Víctor García de la Concha: 'aginpidea autortzen ez jakon akademia batek nekez emongo ditu arauak'

Koldo Isusi Zuazo 2009-07-20 12:43   Barriketan
RAEko zuzendaria

Irakasle, idazle eta ikertzaile asturiarra (Villaviciosa, 1934) RAE, Espainiako Erret Akademiako zuzendaria da 1998tik. Filologian Oviedoko Unibersidadean eta Teologian Erromako Gregoriana Unibersidadean lizentziaduna, luzaroan ibili da irakasle eta katedratiko lanetan, besteak beste, Santanderreko Jose Mª Perede institutuan eta Valladolid, Murtzia eta Zaragozako unibersidadeetan. Geroago espainiar literaturearen katedra lortu eban Salamancako Unibersidadean.

Ikerketa lanak bi arlotan bideratu ditu: Berpizkundeko letra hispanikoak eta Espainiako poesia. Era berean, Berpizkundeko Literatur Akademien sortzailea da eta XVI. mendeko literatura mistikoan aditua. Sano ezagunak dira Santa Teresa eta San Juan de la Cruzei buruz Víctor García de la Conchak egindako liburu eta ikerketak.

Perez de Ayalari buruzko tesi doktorala izan zan Víctor García de la Concharen XX. mendeko poesiaren gaineko lehenengo azterlana. Geroagokoak dira Juan Ramón Jiménez, Antonio Machado, Moreno Villa eta León Feliperi buruzko ikerlanak. Alor horretan, aitzindaritzat har daitekez Espainiako literatur abangoardien gaineko ikerlanak zein espainiar surrealismoari buruzko liburua.

Insula aldizkariko zuzendaria izan zan. Verines-eko Topaketak sortu zituan, Asturiaseko Pendueles herrian urtero egiten diran idazleen eta kritikoen jardunaldiak. Salamancako Nazinoarteko Ikastaroen zuzendaria be izan zan.

Pasa dan astean, Bilbon izan genduan RAEko zuzendari Victor Garcia de la Concha Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ekitaldian eta espainiar estaduan ofizial diran hizkuntzen akademien arteko alkarlan aukerak aztertzeko bileran.


1.- Hamabost urte igaro dira Euskaltzaindia, Real Academia Galega, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia de la Lengua Española erakundeak, azkenengo aldiz, Bilbon batu ziranetik. Orduan, 1994ko zezeilean, Euskaltzaindiaren 75. urtemugearen haritik, egoitzan izan ziran espainiar estaduan ofizial diran hizkuntzen akademietako ordezkariak: Fernando Lázaro Carreter Real Academia Españolako burua, Mario Dónega Real Academia Galegako idazkaria, eta Joaquim Rafel Institut d’Estudis Catalanseko idazkari nagusia. Orduan Jean Haritschelhar zan euskaltzainburua. Euskaltzaindiaren 90. urrteurrenak ze gogoeta eragiten deutsu?

Datu horrek heldutasuna, pilatutako esperientzia eta aginpidea adierazoten dau eta, azken finean, horixe da akademia baten eragingarritasunaren oinarria. Aginpidea autortzen ez jakon akademia batek nekez emongo ditu arauak. Kontuan hartu, arauok herritarren zerbitzura emoten dituala akademiak herritarren euren hizkuntzearen erabileran oinarrituta. Euskaltzaindia edo beste edozein akademiaren eginbeharra adi egotea da herritarrek zelan egiten daben berba, zelan idazten daben, ondoren, behar dan kasuetan zuzenketarako arauak emoteko. Akademia batek arauon bidez bueltan emoten deutso herriari onbiderako tresna. Beraz, hizkuntza hiztunek egiten dabe eta ez akademiak, hiztunek eurek aldatzen dabe hizkuntzea. Esangura horretan, urteak igaro ahala, esperientzia eta ezagutza maila aberastu egiten da eta, era berean, sendotu herritarren akademiagazko aginpidea eta errekonozimendua.


2.-Euskerea da Europako hizkuntzarik zaharrena baina egun minorizatua da. Euskereak iraungo ete dau?

Bai. Ez daukat ezelako dudarik. Espainiako ganerako hizkuntzetan ez bezela, euskerearen jatorria ez dago erromantze eta erromatarren aurreko garaian eta horrexegaitik aparteko indarra eta tradizinoa ditu, milaka urteko tradizinoa, herrian sano errotuta dago eta, beraz, ia-ia pentsauezina da euskerea desagertzeko aukera hori. Benetan holan ikusten dot.

Gaiaren harian, hizkuntzen arteko burruka eta tirabirak baztertu eta helburua benetako elebitasuna lortzea dala esango neuke, ezelako erreserba bako elebitasuna, hain zuzen be.


3.- Espainiar estaduan ofizial diran hizkuntzen akademietako ordezkariak kolaborazinorako aukerak aztertu dozuez. Zeintzuk izan daitekez kolaborazinorako esparru edota arloak?

Kontua da ze akademia guztiok antzeko helburuak daukaguzala, izan be, akademiaren zeregina da begiak zabalik eta belarriak adi eukitea, herritarren berba egin eta idazteko moduak jaso eta aztertzea. Hortik aurrera etorriko dira akademiaren ondorioak eta arauak arlo desbardinetan. Kontuak kontu, akademien helburuak, teoria eta tresnak amankomunak izanik, berbarako, metodoetan, lanerako estrategia eta enparauetan esperientziak konpartidutea da bidea. Aspaldi gabilz alkarren arteko kolaborazino aukerak aztertzen eta praktikan jarten eta hemetik aurrera modu sistematikoan egitea da gure asmoa.


4.- Sarritan herritarrek nahikoa erakunde zaharkitutzat joten ditue hizkuntzearen akademiak, jakintsuen egoak loditzeko gunetzat eta, ganera, arauak emoteko orduan berandu ibilten dirala. Zein da zure eretxia?

Ez dot uste gehiengoaren eretxia danik. Gure kasuan, RAEren kasuan, berbarako, akademia herritarren zerbitzura dago eta erakunde edegia da. Datu bat emongo deutsut, gure on line hiztegiak, RAEren hiztegiak egunero miloe bat kontsulta jasoten ditu eta kontsulta lexikoak 500 bat izaten dira egunero, munduko bazter guztietatik jasoten doguzan kontsultak. Horrek esan gura dau herritarrek aintzat hartzen dabela gure lana eta hori gitxi ez balitz, pentsaizu geugaz batera akademien alkartea osotzen daben ganerako 21 akademiak be ez dagozala geldi, hor be badira, kontsultak, argitalpenak eta bestelako jarduerak. Beraz, akademia zaharkituena, peluka edo ileordez jantzitako akademiako kideak eta holako kontuak antxinakoak baino ez dira eta egun akademiaren jarduerea oso hurrekoa da, edegia.


5.- Akademiako kideen berbakera dotorea, jasoa ez dator bat egun kalean, gizarteko sektore askotan eta edade tarte desbardinetan, baita telebistako saioetan be entzuten dan berbakera baldarragaz. Holako berbakera baldar eta trauskilak modan ete dagoz?

Bai, emoten dau holako berbakerak moda-modan dagozala. Berbakera lotsabakoa, ahozikina ondo ikusia da. Ganera, harritzen nauena da edadeko personak be holako berbakeran entzutea, lehen holako egoerak pentsauezinak ziralako. Dana dala, ez da egungo kontua, lehenago be holako bolada batzuk izan dira. Holako berbakerak transizino politikoaren ondorio dirala esango neuke, hau da, aurreko erregimenean egoan gizarteko arlo guztien kontrol eta zorroztasun giro hori lehertu egiten da eta hizkuntzan be isla uzaten dau. Gizarteko beste arlo batzuetan be, familia giroan, ereduetan eta baloreetan be aldaketak izan diran moduan ulertu behar doguz hizkuntzetan be boladaka izaten diran gorabehera horreek. Egun, familia eredu barriak dagoz, orain urte batzuk ez egoan dibortzioa egun nahikoa normaltzat hartzen da eta abar.


6.- Akaso, hizkuntzearen feminizazino prozesuan azken aldion ikusten doguzan astokeriak (el medico, la medico, juez, jueza, oraintsu miembra hiztegira batzeko proposamena...) be aitatu giro horretan kokatu behar doguz?

Gizarteko arloetan, lan arloan eta bestelakoetan emakumeak ordezkaritza urria izatea da gauza bat eta hor duda barik pausuak emotea normala da. Nire alaba bat fiskala da eta egun horretan dabilzan gehienak emakumeak dira. Holako gauzak normaltzat hartu behar dira, unibersidadean zein bestelako arloetan emakumeak nabarmentzea.

Beste kontu bat da emakume eta gizonezkoen arteko bardintasuna lortze aldera, hizkuntza arloan zentzunik bako erabagiak hartzea eta egoerea mutur-muturrera eroatea, holakoetan sarritan neurri okerrak har daitekezalako. Sexua eta generoa nahastea akatsa da. Berbek genero garamatikala daukie, ibilbide historikoak, osoketeak eta etimologiak emona. Bortxaz edo indarrez gauzak egin gura izatea ez da zuzena.


8.- RAEn hirugarren agintaldian zagoz eta burubelarria Amerikagazko hartu-emonetan. Zelako balantzea egiten dozu?

Sano pozik nabil. Hizkuntzearen batasuna lortze aldera, Amerikako akademiakaz aspaldi hasitako hartu-emon giro horrek ondorio garrantzitsuak ekarri ditu eta bide horretan sakontzeko gogoz nabil. Gramatika osoa, Amerikanismoen Hiztegia, Oxfordeko hiztegiaren ereduko mikrohiztegia... Lan erraldoaik dira eta sano erabilgarriak.


9.- Zeintzuk dira RAEren erronka eta proiektuak?

Aurreko erantzunean esan deutsudazan horreez aparte, Hiastegi Historikoa nabarmenduko neukizu, historian zeharreko espainiar lexikoaren gordailu erraldoia izango baita.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu