Heights

Joseba Terreros 2006-05-26 02:00   Zinema kritikak

Chris Terrio zuzendari hasibarriak antzezleen eta kontakizunaren arteko buztarketa lan zintzoa jadetsi dau; narrazinoaren erritmoa ez da txarra eta personaien topaketa estuak eta ezustekoak berezkotasun osoagaz atontzeko trebetasuna euki dau.

- Zuzendaria: Chris Terrio.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 93 minutu.
- Antzezleak: Glenn Close (Diana), Elizabeth Banks (Isabel), Eric Bogosian (Henry), Jesse Bradford (Alec), Matt Davis (Mark), Andrew Howard (Ian), Thomas Lennon (Marshall), John Light (Peter), Isabella Rossellini (Liz), Susan Malick (Rachel), James Marsden (Jonathan), Michael Murphy (Jesse).
- Gidoia: Amy Fox.
- Musikea: Martin Erskine eta Ben Butler.
- Argazkia: Jim Denault.
- Muntaia: Sloane Klevin.
- Zuzendaritza artistikoa:Diane Lederman.

'Heights' filmean ez da istorio zehatzik jorratzen eta, orain dala gitxi 'Crash' pelikula arrakastatsuan ikusi genduan lez, antzeko munduetan dabilzan baina izakerearen aldetik zerikusi handiegirik ez daukien personen talde baten arteko hartu-emonak aztertzen dira. Istorioa New Yorken garatu eta gehienbat uriko artista eta intelektualen giroaren inguruan bilbatzen da.

Honen antzeko hainbat pelikulatan jazoten dan moduan, 'Heights'-en gidoiak sarritan egokiro babesten eta jagoten ez dauen intelektualismo eta zorroztasun handigura ikutua igarri daiteke. Asmoak asmo, gidoilariak sorturiko unibersoa interesgarritzat jo daiteke: personaiak, behinik behin, benetakoak dira eta deskribidutako egoerak nahiko errealistak.

Bestalde, pelikulan parte hartzen daben aktoreak lar ezagunak izan ez arren, 'jakina danez, Glenn Close albo batera itxita', protagonistarik gehienek egindako beharra ona dala esan behar da; ganera, Chris Terrio-ren zuzendaritzapean azaleko bildur eta ezkutuko gurarien sare polita eratu dabe.

Laburbilduz, Chris Terrio zuzendari hasibarriak antzezleen eta kontakizunaren arteko buztarketa lan zintzoa jadetsi dau; narrazinoaren erritmoa ez da txarra eta personaien topaketa estuak eta ezustekoak berezkotasun osoagaz atontzeko trebetasuna euki dau. Ez da aparteko filma, baina eroso ikusi daiteke

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu