Bagilaren 29an hasiko dira Portugaleten 'Zigortzaileak' filmetan

Bizkaie! 2009-06-25 14:37   Barriak

Euskeraz filmauko da Zigortzaileak, eta filmeko paper nagusiak zineman debuta egiten dauen neska eta mutil talde batek beteko ditu. 1200dik gora hautagaien artean aukeratutako zazpi umeek parte hartuko dabe pelikulan.

José María Lara-Alokatuk produzidu dau Arantza Ibarrak idatzitako filma, eta zuzendari lanetan, barriz, Ibarra bera eta Alfonso Arandia ibiliko dira. Zigortzaileak pelikulak hainbat ikasleren abenturak kontauko ditu, ikastetxeko ume menperatzaile batzuen tratu txarrak sufriduteaz nazkatuta, horreei eskarmentua emoteko talde sekretu bat sortu daben ikasleen abenturak, hain zuzen. Bada, super heroien filmak oinarri hartuta, pelikula honek bullying-aren gaia jorratzen dau, betibe umorea eta entretenimendua tarteko dirala.

Euskeraz filmauko da Zigortzaileak, eta filmeko paper nagusiak zineman debuta egiten dauen neska eta mutil talde batek beteko ditu. Hain zuzen be, Bizkaiko leku askotan zein Ipar Euskal Herrian casting prozesu zurrunbilotsu bat egin da horretarako; apirilaren amaiera eta bagilaren hasiera bitartean egin ziran probetara 1.200dik gora adin txikiko aurkeztu ziran. Azkenean, ondokoak dira 'Zigortzaileak' zintako protagonistak:

Gautegiz Arteagako (Busturialdea) Amaia Aberasturi Leire izeneko umea izango da filmn: nortasun handia eta zuzentasuna ulertzeko modu trebea dauka neskato protagonista honek, eta beren eskolako menperatzaileak bere lekuan jarri nahiko dituan lagun-talde zigortzaileko liderra da. Hamabi urte ditu Amaia Aberasturik eta datorren ikasturtean bere lehengo eskolatik (Monterrey) Barrutiakora pasauko da. Tai Chi-a praktiketan dau, eta txikitatik izan dau jantzarako zein antzerkia egiteko zaletasuna, baina sekula ez eban bere burua casting batera aurkeztu. Oraingo honetan, barriz, Zigortzaileak filmetako aktore gaztetxoen bila ebilzala jakin ebanean erabagi eban aurkeztea 'zelakoa dan jakiteko', nahiz eta ez eban uste aukeratuko ebenik.

Andoni Delarigne Bastidakoa da (La Bastide Clairence), mila biztanle baino gitxiago dituan Behe Nafarroako herrixkakoa. Hamabi urte ditu honek be, eta Xalbadorren egiten ditu ikasketak. Telebista frantseserako hiru telefilmetan parte hartu dauenez, pelikula honetan ikusiko doguzanetatik zineman zeozelako esperientzia izan dauen bakarrenetakoa da Delarigne. Edozelan be, hau izango dau euskerazko lehenengo filmaketea, eta, gainera, bere amagaz partekatuko dau platoa, honek be paper txiki bat daukalako pelikulan. Andonik Leo-rena egingo dau oraingoan; zigortzaileen taldeko intelektuala, informatikan erabat aditua eta sekulako trikimailuen asmatzailea.

Estibaliz Sarasola, hamaika urteko bilbotarra, Begoñazpi ikastolan dabil, eta Lehenengo Hezkuntzako seigarren maila hasiko dau. Klasez aldatu ebenean hartu eban abesteko eta jantzan egiteko zaletasuna, jarduera horreek gogoko dituen neskato batzuekaz alkartu zanean, hain zuzen. Horreek danak aurkeztu ziran filmeko casting-era, baina Estibaliz bakarrik aukeratu eben. Holan bada, Sandraren papera egiten dau bertan; bere aitite-amumakaz bizi dan neskatoa, eta egun guzti-guztia errepetiduten eta eten barik jantzan pasetan dauena. Sandrak bullying-a sufriduten dau eskolan, eta egoera hori Estibalezek eta filmeko bere kideek be eskola esparruan noizbait ikusi izan dabela adierazo dabe.

Martin Gandiagak Angel-ena egiten dau, filmeko gaiztoarena, hain zuzen. Hamabi urteko markinarra da Martin, Berakruz ikastolan dabil eta futbola zein antzerkigintzea ditu gogokoen. Jarduera horreetan beti nabarmendu izan da, gainera. Bere ingurukoek animau eben casting-ean parte hartzera, aukeratuko ebenik espero barik. Profesional mailako futbol talde bateko atezain izan nahi leuke Gandiagak. Bestalde, berak autortu dau Angel 'askotxo' hurretik ezagutzen dituala, ahulenak diran horreei kalte eginez gozetan daben gazte ugari, eta beraz, bere pertsonaia preparetea ez jakola larregi kostau.

Filman, Angelen laguna David da, beste menperatzaile bat. Eta azken honen papera Peio Madariagak egingo dau, Lezamako hamahiru urteko gazteak. Txorierriko Institutuan dabil ikasten Peio eta bere zaletasun nagusia 'rapeatzea' da. Institutuan antzerkia ez eze, bateria be joten dau. Abenturazko filmak oso gustuko ditu, eta oso argi dauka nagusitzean aktore izan nahi dauela.

Bilboko San Inazio auzoko Asier Vegas izango da Javi, besteei kalte eginez harrotzen dan beste gazte bat. Hamaika urte ditu Asierrek, La Salleko ikastetxean 5. maila amaitu barri dau, eta zaletasun ugari ditu: futbola, pin-pona, esku-pilotea, eta, batez be, musikea (Kontserbatorioan dabil ikasle eta perkusinoa joten dau) zein antzerkigintzea. Nagusia danean astronauta izan nahiko leuke Vegasek, eta film hau 'esperientzia bat izateagaitik' egin nahi dauela dino.

Nikola Zalduegi izango da Fernando pelikulan, pisuzko eta nahiko bihurria dan pertsonaia. Nikolak hamalau urte ditu, Bilboko Atxuri auzoan bizi da eta Lauro ikastolan ikasten dau. Futbola, txirrindula eta uger egitea gustetan jako. Gitarra elektrikoa ikasten dabil, baina berak nahiago dau bateria. Antzeztea beti gustatu jako. Behin Arriagan extrarena egin eban eta bi film laburretan be parte hartu dau. Bere amesa aktorea izatea da, baina plana bertan behera geratzen bada, maisurako ikasiko dau.

Horreekaz batera, Kerman Rekondo, Izaro Baza eta Xabier Caballero umeek be parte hartuko dabe aktore moduan. Nagusien pertsonaiak antzeztuz, barriz, Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Alfonos Torregrosa eta Rafael Amargo jantzaria izango dira, besteak beste.

Zigortzaileak bagilaren 29tik abuztuaren 8ra bitartean filmauko da Portugaleteko Zunzunegui Institutuan eta inguruko beste leku batzuetan. 2010. urte hasierarako aurreikusi dabe estreinaldia.

Arantza Ibarra ondarrutarra da istorioaren autorea eta filma zuzentzen be ibiliko da Alfonso Arandiagaz batera. Oro har, Ibarrak bere ibilbide profesional gehiena publizidadearen esparruan garatu dau, sortzaile eta diseinatzaile bezela. Telebista-programa desbardinetarako eszenografiak be asmau izan ditu. Umeentzako zenbait ipuin idatzi eta argitaratu ditu, baita zinemarako gidoi bi be.

Lehen aitatutako Alfonso Arandia zuzendariak berak 'El anónimo' eta 'Carretera y manta' film luzeak zuzendu ditu. Gainera, 'El comisario', 'Sin tetas no hay paraíso' eta 'La chica de ayer' lako telesail arrakastatsuetarako hainbat kapitulu be gidatu izan ditu.

José María Lara ibilbide luzeko produktore independentea da. Berrogeita hamar film egin ditu, luzeak, laburrak zein dokumentalak. Berak produzidutako filmen artean dagoz, adibidez, Diego Fandosen 'Cosmos' (2007), Mercedes Álvarezsen 'El cielo gira' (2004), Ramón Barearen 'El coche de pedales' (2003) eta 'Pecata Minuta' (1998), La Cuadrillaren 'Atilano Presidente' (1998) eta 'Justino, un asesino de la tercera edad', edota Daniel Calparsororen 'Asfalto' (1999).

EiTBren parte-hartzea eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa izan dau Zigortzaileak filmak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu