Azkue Fundazinoa, teknologia barriak, euskerea eta gazteria bat eginik

Bizkaie! 2009-11-05 10:28

Interneten eta teknologia barrien bidez euskerearen erabilerea sustatzeko ekimen barria da Azkue Fundazinoa. Aurkezpen-saioko berbaldian, Jose Luis Bilbaok fundazino barriak foru erakundearentzat dauen garrantzi estrategikoa azpimarratu dau.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Azkue Fundazinoa aurkeztu dau: Interneten eta teknologia barrien bidez euskerearen erabilerea sustatzeko ekimen barria. Aurkezpen-saioa Euskalduna Jauregian egin da bart, eta Ahaldun Nagusiagaz batera egon dira, besteak beste, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Jaime Oraá Deustuko erretorea eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibersidadekoa.

Aurkezpen-saioko berbaldian, Jose Luis Bilbaok fundazino barriak foru erakundearentzat dauen garrantzi estrategikoa azpimarratu dau: 'Azkue Fundazinoa anbizino handiko proiektua da Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, bai fundazinoaren misinoagatik eta helburuakaitik, bai fundazinoa osotzen daben kide ospetsuakaitik. Hemen gagozan erakunde guztiok, publiko zein pribadu, geure indarrak batu doguz euskerea sustatzeko asmoz eta, teknlogia barrien bidetik, gure hizkuntzari beste mundu batzuk edegiteko. Izan be, 2.0 mobimentuaren uniberso barria, gure hizkuntzearen arerio izan beharrean, aukeraz beteriko kosmosa da, euskerea modu desbardin eta barritzaile batean sustatzeko bidea emongo deuskuna'.

Horren ondoren, Ahaldun Nagusiak Azkue Fundazinoaren helburuak azpimarratu ditu: 'fundazinoak komunikazinoaren teknologiarik barritzaileenak batu gura ditu euskeraren inguruan eta, holan, zerbitzua emon Bizkaiko gizartearen sektore gazte, dinamiko eta sortzaileenei. Aldundi legez, gure asmoa da gazteakandik eta euren arduratatik hurrago egotea eta, esangura horretan, Internet bidezko ideien eta ezagutzearen trukean, eta sare sozialen bidezko aisia be, ez dira etorkizuna, ezpada oraina. Gazteak legez, euskerea legez. Eta guk ekintzaile eta gogotsu gura doguz'.

Horrezaz ganera, Bizkaiko Foru Aldundiaren arduradun nagusiak honako hau adierazo dau: 'Azkue Fundazinoa gure gizartean oinarrizko diran osogai biren batuketea da: euskerea eta barrikuntzea. Uste osoa dogu hori formula egokia dala eta Bizkaian normal-normal bizi dogula tradizinoaren eta modernotasunaren arteko fusinoa. Euskalduna Jauregia bera, lehen ontzigintzako enpresa bat zana, orain biltzar zentro modernoa da; eta hor bertan dogu Guggenheim museoa... Orain, barriz, euskereak egin behar dau bere bidea, teknologia barrietan lekua egin eta erabilerea zabaldu; izan be, jaiobarri dan fundazino honek ekarpen handia egin gura dau bide horretan. Eta ez gazteentzat eta Bizkaiko euskaldunentzat bakarrik, ezpada herritar guztientzat'.

Berbaldia amaitzeko, Jose Luis Bilbaok Azkue Fundazinoaren patronatuan kide dituan ganerako erakundeak aitatu ditu: Bilboko Udala, Euskaltzaindia, Deustuko Unibertsidadea eta Euskal Herrikoa. Ahaldun Nagusiak esan dauenez, 'lehen mailako bidaide diranez, seriotasuna, fidagarritasuna eta sendotasuna emoten deutse proiektuari'.


Proiektu estrategikoa Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat

Bizkaiko eta Euskadiko bost erakunde pribadu eta publikoren ekimenez sortu da Azkue Fundazinoa. Erakunde horreek, indarrak batu, eta helburu estrategikotzat ezarri dabe euskereak Interneten dauen erabilerea sustatzea, baina, batez be, lurralde historikoko gazteen artean.

Azkue Fundazinoak Bilboko Euskerearen Etxean izango dau egoitza. Ekimen barri honegaz, gehitu egingo da sarean dagozan euskerazko eduki interaktiboen eskaintzea. Holan, gazteek hizkuntza horretan egin ahal izango ditue orain arte beste hizkuntzatan egin dituenak: jolastu, ikasi, eretxiak trukatu, txatean jardun, eta abar.

Azkue Fundazinoaren amesa da erreferentziazko ingurune bihurtzea euskal internautentzat. Horretarako, Bizkaiko gizartean aurkeztu dauen saioaren ondoren, martxan ditu honezkero zenbait proiektu. Ganera, proiektu horreen bitartez, lehendik be sarean egozan programa batzuk bultzatu eta sustatu, eta beste batzuk, barriak, martxan jarriko ditu.

Fundazinoak bere webgunean (www.azkuefundazioa.org)eskuragarri jarri dituan proposamenen artean, honakoak azpimarra daitekez:

· Wiki Plaza. Helburua da Wikipedia euskeraz lan egiteko, ikasteko eta kontsultetako tresna baliozkoa izatea. Horretarako, datozan bi urteotan euskerazko sarreren kopurua nabarmen handitu gura da: egun dituan 45.000etatik 70.000raino.

· Jakintza librea. Azkue Fundazinoak jakintza librea bultzatu gura dau. Hau da, euskerazko edukiak modu librean banatzea bultzatzen dau, edonoren eskura izan daitezan: musikea, bideoak, liburuak, argazkiak, dokumentu zientifikoak, historikoak eta beste edozein eratakoak.

· Jklik (ikas materiala). Irakasle euskaldunentzako proiektua da, euren irakasgaiak ordenagailuaren edo Interneten bitartez emoteko. Software horren bitartez, hezkuntzako multimedia lanak sortu daitekez, letra-zopak, gurutzegramak, testu ariketak, asmakizunak, eta abar. Clic 3.0 programearen eboluzinoa da, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan asko erabilten daben programearen hurrengo pausua.

· Kaixo Frankie! Frankie, urtxintxa bihurria, joko interaktibo barri bat da, Bilboko eta Getxoko kale ezagun batzuetan jazoten dana. Jokalariek laguntzinoa emon behar deutse Frankieri, intxaur guztiak batu, eta bere lekura eroateko, bidean topauko dituan oztopo guztiei aurre eginda.

· XUXEN Bizkaieraz. Xuxen B bizkaieraz idatzitako testuetarako zuzentzaile ortografikoa da. Idaztean egiten doguzan akatsak atzemon eta zuzentzen ditu, eta idatzirako bizkaiera batua sustatzea dau helburu. Labayruk, Elekak eta IXA taldeak sortu dabe, eta doban eskuratu ahal izango da Azkue Fundazioaren bitartez.

· Euskerearen Interpretazino Zentroa. Euskerearen historiaren eta askotarikotasunaren ganeko erakusketa interaktiboa da.

· Mediategia. Mediategiaren helburua da orain arte euskeraz argitaratu dan material digital guztiaren multimedia artxibategi bat izatea.

· Unibersidade liburutegia. Liburutegi honen helburua da unibersidadeko hezkuntzan eta ikerketan erabilten diran argitalpenak batzea.

· Gure ahozko ondarea batu eta zabaltzea. Azkue Fundazinoak www.ahotsak.com web ataria babestuko dau. Proiektu horren helburua da gure hizkuntzearen dibersidadea jasoteko, euskalkien grabazinoak jasotea, baita bizkaierearenak be.

· Euskerea bidaiari. Programa honen helburua da euskerea munduan dagoanaren proba bizia erakustea eta, horretarako, mapamundi interaktibo bat darabil.

Beste alde batetik, Azkue Fundazinoaren helburua da Euskerearen Etxean urteetan egin izan dan lana sustatu eta ahalegin horri bultzadea emotea. Euskerearen Etxea fundazinoaren egoitza da, baina baita Euskerearen Interpretazino Zentroa eta Mediategia batzen dituan etxea be. Eta ez hori bakarrik, euskerearen inguruan lan egiten daben beste hainbat erakunderen helbide eta garapen gune be bada: Topagunea, Mendebalde, Euskal Idazleen Elkartea, Pen Kluba, Bizkaiko Federazinoen Elkartea eta ahotsak.com.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu