'Zinema Euskeraz' programeak bost film estreinauko ditu datozen hileotan
2016-05-04 15:38 ZinemeaAitatu filmen artean, lehenengoa K2. Dotknąć Nieba - K2, zerua ukitzen izango da, jatorrizko bersinoan eta euskerazko azpidatziakaz estreinauko dana. Eliza Kubarska dokumentalista eta alpinisteak zuzenduta, 1986. urtean K2 mendira ibilbide gatxenetik igon guran batu ziran 9 espedizinokideen historia gogorra ekarri deusku, 13 alpinista hil baitziran uda baltza legez ezagutzen dan jazoera tristean.
Zineuskadik sustatzen dauen Zinema Euskeraz programeak bost pelikula estreinauko ditu datozen hiru hileotan, lau euskerara bikoiztutakoak eta bat euskerazko azpidatziakaz. Esangura horretan, programearen helburu nagusietako bi berretsiko dira; batetik, euskerea komunikazino kulturalerako erabiltea, eta bestetik, aisialdian euskerearen normalizazinoa bultzatzea.
Ondokoak dira estreinauko diran filmak: K2. Dotknąć Nieba - K2. Touching the sky - K2, zerua ukitzen, maiatzaren 7an; Laban, mamu txikia. A zer beldurra! bagilaren 3an; Albert, bagilaren 10ean; Phamton Boy, bagilaren 24an; eta, Zipi Zape, kapitainaren uhartea, garagarrilaren 29an.
Zineuskadi ahalegin handia egiten dago ume eta gazteentzako euskerazko pelikulak bikoizten. Horreetako batzuk, ganera, ez dabe gaztelaniazko bersinorik, berbarako, Laban eta Phamton. Gauzak holan dirala, Zineuskadik euskal hiztun diran ume eta gazteek maila handiko pelikulak ikusteko daben aukerea nabarmendu dau.
Hautatutako pelikulen harian, Laban, mamu txikia. A zer beldurra! bi eta sei urte arteko umeei zuzenduta dagoala nabarmendu behar da. Drac Magic etxeak banatuta, sensibilidade estetikoa, hezkuntza emozionala eta balio sozial zein kulturalak baloretan edo autortzen dituan lana da.
Bestalde, Zipi Zaperen lehen filma itzuli ondoren, Zipi Zape eta Kaniken kluba, bigarren filma bikoiztuta jarraipena emon gura jako anaia bikien pelikula zikloari.
K2, zerua ukitzen
Aitatu filmen artean, lehenengoa K2, zerua ukitzen izango da, jatorrizko bersinoan eta euskerazko azpidatziakaz estreinauko dana. Eliza Kubarska dokumentalista eta alpinisteak zuzenduta, 1986. urtean K2 mendira ibilbide gatxenetik igon guran batu ziran 9 espedizinokideen historia gogorra ekarri deusku, 13 alpinista hil baitziran uda baltza legez ezagutzen dan jazoera tristean.
Dokumentalak hil ziran alpinisten lau seme batu eta K2ko beheko kanpalekura eroan ditue. Bertan, euren aita edo ama dagoz lurperatuta. Espedizino arriskutsu horretan zergaitik sartu ziran ulertzen saiatuko dira, kontuan izanda euren gurasoak ume txikiak zituela eta zenbait kasutan emazteak umedun egozala.
Sari ugari jaso dituan dokumentala zapatuan, maiatzaren 7an, estreinauko da Ordiziako Herri Antzokian iluntzeko 22:15ean. Eta maiatzean zehar, Elorrion, Bilbon (Multi zinemak), Gasteizen (Florida zinemak) eta Villabonan estreinauko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!