez egingo dana. Helburu nagusia Nafarroako herri eta eskualdeetako kultur dinamikea indartzea eta aberastea da, ikusleen bizi kalidadea hobetuz. Horretarako, aurreko bi edizinoen bideari jarraituz, bost kultur ikuskizunek osotutako ibilbidea eskainiko dau Nafarroako hainbat zonaldetan. Eskualde bakotxeko errealidade soziolinguistikoa kontuan izan eta hainbat ikus entzule mueta zein adin talderi zuzendutako kultur eskaintza askotarikoa eta erakargarria antolatu dau Topaguneak.

batBIRAlau izeneko egitasmoa euskera alkarteen ekimenez sortu zan eta, tartean, hainbat erakunde publiko zein pribaduren laguntzinoa izan dau, CAN aurrezki kutxa tartean.


Egitaraua

Zemendiaren 22an, domekea, 19.30etan, Uharteko Kultur Etxean: BIKO teatroaren 'EUSKARAZETAMOL' antzezlan umoretsuaren emonaldia.

Zemendiaren 27an, barikua, 22:00etan, Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean: BERTSOTRAMARRASKYA. Bertsolaritza, narrazinoa eta zuzeneko marrazketea buztartzen dituan ikuskizun barritzailearen emonaldia. Tramagilea: Xabi Paya, Marrazkilaria: Patxi Gallego Bertsolariak: Erika Lagoma, Julio Soto, Jon Barberena eta Joxe Juan Zubieta ( Etxabe).

Zemendiaren 28an, zapatua, 20:00etan, Artikako Kultur Etxean: RUPER ORDORIKA. ' Haizea garizumakoa' disko barriaren aurkezpena.

Abenduaren 6an, domekea, 17:00etan, Auritzeko Kultur Etxean: ZIRIKA ZIRKUS talde ezagunaren 'Ilargian ' ikuskizun barriaren emonaldia.

Abenduaren 11n, barikua, Berriozarko Musika Eskolan: ANARI 'Irla izan' disko barriaren aurkezpen kontzertua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu