Eunate Agirre: 'uretan ez eze, uretatik kanpo be moldatu behar gara!'

Koldo Isusi Zuazo 2009-05-26 18:41   Barriketan
Bodyboarder sopeloztarra

Bodyboardeko Nazinoarteko IBA Zirkuitoko egungo liderra Munduko 42 espezialista onenak batzen dituan aitatu zirkuitoko hirugarren proba puntuagarria irabazi dau Eunate Aguirrek Brasileko Salvador de Bahian, finalean Maylla Venturin atzean itxita baina hori baino lehen Hawaiko Pipelinen eta Brasileko Santa Catarinak jokatutako saioetan bigarren sailkatu zan. Orain Eunate Aguirre liderraren ostean, Neymara Carvalho brasildarra eta Puerto Ricoko Luzmarie Pérez dagoz.

Orain arte be, Europa mailan erreferentzia izan dan arren, azken urteotako denporaldirik onena egin leike aurten Eunate Agirrek. Hona hemen sopeloztarrak kontau deuskuzanak:


1.- Zorionak!. Lehenengoz irabazi dozu mundialeko proba bat eta pozez zoratzen egongo zara... Aurten mundiala irabazteko aukerarik?

Bai, poz handia, denporaldi luzea daukat aurretik baina egia da orain lehenengoa nazela eta horrek aparteko adorea eta indarra emoten deust; datozen konpromisoei begira, abiapuntu parebakoa be bada.


2.- Badaroazuz urte batzuk uretan, izan be, 11 urtegaz hasi zinan lagunekaz olatuak hartzen. Zelan gogoratzen dozuz hasierako momentu hareek?

Lehenagotik be banenbilen uretan baina, bai, apur bat 'serioago' hamaika urtegaz edo hasiko nintzan. Oso momentu onak izan ziran, ahaztu ezinezkoak, maniobra barriak eta politak ikasten eta hobetzen emoten genduzan orduak eta orduak; lehenengo, 'rolloa', gero, '360' eta danok batera, jolasten bezela, barrez lehertzen ginan gure saiakerak egiten.


3.- Zure lehenengo txapelketea Pena Txuri Surf taldearen eskutik jokatu zenduan eta oso oker ez bagagoz bigarren sailkatu zinan. Ordurako bazenekian surfa izango zala zure bizitzako pasinoa?

Bai, uste dot betidanik maite izan ditudala surfak eskaintzen deutsuzan sentsazinoak; gero txapelketetan nahiko ondo nenbilen; subertea be izan neban eta laster fitxau ninduen babesleek; oso gaztea nintzan eta giro horretan izugarri pozik eta zoriontsu sentidutea erraza zan. Nire etorkizuna eta bizitza hori izatea nahi nebala erabagitea erraza izan zan.


4.- Geroago etorri ziran estadu mailako txapelketak, sponsorrak, Europako Junior Txapelketea... Oraintsu Thierry Donard ('Desafio Sin Fin', 1994) zuzendariaren aginduetara 'Perfect moment' filman parte hartu dozu elite mailako beste kirolari batzuekaz batera. 'Zirko' honetan gustora zabilzala emoten dau...

Bai, holako gauzak bat datoz kirolagaz. Nire lehenengo asmoa beti izan da teknikea hobetzea, surfean aritzea, emoitzak hobetzea,... baina egia da kirolari bezela, batez be, maila honetan, hainbat promozino lan, argazki saio, saribanaketa ekitaldi, entrenamenduak eta konpromiso ugari izaten dirala. Uretan ez eze, uretatik kanpo be moldatu behar gara!


5.- Kirol arloan, uretako saioez gan, ze entrenamentu egiten dozu?

Pablo Calvo da nire entrenatzailea; egia da urtean zehar denpora asko emoten dodala etxetik kanpo, baina beti saiatzen naz Pablok agindutako pausuak jarraitzen. Etxean errazagoa da; BAT, Basque Team taldea daukat atzetik eta honeek primerako azpiegiturak ditue entrenetako, medikuak, kirol-sikologoak,... Bai gorputza eta bai burua forman jartea nahitatezkoa da. Edozelan be, giharrak indartzen dodaz makinakaz, uger egitea be oso ona da erresistentzia lantzeko, ariketen osteko luzaketa saio luzeak egiten dodaz...


6. 'Kortxera' deitzen zaituenean hasarratzen zaren horretakoa al zara?

Ez, ez naiz hasarratzen, batzutan ganera gustetan jat berba hori entzutea, horrek esan gura dauelako etxeko bategaz edo etxean nagoala!


7.- Bodyboarderrak eta surferrak zelan konpontzen zarie?

Salbuespenak salbuespen, giro ona dago, olatuen atzetik, olatuen bila danok ibili arren.


8.- Bodyboardaren elitean, munduko onenen artean egon arren, zure garaipenek ez dabe oihartzun larregirik prentsan eta Euskal Herrian surfak dauen indarra eta protagonismoa ikusita, kontraesana emoten dau. Egoerea badoa aldatzen, ala ez?

Nire aldetik, ez daukat ezelako kexarik; prensak, beti ondo zaindu nau. Beste alde batetik, egia da surfa, bodyboarda baino zaharragoa dala eta, beraz, esperientzia gehiago daukie, jarraitzaile gehiago, profesionalagoa da, baina bodyboarding-a hobetuz doa.


9.- Munduan ezagutu dozuzan hondartzetatik zein da zure ustez onena bodyboarda egiteko?

Pipeline, Hawai-en, uste dot primerako olatua dala, ikusgarria, eta hondartzea, ezin hobea.


10.- Zeintzuk dira zure hurrengo konpromisoak kirol arloan zein promozino arloan?

Orain Brasilean nago, telebista promozino batzuk lantzen eta entrenetan. Etxera bueltaukeran konpromiso piloa eukiko dot seguru, telebistarako erreportajeak, alkarrizketak, Basque Team egutegi baterako argazki batzuk, Movistar-egaz ekintza desbardinak eta Sopelanako Bodyboarding eguna ospatu, besteak beste. Kirol arloan Europako fasea gogor preparau, entrenamenduen errutinea barriro hartu... Aurten, ganera, abuztuan IBA Zirkuitoko proba bat eukiko dogu Sopelan...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu