Gontzal Mendibil: 'sinboloek garrantzi handia dabe Arruperen bizitzan'

Bizkaie! 2007-11-12 14:33   Barriketan
Arrupe, nire isiltasuna aurkeztuko dau zemendiaren 14an

Produkzino erraldoi legez definidu daiteke eguazten honetan, zemendiak 14, iluntzeko 20:00etan Bilboko Euskalduna Jauregian izango dana. Arrupe, nire isiltasuna titulupean, Aita Arrupe (1907-1991) jesuitearen jaiotzearen mendeurrenaren egunean bertan, haren omenezko antzezpen musikatua egingo dabe. Gontzal Mendibilen gidaritzapean, musika eta jantza arloko hainbat izen ezagunez gan, 90 figurante baino gehiago izango dira taula ganean. Obrearen nondik-norakoak Mendibilek berak azaldu ditu.


1.- Hasteko, ikuskizunean Arrupek izango dauen irudia aztertuko dogu. Labur-labur azalduta, zelan islatuko dozue haren bizitza obra honetan?

Ikuskizunak oso argi bereiztutako zati bi daukaz. Lehenengo zatian, ikusleak munduan zehar bidaiatzeko eta bere fede proiektua bizitzearen eragilea izateko Pedro Arruperen arrazoiak ezagutuko ditu. Momentu honetan, bidaiari nekaezina topauko dogu, errealidadeak behin eta barriro zigortuko dauena baina guztia gainditzeko prest dagoana. Arrupe dinamikoa, mundua, bere espiritualtasuna eta kultura desbardinak ikertzen dituana deskubriduko dogu. Errefuxiatuentzako Jesuita Zerbitzua sortu eban errefuxiatuen eta ezinbestean mobidutakoen eskubideak defendiduteko eta hareei laguntzeko eta zerbiduteko helburuagaz.

Ikuskizunaren lehenengo zati hau Hiroshimako bonba atomikoaren leherketeagaz amaitzen da 1945. urtean. Jazoera horrek bere bizitza osorako markau eban Arrupe.

Bigarren zatiak Erroman Jesusen Lagundiko Jeneral legez emondako urteak erakusten deuskuz. Hausnarketa handiko sasoia izan zan, adostasun eta desadostasun garaia, jesuiten historian oinarrizkoak izan ziran erabagiak hartu ziranekoa. Proposamenak Pedroren sentimentu sakonetan murgiltzen gaitu. Munduan zehar egindako bidaiak orain barne-bidaiak, espiritualak, mentalak... dira. Ebanjelizazino ekumenikoaren erronkea zala eta, hierarkiagaz izan eban maitasun eta batzuetan gorroto loturea ezagutuko dogu. Lan handia egin eban eta horrek ahuldura nabarmena eragin eutson. Gobernatze etapea gaixotasun bategaz amaitu zan, ulertezintasuna eta komuniketako zailtasunak handiak ziran, ahalmenak lermatu jakozalako. Bere azken egunak ameslariaren, eleizearen historian garrantzia handia izan dauen personaia unibersalaren autorpen-bidaia dira.


2.- Zein da izenburuaren jatorria?

Arruperen bizitzan hiru isilaldi egon ziran: batetik, 9 urtegaz ama hil jakonean eta 19gaz aita; bestetik, Japonian egindako 27 urteko egonaldian, Hiroshimako bonbearen jazoera tristea; eta, azkenik, osasun arazoak zirala eta, bere bizitzako azken urteetan izandakoa.

Halanda be, obrea ez da bape isila izango eta sei hizkuntza entzungo dira: euskerea, gaztelania, ingelesa, alemana, japoniera eta latina.


3.- Zelan antolatu dozue espazio eszenikoa Arruperen bizitzearen pasarte desbardinak gogoratzeko?

Antzezpen-taldearen banaketea agertokian bertan egiten da. Ez da orkestra-pezoia erabilten. Obreak eduki musikala agertokian egiten dau. Orkestreak, koruak eta ikuskizunean parte hartzen daben musikariek jarduerea agertokian bertan egiten dabe.

Antolaketa horrek sortzen dituan ikuste-sentipenak eta entzute-sentipenak pisu garrantzitsua dabe ikusleagan eta bere atzean muntaia egiteak personaiaren unibersaltasun ideia indartzen dau. Halanda be, batzuetan, pasarte zehatz batzuk bakartu egin behar doguz zehatzagoak bihurtzeko.

Musika-espazioa eta drama- eta jantza-espazioa bereizteko 5x16 metroko Tul Gobelin tela grisa erabiliko da. Beste espazio eszenikoetara be moldatu daiteke.

Tela edo gaza horreek irudi proiekzinoakaz edo aurreko argiztapenagaz jolasteko aukerea eskaintzen dabe, gazak elementu opaku bihurtuz. Koloreagaz, testuagaz lan egiten da eta informau eta islatu egiten da Pedro Arruperen bizitzearen ganean proiekzinoen bidez. Nahikoa joko emoten dabe edukiak bakartzeko eta zehazteko.

Era berean, atzetik argiztatzen danean, gazak desagertu eta garden bihurtzen dira. Musikea momentuan eta arin agertzen da.

Gazek mobimentuak eskaintzen ditu, agerpenak eta desagerpenak, denporazko elipsiak, proiekzinoak eta jardun musikatuak konbinauta.

Espazio bien loturea ni neu naz, ni naz-eta musikearen eta agertokiko jazoeren arteko loturea. Agertokiko jazoeretan parte-hartze aktiboa dot.


4.- Emonaldian, antzerkia, musikea, jantzea eta hainbat erregistro buztartzen dira baina, bat aitatzekotan, esan daiteke musikea dala nagusi. Zein helburugaz?

Ikuskizun musikala Pedro Arruperen mundu sentikorra erakusten daben abestiek osotzen dabe. Desioak, lorpenak, etsipenak, itxaroteak, momentu larriak, adostasunak, desadostasunak...

Musikea da proposamen osoaren loturea, beraz, abeslaria da erabilten diran hizkuntza eszeniko guztien loturea eta personaiaren izaerea marketan dauena.

Nik neu naz abeslari narratzailea, hau da, mezularia. Atal dramatikoetan personaia bihurtzeko gai naz edota, baldintzek marketan dabenean, protagonistearen bakartasunagaz bat egiten dot.

Handel, Verdi, Bach, Sorozabal, Louis Amstrong edota Mikel Laboa artisten abestiak entzungo dira, baita neureak be.


5.- Entzute handiko hainbat musika talde izango dira.

Ikuskizunak irauten dauen denporan, 150 minutu, musikea izango da ardatz nagusia. Horretarako, besteak beste, Donostiako Orfeoia, Ludvig Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Alkarteko umeak, Raquel Urkijo sopranoa, Marife Nogales mezzo-sopranoa edota Oreka TX txalapartariak izango dira.

Tartean, arpegi ezagun asko izango dira, Pascual Molongua berbarako. Izenez, akaso, ez da horren ezaguna baina Bilboko Alde Zaharreko oinezko guztiek ezagutzen dabe haren arpegia. Ekuatore Ginean jaioa, Bilbora orain dala hogei urte baino lehenago etorri zan, musikea ikasteko asmoz. Ikasketak amaitu ondoren, kalean hasi zan bere talentua erakusten. Obran, Louis Amstrong-en azalean sartuko da Arrupe New Yorken izan zan garaia gogoan hartzeko.


6.- Ikus-entzunezko arloan, irudiek indarra izango dabe, proiekzinoen bidez. Zelan hartuko dau lekua irudiak obran?

Irudien proiekzinoa maila narratiboan eta eszenografikoan egiten da. Irudi bidez Arruperen bizitzan garrantzitsuak eta erabagigarriak izan ziran momentuen inguruko informazinoa eskaini gura da.

Bestalde, batzuetan sentsazino zehatzak edo planteamentu dramatikoak sortzen laguntzen daben testurak eta proiekzinoak erabilten dira.


7.- Antzerki eta koreografia-espazioari jagokonez, zelan buztartu dozuez jantzea eta Arruperen bizitzea?

Eszena dramatikoek ikuslea personaiaren eduki zehatz eta praktikoetara eta haren inguruko mundura hurreratzen dabe.

Jantzeak gatazkak erakusten ditu mundu sinbolikoaren bidez. Sinboloek garrantzi handia dabe Arruperen bizitzan. Batzuen ulertu ezinaren ondorioz egiten dauen barne-bidaia da koreografia proposamenek erabili daben argumentua.


8.- Koreografia horretan, Igor Yebra izango da kolaborazinorik garrantzitsuena?

Jantzearen ardatz nagusietariko bat da, bai. Igor Yebra Victor Ullateren Eskolan ikasi eban jantzari belaunaldi arrakastatsu horretakoa da, María Giménez, Tamara Rojo eta Lucía Lacarra legez, besteak beste. Lehen jantza ikasketak Bilbon, bere jaioterrian hasi zituan. Ondoren, Bilbotik joan eta aitatutako eskola horretan sartu zan. Bertan egin zituan ikasketa gehienak eta han hasi eban bere ibilbide profesionala. Eskolan sartu eta gitxira, Ullateren konpainian hasi zan, Madrileko Erkidegoko Ballet-ean. Konpainia horretan egon zan 1987tik 1996ra arte, jantzari nagusi legez. Epe horretan, errepertorio klasikoa zein lan garaikideagoak egin zituan eta jantza heziketea zabaldu eban Karemia Moreno, Lázaro Carreño, Pino Alosa eta Ángela Santos ikasleakaz. Madrileko Jantzako Erret Konserbatorio profesionalean ohorezko matrikuleagaz graduau zan.

1996. urte amaieran, nazinoarteko ibilbideari ekin eutson, bakarrik. Mundu erdiko konpainiek konbidau eben. Aterballetto, Australian Ballet, Kubako Ballet Nazionala eta Julio Bocca-ren Ballet Argentino izan ziran horreetariko batzuk. 2004an, Kremlineko Biltzar Jauregian antzeztu eban Ivan Beldurgarria oso entzutetsua izan zan. Igor Yebra izan zan jantza hori egin eban lehenengo jantzari ez errusiarra. Ganera, hainbat sari be jaso ditu. Beraz, guretzat garrantzitsua da horren maila handiko jantzariagaz lan egin ahal izatea.


9.- Emonaldia zemendiaren 14an izango da Bilboko Euskalduna Jauregian. Honezkero, sarrerak agortuta dagoz eta hori, zeozelan, arrakastearen erakusle garbia da. Aurrerantzean barriro egiteko asmorik dozue?

Produkzinoa oso gatxa dala esan daiteke, bertoko zein nazinoarteko hainbat taldek parte hartzen dabelako obran. Obra hau orain arte egin dodan sakonena izan dala autortu behar dot.

Euskalduna Jauregitik izandako erantzunagaz oso pozik gagoz eta, aurrerantzean, barriro egitea ez litzateke txarto egongo, Bilboko Aste Nagusian berbarako.


10.- Ikus-entzunezko euskarriren batean jasoko dozue?

Bai. Ikuskizuna Euskal Telebistak grabauko dau, gero emitiduteko. Ganera, grabazino hori egunen batean DVD legez argitara daiteke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu