Unai Zuluaga: 'irakasle euskaldunik ez daukan autoeskoleak be eskaini ahal izango dau zerbitzua euskeraz'

Saioa Torre Gereketa 2009-08-03 12:38   Barriketan
Igorreko Arratia Autoeskolako irakaslea

Debagoieneko Mankomunidadeak, AEOL argitaletxeari eta Igorreko Arratia Autoeskoleari esker, gidabaimena lortzeko ikasketa-prozesua euskeraz egiteko ekimena jarri dau martxan. Orain arte, autoeskola bakarra egoan aukera hori eskaintzen ebana, Arratia Autoeskolako Unai Zuluagak material guztia euskeratzen egindako lanari esker. Aurrerantzean, proiektua indartzea eta eskaintzea zabaltzea da amesa.


1.- Gidabaimena lortzeko materiala euskeratzen lehena zeu izan zinan eta Igorreko Arratia autoeskolea izan da, orain arte, gidabaimena euskeraz atarateko aukerea eskaintzen eban bakarra. Zek bultzatu eutsun lan hori egitera?

Sentimentuak. Gure amak, hilda dagoana, beti esaten eban ikastolan, etxean eta kalean euskeraz egin ezkero, gidabaimena be euskeraz lortzeko aukerea eskaini behar zala. Hil zanean, neure buruari esan neutsan: 'neuk egingo dot hori'.

Arratia eta Urkoitz autoeskolak alkartu eta neu hasi nintzan, orain dala hamalau urte, materiala euskeratzen. Informazinoa gaika banatu eta gero, irakasleari -kasu horretan, nire aita zan- gidoi bat egiten neutsan eta, egunean-egunean, gai bat lantzen zan. Behin programa osoa amaituta eta hainbeste informazino egoala ikusita -Urkoitz ekimenetik kanpo geratu zan-, formea emoteko beharrizana ikusi genduan, geuretzako, geure erabilpenerako. Orduan, informazinoa ordenau, koaderno itxuran jarri, testak be antolatu eta, apurka-apurka, itxurea hartzen joan zan.


2.- Beraz, ez zenduan liburuaren itzulpen literala egin.

Ez. Hasierako materiala neuk sortutakoa zan, neure liburua sortu eta erregistrau neban.


3.- Eta zein izan zan materialaren itzulpena egiterakoan izan zenduan trabarik nabarmenena?

Hiztegia. Gaiak hiztegi teknikoa dauka eta, euskeraz, ez egoan hiztegi tekniko hori. Jaurlaritzeak eta Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeak zeozelako eretxi tekniko batzuk ezarri zituen eta, alkarlanean, hiztegi teknikoa sortzen hasi nintzan.

Sarritan, geuk edo, hobeto esanda, neik hartzen nituan erabagiak, berbarako gelditu eta geratu terminoen arteko desbardintasunaren ganekoak. Erabagi horreek hartzea ez da bape erraza eta hori izan zan traba nagusia. Termino bat edo beste erabilten dozunean ez zara konturatzen urteek aurrera egin ahala horrek zelako garrantzia izango dauen, termino hori errotu egiten dalako.


4.- Orain, AEOL argitaletxearen eskutik argitaratutako gidaliburuari esker, ekimena zabaldu egin da. Ze eragile edo erakunde zagoze tartean eta zelan alkartu zaree?

Debagoieneko Mankomunidadea izan da ekimen honen bultzatzailea, AEOL autoeskoletarako argitaletxeagaz eta geugaz, Arratia Autoeskoleagaz batera. Mankomunidadeko euskera arloaren buru dana enterau zan gure autoeskolan materiala euskeraz eskaintzen zala eta ideia gustau jakon. Geure materiala erakutsi neutsen eta material horri formea emon eta euren eskualdeko autoeskoletan zabaldu gura ebiela esan euskuen. Baina ez zan hain erraza. Erakunde askok ateak zarratu euskuezan eta, holango batean, AEOL agertu zan, autoeskolatarako editoriala. AEOLek hainbat hizkuntzatan eskaintzen dau gidabaimena prestatzeko materiala: gaztelaniaz, galegoz, katalanez, txinatarrez, ingelesez... Antza danez, enpresearen ordezkariren batek gure proiektuaren barri izan eban eta materiala eurek argitaratuko ebiela esan euskuen. Horri esker, argitaratutako materiala edozein autoeskolatan lor daiteke.


5.- Ohiko gidaliburuaz gan, ze beste material be topau daiteke euskeraz?

Test gidatuak eta azterketa testak Visual Aeol izeneko programa informatiko batean batu dira eta ohiko gidaliburua be euskarri informatikoan topau daiteke. Liburu hori neuk idatzi dot, neukan materialagaz, eta Iñaki Mendigurenek berrikusi dau.

Test gidatuak gaika antolatuta dagoz eta, azterketa testetan, gaiak nahastean dagoz, azterketea preparetako. Gero, irakasle birtuala eskaintzen dauen multimedia programea be badago, eskolak ordenagailu bidez jasoteko. Hori oso interesgarria da ze, material horri esker, irakasle euskaldunik ez daukan autoeskoleak be eskaini ahal izango dau zerbitzua euskeraz.

Azkenik, Debagoiena Mankomunidadea osotzen daben udalerrietako autoeskoletan, material didaktikoa osotzen daben kartelak -seinaleak, arauak, argibideak...- euskeraz egongo dira.


6.- Material horri nork emon deutso azken oneretxia?

Euskera arloan, Iñaki Mendiguren izan da zuzentzaile orokorra eta Aintzane Lasa, Amaia Axpe, Elisabet Payros eta Jose Felix Diaz de Tuesta be zeregin horretan ibili dira, neugaz batera. Aholkularitza teknikoari jagokonean, hau da, trafiko araudiaren arloan, Luis Montoro Bide Segurtasunean Katedradunak onartu dau guk egindakoa.


7.- Behin azterketa teorikoa euskeraz gainditu ondoren, azterketa praktikoa be euskeraz egiteko aukerea bermatuta dago?

Bai. Burrukan ibili gara eta lortu dogu: Bizkaiko Trafiko Buruzagitzeak hiru aztertzaile ditu zerbitzua euskeraz eskaintzen dabenak. Beraz, prozesua oso-osorik egin daiteke euskeraz.


8.- Trafiko-arau barriak sartu ahala, terminologia edota kontzeptuak eguneratu behar izaten dira. Euskeraz, barriztapen
horreek gaztelaniazkoen pare joango dira?

Horretan gabiz, ahaleginetan. Ez da hain erraza ze, azken batean, gaztelaniaz hartzen dan eremua euskeraz hartzen dana baino askoz handiagoa da eta argitaletxea negoziotik bizi da. Horregaitik, gaztelaniazko argitalpen barriak euskerazkoak baino lehenago atarako ditu, hori normala da. Halanda be, AEOLek eta geuk ahalegina egingo dogu holan izan daiten. Barriztapenen bat egon ezkero, AEOLek berbea emon deusku gaztelaniazko bertsino barriak urten eta, gehienez jota, hamabost egunera euskerazkoa merkaduan egongo dala, papelezko bertsinoan, behintzat. Euskarri informatikoan, hori gatxagoa da ze aldatu beharrekoak asko dira, testak, azterketak...


9.- Ze jarrera erakutsi dabe ekimenaren barri izan daben autoeskolek?

Bultzatzaile nagusia Debagoieneko Mankomunidadea izanda, Gipuzkoako datuak dira, oraingoz, dagozan argienak eta esan daiteke asko saldu dirala. Bizkaian be, autoeskola batzutan hasi dira zerbitzua euskeraz eskaintzen, batez be hainbat udaletako euskera sail tartean sartu diralako ekimenaren bultzatzaile nagusi legez eta, diru-laguntzino horreei esker, autoeskola gehiago animetan dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu