Pablo Gonzalez de Langarika: 'Poesiaren eta kalearen arteko buztarketarik ez dot ikusi aspaldion'

Koldo Isusi Zuazo 2009-06-15 11:32   Barriketan

Poetea eta Zurgai aldizkariko zuzendaria

Pablo González de Langarika Bilbon jaio zan 1947ko zezeilaren 9an. 'Poetas por su pueblo' taldeko kidea da eta 1981etik 'Zurgai' aldizkariko zuzendaria eta bihotza eta arimea. Argitalpen desbardinetan kolaboratzaile ibili da: 'Bahía', 'Pamiela', 'Malku', 'Arbola' eta bestalakoetan. Hiru liburu argitaratu ditu: 'Canto terrenal' (Bahía Saria, 1975), 'Contra el río de las sombras' (Egilearen arg., 1976) eta 'Del corazón y otras ruinas' (Alonso de Ercilla Saria, 1985). Argitaratu barik dagozan bere bi liburugaz, 'De ríos, tardes, musgos, arrecifes...' eta 'Los ónices de Onan', 'Nacional de Yecla' (1984) Saria eta 'II Certamen de Poesía Erótica' Sariak irabazi zituan hurranez hurran, 'La Galleta del Norte' literatur tailerretan.

Kontuak kontu, 'Zurgai' posia aldizkariaren 30. urteurrenaz, biziraupenaren sekretuez eta poesiaz berba egiteko alkartu gara, pasa dan astean, Bilboko 39. Liburu Azokan Urrezko Luma Saria jaso dauen lagunagaz.


1.- Zorionak 'Zurgai' aldizkariaren 30. urtebetetzeagaitik eta egunotan jaso dozun Urrezko Luma Sariagaitik. Poesia aldizkari bati 30 urtean eustea harrigarria da. Nondik ataraten dozu adorea aldizkariagaz jarraitzeko?

Urte honeetan guztietan harmen handiko jentea, laguntzeko prest egon dan jentea topau dot bidean eta holan norbera be susperturik sentiduten da, gauzak egiteko gogoz; hori oinarrizkoa izan da. Horrezaz gan, erakundeen laguntzinoa eta babesa be azpimarragarriak dira, zehatz esateko BFAren babesa, izan be, hori barik ezinezkoa izango zan hain ibilibide luzea eta emonkorra. Babes horrek segiduten dauen bibitartean eta osasuna ixten deusten bitartean, Zurgaik aurrera egingo dau ze nahitaezkoa dala pentsetan dot, gitxiengoen artea da poesia baina horrek ez dau esan gura hilten itxi behar danik, hizkuntza gitxituak be baztertu behar ez diran moduan.


2.- Urrezko luma sariagaz, urteetan egindako lana autortu jatzu. Sariak beti hartzen dira ondo baina bestelako gogoetarik eragin deutsu?

Oso pozik nago, jakina. Bestelako gogoetarik? Nagusiena da momentua aprobetxau behar dala, bizitzak eskaintzen deuskuzan gauza txikiakaz eta unean unekoakaz disfrutau behar dala. Zoriontasun iraunkorrik ez dago, gainera, makalaldiak be pasau egin behar dira, gero momentu onak disfrutetan jakiteko. Aldizkariak be sufridu izan ditu holako beheraldiak baina balantzan jarrita, momentu onak izan dira nagusi.


3.- Egun, euskal literatur aldizkari bakarrenetako eta sendoena da 'Zurgai' baina atzera eginaz, zelan sortu zan Zurgai? Zelakoak izan ziran hasierako momentuak? Tertulia poetiko-literario mamitsu hareek, 'Poetas por su pueblo', 'Yambo'...

Nire gaztaroko kontuak dira horreek eta momentu ederrak izan ziran baina urteek emoten daben ikuspuntu horretatik pena sentiduten dot ze ilusino eta barruko indar handiko sasoia izan zan. Poesia egitea edo sortzea baino gehiago, poesia bizimodua zan gurea, kalean bizi genduan posia giro hori, gure buruetan ez egoan besterik. Poesiaren eta kalearen arteko buztarketea biz genduan eta ordutik ez dot holakorik ikusi. Orduko indar eta ilusino hori oinarrizkoa izan da egun, poesia aldizkari sendo bat eukiteko.

Zurgai sortu aurretik, 'Poetas por su pueblo' izenpean, olerkiz hornidutako orriak banatzen genduzan kalean, Bilboko Kale Nagusian hormirudietan olerkiak jarten genduzan eta geroago, 'Yambo' izeneko aldizkaria kalean saltzen hasi ginan, 25 pezetako salneurrian, sekulako arrakastegaz.


4.- Frankismo garaiaren ondorengo lehen urteak ziran eta 1979ko udabarrian kaleratu zenduen 'Zurgai' aldizkariaren lehenengo alea eta ordutik hutsik egin barik argitaratu dozue. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa erabagiorra izango zan, ezta? Orduko denporetatik zer galdu eta zer irabazi dau aldizkariak?

Bai, esan deutsudanez, Zurgai sortu aurretik be sekulako mobimentua egoan, gazteak, edadekoak... Danak egozan edo gengozan entzuteko prest, poesiak jente asko erakarten eban. Esangura horretan, zer galdu eta zer irabazi? Duda barik, bizitza bera galeren segida bat, besterik ez da. Aldizkariaren kasuan, freskurea, gazte talde baten indarra eta ilusinoa galdu ditu, akaso. Horrek ez dau esan gura gaur egun ilusino barik gabilzanik. Irabazi, barriz, asko irabazi dau. Hogeita hamar ez dira debalde pasau. Egun, kalidade eta esperientzia handiko literatur aldizkaria da Zurgai, lasaiago eta objetiboago jokatzeko bidea egin dogu eta, jakina, bertoko zein kanpoko poesia munduko izen handiakana heltzeko modua daukagu.


5.- 'Zurgai' aldizkariaren bihotz eta arimea zara baina beti laguntzaile onak izan dozuz alboan, besteak beste, Seve Calleja, hasieratik inurri lana egin dauen laguna...

Seve Calleja eten barik dago ideiak eta asmoak sortzen; dinamizatzaile eta behargin bikaina, asperbakoa da eta, akaso, nik neuk neurri batean galdu dodan indar hori Sevek ez dau galdu. Sano garrantzitsua da holako lagunak alboan eukitea. Zorionez, laguntzaile onak izan dodaz beti alboan.


6.- Seve Callejak Zurgairen ondoko definizinoa dakar 'Los poetas de Zurgai' antologiaren hitzaurrean: '...pared mural de piedras y argamasa... ', '...lugar de encuentro de las dos expresiones lingüisticas, la euskaldun y la castellana...' Zer da Zurgai eta zeintzuk dira Zurgairen helburuak?

Poesiagaz ikasten jarraitzea da nire helburu personala, autortu behar deutsut. Edozelan be, Zurgairen helburu nagusia poesiaren eta bi hizkuntza adierazpen horreen topaleku izateaz gan, euskal poesia gure mugetatik kanpora zabaltzea litzateke.

Zehaztasunera jo gura izan ezkero, aldizkariaren izenaren barrenera jo eta esango neuskizu, poesia beti gogoan, 'irudi ederreko arbolea, zur-egur ugari eta ona ekarriko dauena' dala.


7.- Sasoi bateko 30 bat orrialdekoak izaten ziran aleak 114-156 orrialde artekoak izatera pasau zinien. Urtean bi ale argitaratzen dira ordutik. Poesia sortu barriari toki zabala eskaintzen jako bigarren aldian, baina horrezaz gan, hausnarketarako eta informaziorako toki zabala eskaintzen da. Gainera, ilustrazinoek garrantzia handia hartu dabe. Gainera, Interneten be badago egun Zurgai. Gauzak goitik behera aldatu dira azken urteotan...

Bai, holan da. Iraultzea baino gehiago, etenik bako eboluzinoaren ondorio dira aldaketa horreek guztiak, beti be ahalik eta produktu onena eskaini aldera. Garaiak eta jarrerak eta jokabideak be goitik behera aldatu dira; atara kontuak, orain 30 bat urte, dana egoan egiteko eta egileek, sortzaileek eurek egin behar eben-genduan banatzaile eta saltzaile lana kalean. Literaturea edo poesia zuzenean pasetan zan sortzaileakandik kontsumitzaileakana. Edozelan be, aspaldi jaubetu ginan liburutegiak, banatzaileak zeregin garrantzitsua dabela eta sortzaileari baketan itxi behar jakola sortze lan horretan ezelako trabarik izan ez daian.

Egun, edukiz, ilustrazino zein tipografiaren aldetik produktu ona, kalidadekoa izateaz gan, Zurgai poesia aldizkari erakargarri dalakoan nago eta Interneten be lekua hartzea eboluzino naturala izan dala esango neuke, garaiotara egokitu beharra dagoalako. Aitagarria Interneten eskuragarri dagozala Zurgairen ale guztiak, azkenengo biak kenduta.

Jakina, aldizkariaren ibilbide horretan, erakundeen babesa erabagiorra izan da, behar dan guztietan nabarmenduko dot hau, ze holako babesik barik ezinezkoa izango zan heldu garen lekura heltzea.


8.- Zurgai aldizkariaren ale asko monografikoak izan dira, autore zehatzei eskainitakoak zein gai zehatzei eskainitakoak, berbarako, umeen poesiari eskainitako alea, Nerbioi ibaiadarraren inguruan egindako poesiari eskainitakoa, Europako herrialdeetan egindakoari... Zergaitik izan zan hain garrantzitsua Blas de Oterori eskainitako alea?

Momentu erabagiorra izan zan. Neurriz, aldizkari txikia (33 bat orrialde) izatetik handiagoa izatera (ehunetik gora orrialde) pasau ginan, izen handiko kolaboratzaileak batu ziran gurera eta, horrezaz gan, Blas de Otero hurreko egilea zan, kalidade handikoa eta nahikoa izan zan bera eta bere obrea Zurgairen aleari berebiziko garrantzia emoteko. Edozelan be, beste monografiko batzuk be ondo gogoan daukadaz: Oterorenaren aurretik, Angela Figuerarena nabarmenduko neuke, Gabriel Arestiri eskainitakoa, HABEk egindako kritikearen arabera, ordura arte Arestiri buruz egindako lanik onena edota Antonio Gamonedari eskainitakoa...


9.- Egun, Blas de Otero plataformeak makinatxu bat burukomin eragin ditualakoan nago...

Bai. Plataformearen inguruan sortu dan giroagaz apur bat minduta nago. Dakizunez, denporea da Blas de Otero Fundazinoa martxan dagoana baina Blas de Oterori omenaldia egiteko gogoa geunkan eta daukagu batzuk, 'Los poetas de Zurgai' antologia aurkezteaz batera, 'Tachia' (Concha Quintanar), Oteroren neska-laguna izandakoak haren poema batzuen irakurraldia egin daian (Gasteizen bagilaren 25ean eta 29an, barriz, Bilbon). Blas de Oteroren heriotzearen 30. urteurrenaren harian antolatuko da hori guztia eta Blas de Otero Fundazinoaren lana autortu arren, Fundazinoko patroi dan Iñaki Azkuna Bilboko alkate jn.ari eskatu geuntsan zeozer egin behar zala, berbarako, oraindino ez dagoan poetearen obra guztia batzen dauen lana eta biografia. Kontua da ze, batzuk hasarratu egin dirala Fundazinoagaz zerikusirik ez dauen talde batek hartu dauelako ekinbidea.


10.- Zurgai aldizkariagaz batera, poesiak zelan eboluzionau dau?

Oso gitxi eboluzionau dau. Antonio Gamonedak esaten dauen legez, egungo espainiar poesiaren mailea ez da handiegia. Nire ustez, garatzeko bidean dagoan poesia da egungoa, oro har barrikuntza gitxi dakarrena, nahikoa lerrokatua eta lokarturik dagoana. Dana dala, poesia duina da, hor ez daukat dudarik. Baina beste sasoi batzuetako barrikuntza eta lirismo jarioa faltan botaten dodaz.


11.- Zer esango zeunskio poesia sekula irakurri ez dauen bati?

Behin entzun neutsan bati poesia ikasgaia behar-beharrezkoa zala ikasgeletan eta niri zoramena, larregizkoa begitandu jatan hori. Muturretara joan barik, poesia arte adierazpena da eta norberaren barrutik ez bada sortzen interesik, hortik aurrera egin geinkezan ahalegin guztiak alperrekoak izan daitekez. Poesia ezagutu ez baina zeozelako ahalegina egiteko prest dagoan bati esango neuskio Mario Benedetti lako maisuen hurreko poesiagaz, berbakera arrunta, argia darabilenakaz hasteko.


12.- Zure poesia bategaz amaitzea ederra izango litzateke...

Soneto izateko asmoz jaiotako lauko bat eskainiko deutsut:

'Probe por el amor la hiel del llanto
conozco por vivir lo que es la muerte
traté de hallar a Dios, no tuve suerte
voy ciego y feliz, por eso canto'

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu